Koldo ALZOLA

Tradizioa ala madarikazioa

Asteazkenean bukatutzat eman genituen Gasteizko festak. Zeledonen igoerak amaiera eman zion astebeteko jaialdiari, Gorka Ortiz de Urbinak Zalduondoko nekazaria gorpuztu duen azkenari, hain zuzen ere. Ez naiz ni bereziki tradiziozalea, baina aitortu behar dut erromantiko samarra iruditu zaidala beti beste herri batzuetan santuak edota balentria militarren protagonistak omentzen dituzten bitartean gure jaiaren pertsonaia gorena baserritar zurrutero bat izatea. Holakoxea baita gure tradizioa. Duela berrogeita hamar urte inguruko -ez gehiago- lagun kuadrilla baten burutazioa -arlote xelebre hura irudikatzen zuen panpina kanpandorretik behera botatzea, alegia- egun tradizio bihurtu du herriak, aho batez eta errepikatuaren errepikatuaz. Oker dabiltza tradizioak «betidanik horrelakoa izan delako» tradizio direla dioten horiek, ezer ez baita betidanikoa. Usadioak noizbait sortu eta, garai berrietara egokitu ezean, desagertu egiten dira eta.

Aurten, gainera, jakin dugu Ortiz de Urbinaren aroaren atzetik, pertsonaiaren hezur-haragizko bertsioa aukeratzeko irizpideak aldatuko dituztela eta orain arteko baldintzetako bat, gizonezkoa izatea, bertan behera geratuko dela. Beste era batera esanda, hurrengo Zeledon Zeledonia izan liteke, brusen kuadrillek hala adostuko balute. Lasaitu nau egiaztatzeak iragarpenak ez duela polemika berezirik piztu hirian eta, oro har, normaltasunez hartu dela.

Esango nuke bere tradizioak berdintasunezko irizpideen arabera naturaltasunez eguneratzeko eta bilakatzeko gai den herria eredugarria dela jaietatik herritarren erdia baztertzen duten edota parada militarrak zer ospatu hoberik ez dutenen aurrean. Gutxiago falta da. Jaitsi dadila berriz Zeledonia, edo batek daki, akaso Zelequeer, eta has dadila festa! •