Emakumezkoek gizonezkoek baino gose gehiago pasatzen dute Latinoamerikan
Latinoamerikako emakumeen eta gizonen arteko arrakala herritar bakoitzak pasatzen duen gosean ere antzematen da, hau da, ahoratzen dituzten elikagaiei dagokienez. Eta senideek elikagai gutxi ahoratzearen erru eta ardura sentsazioan ere badago arrakala.
Izaki bizidun orok noizbait sumatutako sentipena da gosearena, baina “Accion contra el hambre” Gobernuz Kanpoko Erakundearen azken txostenak ("Emakumeak gosearen aurka borrokan") adierazi du, Latinoamerikan guztiek ez dutela gose bera pairatzen, eta besteak beste generoak zeharkatzen duela arrakala hori. Zenbakietara joz gero, Latinoamerika eta Karibe dira elikagaiak ahoratzeko segurtasunik ezari dagokionez emakumezkoen eta gizonezkoen artean arrakala handiena duten herrialdeak; izan ere, 11,3 puntuko aldea dago portzentajetan.
Gosea, beste behin ere, desberdintasunaren, bazterkeriaren eta indarkeriaren ondorioz sortua da, eta beraz, emakumeek pairatzen dute. Datu eta indize globalei erreparatzen badiegu, ondoriozta dezakegu emakumeak gizonezkoak baino pobreagoak direla mundu osoan zehar. Eta diru sarreren datuei erreparatzea aski izan daiteke hori ikusteko: emakumeen %27,6ak ez du diru-sarrera propiorik, eta gizonezkoetan, aldiz, %11,2aren kasua da hori.
Diru sarrera propioa izateak dakarren autonomia izan daiteke bat, baina faktore askok eragiten dute erosahalmenaren eta gosearen arteko arrakala eta desberdintasunetan. Familia egituraketa izaten da eragin handia duen elementua; izan ere, baldintzak dezente aldatzen dira guraso bakarreko familiak izan edo ez. Gurasoen lanbidearen eta diru sarreren araberakoa ere izaten da desberdintasunak sortzeko iturburua, baita haurren eskolaratzearen eta bizilekuaren araberakoa ere.
Saskia betetzen ez denean
Eguneroko elikagaien erosahalmena eguneroko buruko mina bihurtzen da Guatemalako emakumeentzat, argitaratu berri den txostenaren arabera. Emakume pobreak, landa eremukoak eta indigenak izaten dira zailtasun gehien pairatzen dutenak, horiek izaten baitira elikagaiak eskuratzeko zailtasun handienak dituztenak. Guatemalako egoerari erreparatuta, 2022az geroztik inflazioaren tasa bikoiztu egin da; hain zuzen ere, %13,2ra iritsi da inflazioa, eta horrek zuzeneko eragina izan du familien erosahalmenean. Gainera, txostenak jasotako datuen arabera, Covid19aren izurriaz geroztik, inflazioak nabarmen egin du gora.
Oinarrizko saskiaren kostua 429 eurokoa da Guatemalan (apirileko datuen arabera), eta nekazaritzakoa ez den gutxieneko soldata 394 euro eta 360 euro artekoa da. Emakumeek lan egiten duten lanbide gehienetan zein manufaktura-industrian dabiltzanen ohiko soldata 360 euro ingurukoa izaten da, eta ondorioz, zailtasun nabarmenak izaten dituzte elikagaien saskia eskuratzeko. Eta pixkanaka gero eta gehiago zorpetzeko joera handitzen da.
Baina nekazaritzan dabiltzan emakumeen kasua ere ez da hobea. Latinoamerikako emakume gehienek beraienak ez diren lurrak lantzen dituzte, alokairuaren edo maileguaren bidez maizterrarekin adostasun batera iritsiz. Horrek esan nahi du ezin dutela libreki erabaki zer eta nola ekoitzi, ez dakite hurrengo urtean berriro erein ahal izango duten, eta uztaren edo irabazien zati bat lurraren jabeari eman behar izaten diote.
Gosea sarritan elikagaiak ez sabeleratzetik sortzen omen da, eta gehienetan zuzenki lotzen zaie osasun arazoei. Txostenak emakumeen pobreziaren egoera agertzearekin batera, horrek haurrengan duen isla ere jasotzen du. Desnutrizio kronikoa duten haurren %50a emakumeek osatutako guraso bakarreko familietakoa da, hots, proiektua gauzatzerakoan ondorioztatutako datu orokorra (%32) baino askoz gehiago.
