19 AGO. 2023 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Aukera-leiho bat badago erdi irekita Iñaki Altuna Maiatzeko zein uztaileko hauteskundeen ondoko mugimenduak bizkortu egin dira aste honetan erakundeen eraketa aldera. Nafarroan, Maria Chivite izendatu dute berriro ere lehendakari. Bigarren agintaldia du aurretik, Zurekin Nafarroa eta Geroa Bai indarrekin egindako akordioari eta EH Bilduren ordezkarien abstentzioari esker. Madrilgo Kongresuan, berriz, urrats esanguratsua egin dute bertako mahaiaren osaketarekin. Pedro Sanchez aurreko legealdian akordioak lortu zituen indarrekin adostasunera iritsi da, baita Junts Puigdemonten alderdiarekin ere. Gertaera esanguratsua, esan bezala, Junts-en beharra baitu PSOEko buruak berriro ere Espainiako Gobernuko presidente izateko. Bestela, beste behin hauteskundeak egin beharko dituzte; esanak esan, Alberto Nuñez Feijoo PPko hautagaiak ez baitu aukerarik La Moncloara iristeko beharrezkoa den gehiengoa josteko, are gutxiago, joan den ostegunean, Kongresuko bozketan, Vox-ekin ere harremana okertu dela ikusi ostean. Ultraeskuinekoek beren hautagaiari, eta ez PPkoari, eman diote boza Kongresuaren mahairako, nonbait hauteskunde ostean eremu horretan sortu den krisiari aurre egiteko nortasun propioa erakutsi nahian. Halako gehiengo bat osatzeko, espekulazio bakarra izan da Espainiako hedabideetan aurreko asteetan: Vox gobernuan ez sartzea, PPk berak bakarrik bere gain hartzea gobernua eta, horrela, EAJren bozak erakartzea. Espekulazio hutsa, jelkideek beraiek segituan argitu zutenez. Ez dela halakorik gertatutako berretsi zuten, hainbatek halakorik gerta zitekeela uste izanak zer pentsatua eman beharko balieke ere Sabin Etxean. EAJ nola ikusia den aztertzeko datu bat da. Negoziazioz, estutasunez eta txilinbueltaz beteriko asteak, egunak, baita orduak ere, dira honako hauek. Gauza batzuk lotzeko eta lortzeko tenorea. Oraintxe agerian ikusten ari garena txikirako tantoak dira neurri handi batean, partida ez baita aste honetan hasi ez eta amaituko ere. Urduritasunaren uneak ere badira. Ez da batere ohikoa, aste honetan bertan gertatu den bezala, UPNk atzera egitea. Barcinaren estiloa gogoratu besterik ez da egin behar. Iruñeko oraingo alkateak, ordea, hala egin du Gurutze Plazako parking proiektuan. Protestek atzera egitera behartu dute. Ez dakigu zehatz-mehatz haien burua indar aurrerazaletzat duten alderdiek Iruñeko Udalean maiatzaren ondotik eragin ez zuten aldaketa eragiteko nahikoa adorerik izango duten, baina bistan da Ibarrolak aukera hori baduela buruan bueltaka, eta horregatik indargabetu nahi izango duela bere kontrako polemika oro, polemika horiek -parkingena, urrutira joan gabe- PSNri urratsa egitea erraztuko lioketelako. Akaso PSNk ez du behar beste pentsatu, baina UPNk, bai: herritarrak ez lirateke harrituko. Perspektibaren beharra dago, bai atzera begiratzeko -nondik gatoz- bai aurrera begira sor daitezkeen aukerak aztertzeko -nora goazen edo, hobeto esanda, nora iritsi gaitezkeen-, txikira zein handira. Gabeziaz eta kontraesanez beterikoa izanda ere, gaur egun aukera-leiho bat badago erdi irekita. Erdi itxita, esango dute pesimistek. • Negoziazioz, estutasunez eta txilinbueltaz beteriko asteak, egunak eta orduak dira, baina partida ez da aste honetan hasi ez eta amaituko ere