Juantxo EGAÑA

Espainiako armada Bilbon, 1911ko irailaren 12an

(AUTORE EZEZAGUNA. CENTRO PORTUGUES DE FOTOGRAFIA.)

1911ko irailaren 12a Bizkaian argitaratutako egunkarietako azal gordinekin esnatu zen, bezperako gertakari larrien berri ematen zutenekin. “La Gaceta del Norte”-ren titularrak «Gertakari odoltsuak Barakaldon» zioen, adibidez, Guardia Zibilaren konpainia batek meatzariz eta Labe Garaietako langilez osatutako talde baten aurka tiro egin baitzuen. Langileak Barakaldora joan ziren lan baldintza hobeak eskatzera. Prentsak jasotzen zuenez, Guardia Zibilak Barakaldoko Vilallonga plazan karga egin ondoren, toki hura «...jendez garbi geratu zen eta itxura tristearekin, lurrean gizonak eta emakume batzuk zaurituta geratu ziren...»; «...plazan, balek geldiarazi zituztenak lurrean zeuden...», «...zauritu larrienetakoa herren bat zen, tiro batez garezurra zeharkatu zioten, eta amak lurrean etzanda zegoen semearen makulua jaso zuen, negarrez semea gidatzen zuen taldearen atzetik zihoala...». Eszena lazgarri horiek eta beste batzuk kontatzen zituen zorigaiztoko egun hartako prentsak. 1911ko irailaren 11ko gauean, bilera egin ondoren, langile elkarteek greba orokorrera deitu zuten ondorengo egunerako. Artikulua ilustratzen duten irudiek -egile ezezaguna dute eta Portoko Centro Portugues de Fotografian daude- irailaren 12ko bi eszena jasotzen dituzte. Horietan, Espainiako armadako tropak Bilbo erdialdeko Geltoki kalean patruilatzen ari dira.