“Accion contra el hambre” erakundeak emakumezko gurasoek osatutako guraso bakarreko familiek nolako elikagaiak sabeleratzen dituzten aztertu du proiektuan. Oro har, elikadura oso pobrea izaten dutela ageri da ondorioetan, batez ere artoa bezalako zerealen kontsumoan oinarritzen dute eguneko platera, frijole, koipe eta azukrearekin lagunduz. Astean hiru bat aldiz kontsumitzen dute animalia-jatorriko proteinaren bat, eta astean behin edo bitan jaten dituzte, gehienez, barazkiak edo frutak. Datu horiei tiraka, ikertzaileek azaldu dute familien %2ak baino ez duela kontsumo onargarria, bizi baldintzak zuzenki kaltetu gabekoa.
Maria Magaly Guatemalako La Puente komunitateko nutrizionistak janariaren garrantzia azpimarratzen du; izan ere, haurren gaixotasunetan eragin zuzena eta oso handia du, bere esanetan. Elikadura orekatua eta behar adinakoa izanez gero, gaixotasun asko saihestu daitezkeela azaltzen du txostenean.
Bizirauteko estrategiak
Gaur egun, Kolonbiako biztanleen %30ak - 15,5 milioi biztanlek, alegia- ez du elikagaiak eskuratzeko bermerik; ikertzaileen arabera, pandemiak izugarrizko eragina izan du, biderkatu egin du elikagaiak eskuratzeko zailtasunak dituzten biztanleen ehunekoa.
Zailtasun horiek etxe- edo familia-unitateen arabera xehatu dituzte ikertzaileek; eta ondorioztatu dute batez ere emakumezkoek osatutako familia unitateetan falta izaten direla elikagaiak. Emakumea guraso bakarra den familietan, gora egiten du elikagaiak eskuratzeko segurtasun ezak: %43koa da, eta gizonak dauden familietan, aldiz, %27koa.
Txostena osatzeko elkarrizketatutako pertsona guztiek esan zuten, oro har, emakumezkoek hartzen dutela etxeko kontsumoaren eta elikaduraren ardura, eta behin baino gehiagotan errepikatu ziren bi adibide zehatz jaso dituzte ikertzaileek azken txostenean, elkarrizketatutako emakumeek kontatuak.
Egoerari aurre egiteko «estrategia desegokiak» hartu izana aitortu zuten gehienek, horietatik gehien errepikatu denetako bat eguneko otorduak gutxitzearena da, egunean otordu bat edo bi kendu izan dituzte. Bestetik, elkarrizketatuen %63ak onartu zuen, otordua amaitutakoan, familiak oraindik gosez jarraitzen zuela. Testigantza eman zuten emakumeek adierazi zuten horrelako aterabideak etengabe bilatzen aritu beharrak kezka, karga eta estres handia sortzen diela; eta gainera, familia behar bezala zaintzen ari ez direnaren errua ere beraiengan sumatzen dutela behin eta berriro.
Angela irakaslea
Angelaren eskolan 14 ikasle daude matrikulatuta, eta horietako bostek soilik dute eskolako jantokira sarbidea. Angelak badaki ez diela «hezkuntza jasotzea soilik bermatzen», hori baino askoz gehiago dela Puntumayoko eskolan haurrek egunero jasotzen dutena.
Talde armatu ez estatal asko egonagatik, biolentzia handiko ingurua da Puntumayo, Angela irakaslearen ustez. Horregatik, guraso batzuk haurrak eskolara ez eramatea erabakitzen dute, bidean gertatu daitekeenaren beldur. Angela ere ez da bere familiarekin bizi. Eskolako upategian bizi da, egunero ezin duelako familiarengana joan etorrian ibili; batetik, ekonomikoki ez litzatekeelako sostengagarria, eta bestetik, ezin duelako arriskatu bidean egon daitezkeen liskarrengatik eskolara ez iristea.
Egoera orokorraz gain, haur horien arazo nagusienetakoa gosea dela nabarmentzen du Angelak: «Nik nire soldatatik jartzen dut haur horien janariarentzat, ez ditut goseak utziko, bost lagunentzako janaria baldin badugu, 14 lagunentzat biderkatzen dugu, nik badakit gosaldu gabe datozela, eta etxera itzultzean ez dutela janari mokadurik dastatuko».
Angelak, ordea, une oro du barne gatazka bat: bere eskolako haurren eta familiaren arteko oreka ezin bilatua. Izan ere, bere ikasleen elikagaiak finantzatzeak eta prestatzeak bere eta ondorioz bere familiaren mantenurako diru-sarrerak kaltetzen ditu. Gordin bezain xalo kontatzen du: «Nik ez dut gosaltzen, janaria gorde egin behar delako, bazkaltzeko beti arroza eta frijoleak edo dilistak jaten ditut. Janari gehiago ere eros nezake, baina zorrak ere baditut, eta senarrarekin eta seme-alabekin bizi ez naizenez, hilero zilarra bidali behar diet, gastuak ordain ditzaten». Goseak eta gosearen arduraz bizi diren emakumeen beste adibide bat baino ez da Angela.