GAUR8 - mila leiho zabalik

Nik ez daukat zalantzarik


Bihar erabakiko dira Kontxako Banderen irabazleak, eta ezin zaio bigarren jardunaldiari emozio handiagorik eskatu: emakumezkoen lehian lau ontzi daude lau segundoko tartean, bandera irabazteko aukerekin, eta gizonezkoen mailan bost traineru ditugu zazpi segundoko tartean, garaikurra bereganatzeko hautagaiak den-denak ere.

Lerro hauetan bereziki emakumezkoen traineruek urte gutxian izan duten garapen ikusgarria nabarmendu nahi nuke, kazetari bezala nahiko gertutik jarraitu dudalako. Eta era berean, Rubiales kasuak kirolaren eta kirol-kazetaritzaren miseria asko azaleratu dituen honetan, atzera begira jarrita autokritika apur bat egitea ere komeni dela uste dut.

Oroitzen naiz, esaterako, bai Kontxako Bandera bai TKE Liga selekzioka jokatzetik elkarte moduan jokatzera iragan zen garai horretan izaten genituen zalantzez. Izango al dira nahikoa emakume elkarteetan trainerua atera ahal izateko? Zenbat elkarte izango dira gai trainerua uretaratzeko? Agian Gipuzkoan bai, baina zer gertatuko da beste lekuetan? Agerikoa da, oraingoz, Gipuzkoan indar handiagoa duela arraunak, baina tokitan gelditu dira zalantza haiek. Aurtengo sailkatze estropadan Galiziako sei traineruk hartu dute parte -berez zazpi zeuden izena emanda-, Bizkaiko hiruk eta kantabriar batek.

Urte batzuk geroago, Kontxan emakumezkoen estropadan ere zortzi ontzik parte hartzea erabaki zenean, zalantzak agertu ziren berriz. Ez al da zulo handiegia egongo onenaren eta zortzigarrenaren artean? Ez al du ikuskizunak galduko? Ez al da sobera geratuko lehen txanda? Aurtengoa begiratu besterik ez dago: emakumezkoetan zortzigarren izan zen Kaiku 37 segundora dago; gizonezkoetan zortzigarren izan zen Ondarroa, 40ra. Ligan aurten izan dira zortzi ontzi estreinakoz eta ikuskizunak ez du inolako aitzakiarik izan.

Eta jada askoren ahotan dago hurrengo aldaketa: emakumezkoek gizonezkoen distantzia bera egitea. Aurrera, nik ez daukat zalantzarik. •