GAUR8 - mila leiho zabalik

Egokitu-turu-turu-tu!


Iritsi da iraila. Udako oporrak amaitu dira, batzuentzat luzeak, beste batzuentzat, ez hain luzeak. Hasi da “malabarismoen” hilabetea, edo gehiago gustatzen bazaizue, puzzlea: etxeko-laneko-eskolako-haurren-helduen puzzlea osatzeko garaia.

Gurean, aurten, bi gurasoetako batek goizez egingo du lan eta, besteak, arratsaldez. Bi haurrak eskolan; bata haur-eskolan eta bestea, LHn. Goizetako zaintza nik, arratsaldez lan egiten baitut, baina ttikiaren haur-eskolaren egokitzapena arratsaldez hasi denez, jai eskatu beharra izan dut. Oporrak puzzlea osatzeko, bai. Ttikia, zaharrena baino astebete lehenago hasi denez, lehenengo asteetan egokitzapenak irauten duen ordubete horretan lagunekin utzi dut, kuadrillaren zaintzapean.

Astebete geroago zaharrena hasi da, ttikia oso goiz esnatzera kondenatuta, zaharrenaren ordutegira egokituz. Azken hau 08:30ean sartu eta 12:00etan ateratzen da; bestea 10:00etan, 11:00ak arte. Bata utzi eta jaso eta bestea eraman eta jaso horretan herrian bueltaka euripean denbora egiten, goiz pasa. Eta horrela egun bat eta beste bat, ez ni bakarrik, hortxe gurutzatzen gara-eta gainontzeko guraso, aiton-amon edo/eta zaintzaileekin.

Film honi soinu banda bat jartzekotan, beti datorkit bat burura: zirkuan malabarista zortzi pilotarekin dabilenean eskuz-esku... Badakizu zein musikari buruz ari naizen, ezta? Bada, horixe entzuten dut etengabe nire buru barnean egun hauetan. Hobe umorez hartzea, ezta? Horrelaxe joango da, gutxienez, irail osoa; hain zuzen ere, ttikia egokitu, zaharrena goiz eta arratsaldez hasi eta denok ordutegi bat izan arte.

Egokitzapena eta kontziliazioa. Irailean gehien entzuten ditudan bi hitz. Lehenengoa, beharrezkoa; bigarrena zientzia fikzioa!!! •