GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Karabela

Karabela bakarti bat itsasoan eta Kontxako hondartza jendez lepo. (Aritz LOIOLA - Andoni CANELLADA | FOKU)

Oihuak entzun dituzu. Garrasi bat izan da hasieran, zugandik gertu. Eta itsasoa erotu egin da jarraian: itsaspeko area barreiatzen duen oinen astindu basatia, ura erotzen duen eskuen dantza beldurtua, gorputzen egonezina, gorputzen ihesa. Eta zaratak. Zu zure lekuan geratu zara, burua ur azaletik doi bat aterata. Toldoz, toallaz eta jendez betetako hondartza bat ikusi duzu urrunean. Norbaitek oihal gorri bat jaso du mastan gora, eta itsasoa hustu egin da segidan. Zuk, zure tentakuluak ahalik eta gehien zabalduta, abuztuko eguzkiaren gozoaren menera utzi duzu zure gorputz biguna. Harik eta sare bat gertuan sumatu duzun arte. Orduan zu izan zara izutu dena.

Ez baituzu ezer ulertzen. Zure oroitzapenak ozeano zabalean galtzen dira. Uraren hara-honakoak soilik oroitzen dituzu; mugimendu horrek ekarri zintuen argira, mugimendu horrek eman dizu jaten, mugimendu horrena zara. Mugimendu hori zara. Haizeek eta mareek gidatu zaituzte. Haiek dira planktona eta arrain txikiak zure tentakulu zabaletara ekartzen dizutenak. Ur hotzarengandik urrun eraman zaituztenak. Portugaldarra zarela entzun izan duzu inoiz, baina zuk ez dakizu zertaz ari ote diren. Zuk ez duzu herrialderik ezagutzen, ur gazi epela, besterik ez. Eta ekaitzak, eguzkiak, algak, arrainak eta zure moduan itsasoarenak diren horiek guztiak. Aski zaizu horrekin.

Horregatik zabiltza ulertu nahi eta ezinean. Zer ote den hau: krema usain hau, zarata hau, betetasun hau, anabasa hau. Eta zein ote diren hauek: azala oihal koloretsuz estalita daramaten gorputz hauek, isilik egoten ez dakiten eztarri hauek, elkarrekin pilatuta bizi diren izaki hauek. Ez zara zu haien uretara etorri dena; haiek sartu dira zure uretan. Haiek dira zure mugimendua ulertu ez dutenak, marearen erritmorik jarraitu ezin eta urak taulaz, itsasontziz eta antsiaz betetzen dituztenak. Lehen ere entzun izan duzu haien berri. Munduko izakirik azkar eta arriskutsuenak omen direla, imajinatu ere egin ezin dituzun asmakizunak sortu omen dituztela, sua gobernatzeko gai direla eta hegan egiten duten metalezko hegazti batzuetan ibiltzen omen direla. Ez zenuke gezurra denik esango, baina kosta egiten zaizu egia dela sinestea. Ez dira hain azkarrak eta arriskutsuak izango zure moduko gorputz ahul eta hauskor batek beren bizitza hankaz gora jartzen badu.

Baina hobe teoriekin denbora gehiegi ez galtzea, sare bat ikusten baituzu zure atzetik. Marearen esku utzi duzu berriz zure gorputza: badakizu hark babestuko zaituela. Haserre zaude: gose zara, eromen honek zure otordua eten baitu. Haizeari itsaso sakonera bueltan eraman zaitzala eskatu diozu: badakizu han seguru zaudela, hark emango dizula jaten. Eta gogotsu zaude berriz indarrak bildu, hondartzaren batera itzuli eta mundua hankaz gora jartzeko. •