GAUR8 - mila leiho zabalik

Beste Rubiales batzuk


Zaila da Rubiales eta enparauen inguruan ezer berririk esatea. Argi utzi dute futbol munduko agintarien maila zein den eta, bide batez, argi erakutsi digute gure futbola noren eskuetan dagoen. Zeren, bai, Hego Euskal Herriko futbolaren nondik norakoak jendilaje horrek erabakitzen ditu -eta UEFAko zuzendaritzan ere sartuta daudela kontuan izanda, Ipar Euskal Herrikoa ere bai, hein handi batean-.

Hori esanda, eta irakurketa orokorrago batean, bada kezkatzen nauen kontu bat. Pentsa liteke horrelako gertaeren aurrean sortzen den gizartearen erreakzioak -sare sozialetan biderkatu egiten dena- pertsona horien eta ingurukoen jarrerak aldatzeko balio beharko lukeela, baina uste dut ateratzen duten ondorioa beste bat dela: “kontuz ibili beharra daukat, gauza hauek ezin dira hedabideen aurrean egin”.

Oso argigarria da Rubiales beraren adierazpenak entzutea “barkamena eskatzeko” egin zuen bideoan, «hemen ez dugu arazorik ikusi, baina antza denez kanpoan polemika sortu dute» mezua luzatuz, eta arazoaren muina testuinguruan soilik kokatuz: «Espainiako federazioko presidenteak ezin du horrela jokatu palko batean».

Arazoa askoz sakonagoa da eta, horrelako gertaerek beharrezkotzat jotzen dugun hezkuntza lan horretan laguntzea nahi badugu, denoi dagokigu edozein jardueraren inguruan gabiltzanean, kasu honetan kirolean, izaten ditugun edo ikusten ditugun jarrera eta jokaera desegokiez hausnartzea eta aldatzen saiatzea. Bestela, eta kameraz kanpoko gure egunerokoan jokabide berdinekin jarraitzen badugu, gutxien espero dugunean, beste Rubiales batzuk azalduko zaizkigu aldamenean. •