GAUR8 - mila leiho zabalik
2 BEGIRADA:

Gaupasa etzanda

Gaueko zeruari so, Ilargiak ikuskizuna baldintzatu aurretik. (GAUR8)

Azken hilabeteak museo artean eman ostean, banuen gogoa begi-bista ortzi-mugara eraman eta, miopiari aurre egiteaz gain, nire burua apur bat kokatzeko. AEBetatik heldu zaigun estralurtarren enegarren kapituluaz haratago, Unibertsoaren ikerketan eman da aurrerapausorik azken asteetan, NASAk akats baten ondorioz, “Voyager 2” ontzi mitikoarekin komunikazioa galdu duen bitartean. Irrati-astronomiak objektu berri baten berri eman du, inoiz jaso den irrati uhin luzeenarekin, eta Natur-en jaso denez, erronka bat da neutroi-izarren gainean dugun ezagutzarekiko. Bestetik, “Astronomy & Astrophysics” aldizkariak Kanarietan egin aurkikuntza jaso du, zeinaren ondorioz materia ilundun eredu kosmologikoa zalantzan jarri den, lehen aldiz materia ilunik ez duen galaxia masibo bat (NGC 1277 galaxia-erlikia) atzeman denean. Baina esan dut nire burua kokatzeko ortzi-mugan pausatu nahi izan dudala begirada, eta hori, nola ez, gaueko zeruari begira lortu dut.

Udako gau goxoek parada ematen dutenez, begiaren ertzetik antzemandako izar iheskorrak begirada gora eraman, eta hantxe topatu ditut udako izar protagonistak: Vega, Altair eta Denebek osatu Udako Triangelutik hasita, Hartz Handiaren isatsari jarraiki, Arturo horixka elegantea, eta gauak aurrera egin ahala, baita Pleiadeak, Alderaban, eta bere bidetik, Orion handikoak ere, egunsentiarekin, gaupasa ziurtatzeko. Jakina, izar guztiok eklipsatzen, Jupiter handia, gau osoan presente, eta baita, apur bat xumeago, Saturno ere.

Teleskopioarekin ateratzeko egun aproposak utziko dizkigu abuztuak; aipatu bi planeta ikusgarriez gain, Urano eta Neptuno ere antzematen ahal baititugu plano berean. Baina esan dut begirada zerura eramateko aitzakia izar iheskor batek eman didala, eta ziur asko ez da izan zabor espazialaren ondorioz ikustera ohitu garen horietako bat, baizik eta Perseiden lehen printza bat. Izan ere, uztailaren 23tik ikusgai da izar-ozar edo “izar-euri” ezagun hau. Ordutik eta abuztuaren 22ra bitarte egongo da ikusgai gutxi gorabehera; Lurra Swift-Tuttle kometak Eguzkiaren inguruan egin 133 urteko ibilbidean utzitako hauts arrastoa zeharkatzen ari baita egunotan.

Perseidak deritzate Perseo konstelazioan (W formako Kasiopea ezagunaren ondo-ondoan) kokatzen delako ozar-izar honen erradiatzailea, baina honek ez du esan nahi bertan soilik agertzen direnik; esan nahi du zeruko edozein gunetan ikusten ahal diren izar iheskor hauek Perseotik datozela (bertatik erradiatzen direla) dirudiela, hauen norabide eta noranzkoari erreparatuz gero. Izar-iheskor hauen maiztasun maximoa abuztuaren 13ko goizaldean emango da, 3etatik 4etara; hain zuzen ere, Ilargia ortzi-mugatik atera baina tartetxo bat lehenago. Izar-ozarrak gozatzeko gakoa argi kutsadurarik ez izatea da, eta gizakiok sortzen duguna saihesten ahal badugu ere, Ilargiak ikuskizuna izorra dezake, pasa den urtean egin zuen bezala. Aurten, baina, zorteko gaude: abuztuaren lehenean bete zenetik, txikitzen ari baita bere eragina, gero eta beranduago irteten delarik. Hori bai, Euskal Herriko kostaldeko freskuran, lainoek besta izorra dezakete eta, zeruaz gozatzeko, hobe barnealdera egin! •