02 SET. 2023 «BERMIU», BERRIZ ASKE Caretta Caretta espezieko itsas dortoka itsasoan da, indarrak hartu ondoren Donostiako Aquariumak «Bermiu» dortoka itsasoratu zuen aurreko astean, hiru hilabetez bere instalazioetan zaindu eta gero. Caretta Caretta espezieko itsas dortoka da, maiatz amaieran Bermeoko portutik bost itsas miliatara flotatzen aurkitu zutena, eta indarberritu ondoren, itsasoan askatu dute berriz. «Bermiu» dortokaren berrindartze prozesuan parte hartu duten erakunde desberdinetako ordezkariak, askatze ekitaldiari ekin aurretik. (Andoni CANELLADA | FOKU) Asier Aiestaran Zehazki, maiatzaren 27an hasten da istorio hunkigarri hau. Egun hartan, Plentziako Itsas Estazioko SAREUS zerbitzuak SOS Deiak-en abisua jaso zuen, kirol-arrantzako ontzi batek Bermeotik bost miliatara uretan flotatzen ari zen itsas dortoka bat jaso zuela esanez. Gorlizko egoitzara eraman zuten lehenik, eta horrelako kasuetan ohikoa den albaitaritza-zaintza egin ostean, dortoka ekainaren 7an iritsi zen Donostiako Aquariumera. Bermeon aurkitu zutenez, "Bermiu" izena jarri zioten. Une horretan 20 zentimetro neurtzen zituen eta 1,295 kilo pisatzen zituen. Aquariumeko biologoek hasieratik ikusi zuten dortokak ez zuela birika infekziorik eta igeriketa egokia zuela. Ondoren egindako odol analisietan eta ekografian ere ez zen osasun arazo larririk aurkitu. Horregatik, biologoen lan nagusia animaliari elikadura egokia ematea izan da, pisua hartzen eta indartzen joateko. Eta zer jaten dute ba itsas dortoka hauek? Menuaren oinarria antxoak, sardinak, txibiak eta karramarroak izan dira, Arantxa Garmendia biologoak zehaztu zuenez. Hidratazio egokia bermatzeko, gelatina berezi bat ere eman diote, itsaso zabalean dortokek marmokak jaten dituztelako. Arrain urdina gustura jan omen du, eskainitako elikagaiak ongi onartu ditu, nahiz eta txibiak jatea gehixeago kostatu. Bitamina batzuk ere eman dizkiote, D bitamina batez ere, eta hiru hilabetean 700 gramo inguru irabazi ditu. Azkenean, osasun egoera bikainean zegoela ikusita, bi kilo inguruko pisuarekin, Aquariumeko biologo taldeko kideek aurreko astean askatu zuten, Kontxako badiaren kanpoaldean, arrantzaleek "Pankera" deitzen dioten inguruan, kostaldetik itsas milia batera, gutxi gorabehera. «Egun oso berezia da gaurkoa Aquariumeko taldearentzat. 2000. urtean dortokak berritsasoratzen hasi ginenetik itsasora itzultzen dugun 20. dortoka da gaurkoa, eta oso pozik gaude», azaldu zuen Esther Irigaray Aquariumeko zuzendariak, komunikabideen aurrean egindako ekitaldian. Jarraipen zehatza Hala ere, istorio hau ez da oraindik amaitu. Biologoek ez dakite ziur "Bermiu" Mexikoko Golkotik edo Cabo Verde ingurutik heldu zen euskal kostaldera, eta horregatik, dortokari transmisore bat jarri diote hemendik aurrera egingo duen ibilbidea jarraitzeko. Oskol gainean ipini diote, ez omen dio inolako trabarik egiten, eta informazio horri esker espezie honen ohiturak hobeto ezagutzeko aukera izango dute. Dortoka itsasoan askatzeko unea (Andoni CANELLADA / FOKU) Jarraipen prozesuaren alderdi teknikoaz Tragsatec arduratuko da. Guillermo Lopez ordezkariak azaldu zuenez, transmisorea enpresa estatubatuar batek egin du, eta ezaugarri nagusia da lau eguzki panel dituela. Modu horretan, dortoka ur azalera irteten den bakoitzean bateria kargatu eta seinale bat bidaliko du satelite bidez, bere kokapen zehatza-ren berri emanez. Gaineratu zuenez, ezin da jakin transmisoreak zenbat denborako iraupena izango duen, hainbat faktoreren mende dagoelako: oskoletik ez askatzea, zati delikatuena den antena ez puskatzea...