09 SET. 2023 { KOADERNOA } Harategian Iker BARANDIARAN Auzoko harategian txandaren zain nengoela, emakume nagusi bat etorri da merkataritza gune handitik erabat asaldatuta oliba olioa inoiz baino garestiago aurkitu duelako. Gertatzen ari dena gehiegikeria dela dio, herritarrok ari garela sufritzen eta ez duela uste hori guztia Ukrainako gerraren ondorioa denik. Jada ez duela telebista ikusten azaldu digu. Gure atarian, aldiz, pozik gaude. Guzti-guztiok pasatu ditugu abuztuan hainbat egun etxetik kanpo eta bueltatu garenean ez ditugu etxean “okupak” aurkitu. Eta, bide batez, ez gaitu inongo banketxek etxegabetu. Lanera berriro bueltatzeak dakarren nagikeria arintzeko balio izan digu nabarmen. Albisteak ikusita, ez da gutxi; pribilegiatuak gara! Bai, gerrak pil-pilean jarraitzen du; honek eta beste askok. Zer da, bada, dagoeneko mundua? Interes handiek maneiatutako gerra sorta etenik gabekoen saltsa-maltsa gordina, nolabaiteko loteria krudela. Eta, hain hurbil sentiarazi badigute ere, ohartu gara dagoeneko Ukrainakoa beste bat gehiago dela? Eta gerrak sufritzen dituztenak, ez beste batzuk baino gehiago edo gutxiago, beti kulparik ez duten inozenteak? Edo berriro sartuko gara gaitzeste hutsalen antzezpenetan, benetan erroetara joan gabe? Eta zer esan mozorrotzeko lotsarik ezta beharrik ere ez duten jendilaje sasi-militar eta faxista huts horiez? Informazioa bilatzen eta estimatzen ez den penintsula ustel honetan -bai, gu ere parte gara!- jende askok uste du milaka eta milaka ezezagunek, egun argiz, jende xehearen etxebizitzak gutxieneko deskuiduan okupatzen dituztela eta ezin dituela inork bota. Eta, hala, inork inon kontrastatu gabeko zenbaki erraldoi horien aurrean, beharrezkoa dela intentzionalitate politiko ilun, atzerakoi eta desestabilizatzaile hutsa duten matoi horien jarduna txalotzea. Baina, non eta bizi garen herri honetan, bizi izan dugun guztiarekin eta oraindik ere inpunitatez sufritzen dugun guztiarekin, gai gara sinesteko poliziak ez duela eskumen edo gaitasunik nahi duen lekura sartu eta han daudenak “haren metodoekin” aterarazteko? Eta bitartean, jabetu gara gure inguruan banketxeek, kutxek eta haien enparauek egiten dituzten etxegabetzeen kopuruaz? Mamu bihurtu dituzten okupazio horiek baino askoz gehiago dira, baina horiez ez dugu hitz egiten, horretaz ezer gutxi kontatzen digutelako. Beldurtzekoa da nola eraldatzen eta bilakatzen dizkiguten orain arte kezka ez zirenak, asmatutakoak, biderkatutakoak eta intentzionalitate osoz puzten dituztenak. Halakoa da bizi dugun eraldaketa azkarra, eta halakoa, gure agintarien maila ere. Horra hor, abuztuan, Donostia eta Bilboko alkateen adierazpenak. Bata, atsekabetuta, Easo ederra delakoan atxilotuak bai, baina askatuak izan direlako. Eta, bestea, Botxokoa, harro eta puztuta, inoiz baino atxiloketa gehiago izan direlako. Zer ereduren arabera dira pertsonen atxiloketak inorendako pozgarriak? Zer gizarte mota eraiki nahi dugu? Gizarte bat non batzuk urrezko kaioletan lasai eta eroso dauden eta besteak, benetako kaioletan? Zerbait konponduko luke horrek edo suari garra botatzea litzateke? Erroetara jotzen ez badugu, ezer gutxi konponduko dugu. Ni ere harategian ezagututako emakume nagusia bezala asaldatuta nago gauza askorekin, eta ez dut telebista ikusten, baina argi daukat kritiko izaten jarraitu behar dugula, orain inoiz baino gehiago. • Benetan beldurtzekoa da nola eraldatzen eta bilakatzen dizkiguten orain arte kezka ez zirenak, asmatutakoak, biderkatutakoak eta intentzionalitate osoz puzten dituztenak