Gorka Zozaia
Kimikaria
2 BEGIRADA:

Sinisten al duzu Historian?

Azalaren kolorean, momiaren antz handiagoa ei zuen Ötzik, azkenean.
Azalaren kolorean, momiaren antz handiagoa ei zuen Ötzik, azkenean. (GAUR8)

Hala bada, ziur egon zintezke gaurko egunez, duela 54 urte, hil zela Ho Chi Minh; 24 urte lehenago, Vietnam Frantziarekiko independente aldarrikatu ondoren, Japoniak Bigarren Mundu Gerran baldintzarik gabe amore ematea ofizialki sinatu zuen egun berean. Gertakari horiek irailaren 2an jazo ziren, beste hainbeste efemeride bezala, eta nola, zergatik, zertarako... gertatu ziren interpretagarria izan daitekeen arren, ez dugu inoiz entzungo «ez dut Historian sinisten» motako baieztapenik. «Ez dut Zientzian sinisten» edo «Zientzian sinetsi behar da!» motako baieztapenak, berriz, gero eta ohikoagoak dira.

Ez da fenomeno berria, baina gero eta indartsuago ageri da jendarteko esparru anitzetan, eta presente nagoenetan, gero eta ernegatuago erantzuten dut nik: eta Artean sinisten al duzu? Ba al da sinisterik Musikan? Badira Arte Garaikidea errefusatzen dutenak, eta «hori ez da Artea!» esango dute, baina inoiz ez «ez dut Artean sinisten», reggaetoia maite ez duenak «ez dut Musikan sinisten» esango ez duen bezala. Zer gertatzen da Zientziarekin? Bada, hain ulertezin bihurtu dutela, ezen gure eskuetatik ebastera heldu baitira, eta ez dugu beste erremediorik, bere izenean esaten digutena sinistea baino. Zehatzago esanda, Zientziak dioena egia dela sinistea beste biderik ez digute uzten.

Alta, Zientziak ez du egiarik esaten. Egia den bakarra da Zientziak ezin duela esan ezer egia denik. Horregatik, zientzia etengabe ari da lehenago esan dituenak gezurtatzen, egiarantz hurbiltzeko bere burua kritikatzen eta bide berriak proposatzen. Azken hilabeteko zientzia berriak dinamika honen erakusgarri dira: Batetik, Ötzi, Alpeetako momia entzutetsua, gizon zuri eta iletsutzat genuena, oso azal ilunekoa eta ziur asko burusoila, orain jakin dugunez. Bere jatorria berari buruz pentsatzen zena baino konplexuagoa da, %92an anatoliarekin lotzen baita.

Bestetik, ikertu da bizidunen azterketan zeren arabera sortzen den interes zientifikoa, ez baita noski neutroa, eta interes sozial eta ekonomikoek baldintzatzen baitute. Adibidez, espeziea bitxia izateak edo tamaina arrarokoa izateak, ekosisteman jokatzen duen rolak baino pisu handiagoa du interes zientifikoa erakartzeko orduan. Azkenik, bizitzaren jatorria argitzeko estrategia berri bat proposatu berri da orain arteko kimika prebiotikoaren eta biologia ebolutiboaren artean, zeinak elektroien garraio-katearen azterketan oinarritzea proposatzen duen.

Zientzia mugimenduan den tresna da. Jakina, menderatzaileek darabilte, sosen baitan mugitzen da, ideologiaz josita dago eta ez da errealitatea aztertzeko tresna bakarra; baina horrek ez du ukatzen bere erabilgarritasuna eta unibertsaltasuna. Urtea bete ez duen haurrak zientzia erabiltzen du eskura dituen objektuak etengabe lurrera erortzen uzten dituenean. Ez da Newton -zientzia ulertezin bilakatzen hasi zenetakoa- grabitatearen bila, ezta Einstein espazio-denboraren kurbatura neurtzen; pertsona bat da bere ingurunea ezagutzen, bertan jarduteko intentzioarekin.

Hori da zientzian funtsezkoa dena, eta ez jainko gisa tratatzen diren pertsonaia misogino eta inuzenteak, zeinak gizateriaren aurkako triskantzak biderkatu dituzten, euren jakintzaz eta eraginez, gaurkoaren moduko efemerideak uzteko. •