16 SET. 2023 3 BEGIRADA: Eneagrama (II): jatorria eta giza pasioak Leire Lareki Sanchez eta Eneko Mendiluze Plaza Psikopedagogoa eta psikologoa Eneagrama autobehaketarako tresnaren jatorria aztertzeko garaian, alde batetik, sinboloa eta, bestetik, bederatzi nortasun motak ezberdindu behar dira. Bi lerro hauek ibilbide propioa dute eta Eneagrama tradizio espiritualaren, erlijiosoaren eta psikologia garaikidearen konbinazioa dela esan daiteke. Eneagramaren sinboloa zirkulu baten barruan (osotasunaren irudikapena) dagoen bederatzi puntako irudia da. Punta bakoitza nortasun mota bati dagokio, haren indargune eta ahuleziekin. Bederatzi punta horiek gizakiaren batasunari, aniztasunari eta eraldaketari erreferentzia egiten diete eta bakoitzak eneatipo bat irudikatzen du. Horietatik abiatuta, binaka lotzen diren lerroak osatu eta erdiko triangelu bat (3-6-9) eta itxura hexagonaleko (1-4-2-8-5-7) irudi geometriko bat lortzen dira. Bederatzi puntako irudi hau noiz agertu zen ez dago argi. Iturburua Babilonian duela 2.500 urte kokatu da. Ondoren hiru greziar ezagunarekin erlazionatu da: Pitagoras, Platon eta Plotino. Hirurak filosofoak, matematikoak, antropologoak, metafisikoak eta abar eta abar; bederatzigarren zenbakia sakratutzat zuten, infinitutasunaren adierazpen egonkor bilakatuta. Bestalde, IV. mendean Erromatar Inperioan tradizio kristauan zeuden jakintsuek, ariketa espiritualaren kontra, gizatasunaren barne dauden indarren ikerketari ekin zioten. Zentzu horretan, giza pasioak identifikatu zituzten; kasu batzuetan zortzi, zazpi, eta beste batzuetan, bederatzi. XIX. mendean George Gurdieff mistiko armeniarrak gaur egungo Afganistan eta Pakistan arteko Hindu Kush mendilerroan Sarmoung komunitate sufi-sekretua ezagutu zuen, gizartetik aldenduta giza barrenak sakon ikertzen zituen gizataldea. “Gizon esanguratsuekin topaketak” liburuan azaldu zuen komunitatean jasotako jakintza, eta Peter Brookek Gurdieffen bizipenekin izen bereko film gomendagarria ekoiztu zuen. 1916an Gurdieffek Moskun eta San Petersburgon bederatzi puntako irudia “Egiaren Bilatzaileei” (SAT: Searchers After Truth) aurkeztu zien, Eneagrama irudi unibertsal gisa azalduta, baina bederatzi giza pasioekin erlazionatu gabe. Arreta kontzientean oinarrituta, G. Gurdieffek eta bere dizipulu P. Ouspensky-k kontzientzia esnatzeko “Laugarren Bidea” garatu zuten, norberaren ezagutzarako doktrina emankorra. Ondoren, Ichazo filosofoak, barne bidaiaren beharrezko arretari sendo helduta, Eneagrama bederatzi pasioekin uztartu zuen, nortasun bakoitzean giza pasioak sekuentzialki eta elkarreraginean kokatuz: (1)amorrua, (2)harrokeria, (3)handiustea, (4)inbidia, (5)zuhurtzia, (6)beldurra, (7)asegabetasuna, (8)lizunkeria eta (9)alferkeria. Ichazok Txileko iparraldean Arica Institutua sortu zuen eta bertan Claudio Naranjo psikiatra txiletarrak parte hartu zuen. Naranjo, ordurako, psikologia zientifikoaren erreferentzia bat zen; “Catell 16 PF” nortasun test aski ezagunaren gaztelerazko ordezkaria zen, hain zuzen. Berak Ipar Amerikako psikoterapeutak Aricako basamortura gonbidatu zituen, Ichazoren jakintzan murgil zintezen. Horrela, 1970. urtean 50 lagun inguru, Ichazorekin hamar hilabetez harreman estuan egon ondoren, haren gaitasun analitikoarekin erabat liluratu ziren, galdera gutxirekin pertsonen izaeraren nondik norakoak antzematen baitzituen. Ipar Amerikara bueltan, Kalifornian, Naranjok SAT Institutua sortu eta autoanalisirako tresna hau nabarmen garatu zuen, arlo akademikora salto garrantzitsu bat emanda eta ikerketa sakonak ahalbidetuta. 1994. urtean, Palo Altoko Standford unibertsitatearekiko harreman estuan, Eneagramaren Erakunde Internazionala (IEA) sortu zen eta geroztik, Eneagrama psikearen azterketaz gain, lan arloko hainbat arlotara hedatzen ari da, norberaren ezagutzatik haratago, talde dinamikak ezagutzeko oso baliagarria baita. •