02 SET. 2023 Komunera bisita Asier AIESTARAN Agian ideia originala ez da berea izango, baina nik David De Jorge sukaldariari entzun nion taberna edo jatetxe batean zer moduz jaten den antzemateko modu onena patata tortilla pintxo bat eskatzea izaten dela. Ona baldin badago, mimo pittin batekin egina, seinale ona: seguruenik sukaldetik irtengo diren gainerako jakiak ere primerakoak izango dira. Aldiz, pintxo horrekin utzikeria puntu bat sumatuz gero, agian hobe buelta bat eman eta otordurako beste lekuren bat begiratu. Erosi egin nion planteamendua, ez da batere hausnarketa aldrebesa, eta orain gutxi otu zitzaidan ea antzeko erlazioren bat aurki litekeen establezimendu baten garbitasunaren eta bertan eskaintzen diren produktuen artean. Taberna eta jatetxeetara itzuliz, ea adibidez komuna garbi egoteak sukaldeko garbitasunarekin harreman zuzena izan dezakeen, edo komuna zikin egoteak mesfidati izatera bultzatu beharko gintuzkeen nahitaez. Egia da, azken ekuazio horretan beste faktore batzuek ere garrantzia dutela; bezeroek, esaterako, irakurketa guztia desitxura dezakete -aski da zure aurretik sartu dena zikin demonio bat izatea dena aldatzeko-. Lokala zaharra edo berria den, txikia edo handia, jende asko edo gutxi dabilen... Gainera, emaitza fidagarriak ateratzeko komun asko bisitatu beharko lirateke, eta ni etxetik kanpo komunera ez joaten saiatzen den horietakoa naiz, ez parean tokatzen diren komun guztiak zapaldu behar izaten dituztenetakoa. Hori bai, bada gauza bat jasan ezin dudana: eginbeharrak egiten egon eta argi automatikoa itzaltzea. Komun barruan, ilunpean, besoak jasota mugimenduak egiten ibiltzeak sortzen duen inpotentzia baino sentsazio okerragoak gutxi egongo dira munduan. Azkenekoz opor hauetan gertatu zait, IrriSarri Landeko komunetan; eta ez, ez du bertako sukaldearekin erlaziorik. Bazkariak azkar arindu zidan haserrea. •