GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Jardina

Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA

Aukeraturiko lore, landare, belar, zuhaitz espeziez jantzitako kanpo-gune bat da jardina, lorezain edo paisajista baten buruaren eta eskuen emaitza. Proiektu bat duen natura zatia, gizakion gozamenerako. Arkitektura bat eta natura zibilizatua. Sorkuntza bat, non naturaren edertasun irudi bat eraikitzen den, gizakiaren begiradapean eraikita. Ez da nolanahiko asuntua, iruditeria horrek estetika bat adierazten duelako eta horren arabera erabakiko dugulako, adibidez, zein lore erosi (eta lore espeziearen merkatu bat sortzen da hautaketaren atzetik, beste espezie batzuen abandonuarekin batera) edota zein landare babestu (botanika gidetan agertuko direnak, eta beste batzuk ahaztuak izango dira).

Jardina, estetika bat ez ezik, gizartearen ordena eta zibilizazio ereduaren parte da. Jardinaren eraikuntzak lagundu du definitzen zer den gizakiaren natura proiektua eta zer ez. Batzuetan zaila gertatzen bada ere, desberdinketa horren arabera jardina ez dena identifikatzea; izan ere, gaur egun, jardin lurralde batean bizi gara, hiri antolakuntzaren betaurrekoekin egindakoan. Jardin zabal baten lurretan, badira beste jardin mota batzuk gainontzekotik bereizten direnak, mapan hutsune bat eginaz; bestelako aukerak izan ditzakeen lekua, normalean, txikia eta bazterretan kokatua, bestelako bizi formen habitata. Jardin mota horiek giza proiektu zibilizatorioaren kanonetatik at daude/gelditu dira, izan interes faltagatik, abandonuagatik edo bazterketagatik (ordena eremutik kanpo utziaz). Giza proiektu eraikitzailearen huts bat bezala ikus daiteke ere bai. Ihes egiten duten lur zatiez gainera, badira beste lurralde zati izaera batzuk, jardinaren utzikeria hutsuneak direnak; errepide loturek uzten dituzten hainbat gune, adibidez. Bertan bizi dira gaizki deituriko landare inbasoreak, gizakiak gaizki administraturiko jardina seinalatzen duten landareak.

Landareekin egiten ditugun ordena praktikak gizakiekin ere errepikatzen ditugu, eta zer pentsa ematen digute jardinek, adibidez, lurralde identitatearen inguruan. Lorezainen kritika entzun berri dut, udal askotan irizpide bat nagusitu dela, botanika lokalaren hautuarena klimaren krisiaren erantzun gisa, eta ebazpen akatsduna dela. Platano zuhaitza, garai bateko kuttuna eta Euskal Herriko plaza askotako itzal gune zoragarria ematen duena, egun, laidoztatua da haritzaren alde. Bertakoaren apologia honetan, bertako izendatuko dugu lorezainek garai batean landatutakoarekin bat badator (oroimen estetikoan gorde eta guretasunaren parte izateko onartu duguna) edota gure lurretan kontent bizi direnak, bertako haizeteekin, lurrarekin, uraren pHarekin, eguzki kantitatearekin, kutsadurarekin eta bestelako espezie eta intsektu eta animaliekin batera elkarbizitzen egokitu dena. Landareen munduak dio lur batean jaio eta baldintzetara egokitzen dena bertakotzat har daitekeela. Eta Mari Luz Estebanek dio azken liburuan:

noiz edo behin uste dut

ez dela herririk

ez harririk

ez etxerik

aitarenik edo amarenik