Beñat GAZTELUMENDI
Bertsolaria
3 BEGIRADA:

Irailak

Irailak ez dio inori itxaroten.
Irailak ez dio inori itxaroten. (Guillaume FAUVEAU)

Irailak ez dio inori itxaroten. Urtea joan eta urtea etorri, halaxe iristen da, bere puntualtasun zapaltzailez. Oraindik sandaliak eranzteko dauzkagula gizendu egiten dira egunkariak, albisteek arintasuna galtzen dute eta, mundua nagiak atera eta bere errutinaren mekanikara itzuliko da: auto ilarak hemen, autobus beteak han, ume negarrak eskola atarietan, motxila kargatuak bizkar nerabeetan, telefono deiak nonahi eta noiznahi, post-itez itotako agendak eta lo hauskorrezko gauak. Orain dela pare bat hamarkadatako irailen usaina sumatu dugu gorputzaren bazter ezkuturen batean. Ilusioa eta grina. Baina irailak gero eta elkarren antzekoago bilakatu dira urteak joan ahala; beti hutsetik hasiko ginela hitzeman genion gure buruari, baina aldiro hutsago harrapatzen gaitu irailak.

Halaxe iristen baita, aterik jo gabe etxera sartzen den bisitari baten gisa, isil-isilka. Gaua urratzen duen trumoiren bat beste seinalerik eman gabe, maletak hartu eta etxera doan turista goiztiarren bat, asko jota. Eta konturatzerako bere itxitura estuan bueltaka ibiliko gara, txarrantxaz inguratutako artaldea bezala, egutegian zuloren bat, su-eten txikiren bat noiz aurkituko esperoan. Arnasestuka ekingo diogu uda osteari, ustez indartsu, “pilak kargatuta” omen gauden aro honi, guri ere, mugikorrari bezala, norabait entxufatu eta gorputza beteko balitzaigu bezala. Baina motzegi geratu zaigu oporraldia arnasberritzeko, eta luzeegi ekaineko erritmoari jarraitzeko. Lanik txikiena ere astun gertatzen zaio herdoildutako gure garun alfertuari. Sare sozialak gabonetarako bidaietarako eskaintzaz beteko zaizkigu ohartzerako. Eta gure buruari galdetuko diogu zer zentzu ote daukan honek guztiak; zergatik abiatzen diren egutegiak urtarrilean, ikasturtea irailean hasten bada. Aspaldian urtaroen ibilia ere sumagaitza bilakatu zaigu; uda labur bat eta irail luze bat, horixe dakar gure agenda beteak.

Etengabe jarritako helburuak bete beharraren zoramenari ihes egin nahi genioke batzuetan. Munduaren martxatik erretiratu, zurrunbiloari kanpotik begiratu. Mantsoago ibili nahi genuke, erritmoa guk ezarri, baina irailak ez dio ezeri itxaroten, ezta udazkenari ere. Uda bukatzerako etortzen da, eta lagunekin gozatu gabeko kafeen eta kafearekin gozatu gabeko lagunen inbentarioa egiten dugu eguna urratu aurreko autobus-bidaietan. Datorren urtean jendea hobeto zainduko dugula hitzemango diogu elkarri, ikasturtearen ordulari presatiak ahantzarazi arren jendezkoak garela, eta harremanak, jaten eman ezean, desegin egiten direla mantso-mantso. Lehen lagun min genituenak, ohartzerako, elkarrizketa hutsal eta isiltasun deseroso bilakatzen direla. Aurten egin gabeak datorren urtean egingo ditugula zin egingo diogu gure buruari, gezurra dela jakin arren. Irailak ez dio inori itxaroten. •