Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
SEXISMOAREN ERTZAK

II. Mundu Gerraren amaieraren ikono bihurtutako muxua, eskatu gabekoa

Marinelaren eta erizainaren muxua, 1945eko abuztuaren 14an Alfred Eisenstaedt argazkilariak New Yorken jasoa, II. Mundu Gerraren amaieraren ikono bihurtu da. Baina ez zen une erromantikoa izan; pozaren aparretan, soinean trago batzuk zeramatzan marinelak kalean harrapatu zuen erizaina. Ez zuten elkar ezagutzen.

Eisenstaedt argazkilariaren irudiak munduari buelta eman zion «Life» aldizkariko azala izan zenean.
Eisenstaedt argazkilariaren irudiak munduari buelta eman zion «Life» aldizkariko azala izan zenean. (Alfred EISENSTAEDT | LIFE)

Euforiaren aparretan eskatu gabe emandako muxuek zeresana eman dute azkenaldian. Munduko futbol txapelketaren amaieran Federazio espainoleko presidente Rubialesek Jenni Hermosori muxu bat paratu zion ezpainetan, bi eskuekin aurpegia eusten zion bitartean. Keinuak hautsak harrotu ditu, eta ez gutxi. Baina ez da poz neurrigabearen izenean parekoaren baimenik gabe ematen den lehen muxua.

XX. mendeko argazkirik famatuenetako batek muxu bat jasotzen du, marinel baten eta erizain baten artekoa. Alfred Eisenstaedt argazkilariak egindako irudia da, 1945eko abuztuaren 14an, New Yorkeko Times Squaren.

Egun horretan amaitu zen II. Mundu Gerra, eta jendea tropelka atera zen kalera AEBetan, gerra bukatu zela ospatzeko. Euforia kolektibo horretan, New Yorkeko kaleak ere pozik zeuden herritarrez bete ziren, eta giro horretan jaso zuen Eisenstaedt argazkilariak marinelaren eta erizainaren muxua. Argazkia “Life” aldizkariko lehen orrialdean argitaratu zen eta munduari buelta eman zion. Euforiaren, pozaren, bakearen eta maitasunaren ikono bihurtu zen irudia. San Diegon, momentua estatua bihurtu zuten eta ehunka bisitari izaten ditu urtero. Maitasunaren eta bakearen aldarriak iradokitzen ditu estatuak, baina berez argazki horren atzean dagoen istorioa ez da hain gozoa.

80ko hamarkadan “Life” aldizkariak deialdi bat egin zuen, argazkian ageri diren bi pertsonak topatu nahi zituelako. Ez zen lantegi erraza izan, ustez argazkiko protagonista ziren marinelak eta erizainak agertu baitziren han eta hemen. Baina azkenean iritsi ziren protagonistengana: George Mendonsa eta Greta Zimmer.

Muxuaren atzean dagoena

2012. urtean Lawrence Verriak liburu bat argitaratu zuen hain sonatu bihurtutako argazkiaren inguruan egin zuen ikerketan jasotakoarekin. “The Kissing Sailor: the mystery behind the photo that ended the World War II” izena du lanak.

Ikertutakoaren arabera, Marinela George Mendonsa zen, 22 urte zituen eta Itsas Armadako kidea zen. Egun hartan libre zeukan eta gerora bizitza osoan bere emaztea izango zen neskarekin hitzordu bat zuen. Trago batzuk hartzen ari zirela jakin zuten gerra amaitu zela, eta kalera atera ziren, ospatzera. Gerora Mendonsak kontatu zuenez, «gerraren amaiera ospatzen ari ginen. Nik trago batzuk neramatzan soinean... ez nekien nori heldu nion. Banekien erizain uniformea zeramala». Gerora bere emaztea izan dena han zebilen, baina ez da argazkikoa.

Ustezko erizaina Greta Zimmer zen, 21 urteko neska, berez odontologo baten laguntzaile gisa aritzen zena. Gerraren amaieraren berri entzun zuenean, bere bulegotik Times Square-ra joan zen. Zimmerrek horrela oroitzen zuen muxua: «Oso indartsua zela sentitu nuen. Estutu egiten ninduen. Berak eman zidan muxu niri, eta ez alderantziz. Ospatzen zuen norbait besterik ez zen. Ez zen erromantikoa izan».

Unea bere kamerarekin jaso zuen argazkilariaren hitzak ere esanguratsuak dira: «Times Square-n, garaipenaren egunean, marinel bat ikusi nuen kalean zehar, eskura jartzen zitzaizkion neska guzti-guztiak harrapatzen; altuak, argalak edo zaharrak izan, ez zuen bereizketarik egiten. Atzetik joan nintzen nire Leicarekin sorbalda gainetik begiratuz, baina egiten nituen hartualdietako bat bera ere ez zitzaidan gustatzen. Bat-batean, zerbait ikusi nuen, une distiratsu bat. Buelta eman eta marinelak erizain bati musu eman zion unea harrapatu nuen. Soineko ilun bat eraman izan balu, ez nintzen inoiz konturatuko. Ez zuen inoiz argazkia botako. Marinelak uniforme zuria eraman izan balu, berdin. Lau hartualdi egin nituen. Segundo gutxi izan ziren».

Muxua sonatua da eta gerraren amaieraren ikono bihurtu da. Baina urteen joanean, une horren zilegitasuna zalantzan jartzen da, ez zelako bi norabideko maitasun eta poz keinu bat izan, alde bakarreko muxu bat baizik.