16 SET. 2023 KARRAMARRO URDINA Mediterraneoko mamu berriak beldurra sortu du Italiako kostaldean Krustazeo hau itsasoaren jaun eta jabe bilakatu da aurtengo udan, batez ere Adriatikoan. Zenbatezinak izan dira kalteak, batez ere txirla eta muskuiluen hazleentzat. Baina konponbidea ere aurkitu dute... sukaldean. Karramarro urdin harrapatu berriak, saltzeko prest. (GETTY IMAGES) Alessandro Ruta Mamu bat dabil... Mediterraneoko uretan. Urdina da, nahiko handia, potoloa ere bai, ikasi dugu nondik datorren eta zer eragiten duen. Karramarro urdina du izena eta klima aldaketarekin batera iritsi da Europara eta bertan ugaldu da, zenbait gauza iraultzen: jatetxeetako menuak ere bai! Txikikeria dirudi, baina larrialdi bilakatu da. Hain handia, ezen Italiako Gobernuak 2,9 milioi euro bideratu dituen bere aurka borrokatzeko. «Zure aurkariak ezin badituzu menperatu, zure lagun bilaka itzazu» irizpidea nagusitu da gero. Karramarro urdinaren mehatxuari aurre egiteko bidea errezeta bihurtzea izan da. Izan ere, goxoa da gero... Harrapakaria Berez, ipuin baten protagonista dirudi karramarro urdinak, bere kolore ikusgarriarekin. Urdina, gainera, estatusa ematen duen zerbait izaten da gehienetan: hondartzetako bandera urdinek, esate baterako, kalitate gorenekoak identifikatzen dituzte. Baina karramarro honen iritsiera ez da horren ona izan, eta dibertigarria ere, batere ez. Zergatik? Harrapakaria delako, predatzailea; ahal den guztia jaten edo suntsitzen du. Krustazeo honek ez du gatiburik nahi: txirlak eta muskuiluak bere elikagairik gogokoenak dira, baina zapaburuak ere ez ditu baztertzen. Oso erasokorra da eta hortik datorkio ezizena: «Itsasoaren hiltzailea». Arrantzaleen sareak ere sufritzen ari dira, karramarro urdinaren atzaparrak oso indartsuak direlako eta zenbaitetan urratu egin dituzte. Finean, kilo inguru pisatzen du eta 25 zentimetrorainoko neurria izaten du askotan: karramarro “normala” baino dezente handiagoa da, alegia. Gauzak aldatu dira aurten, baina orain arte Ipar eta Hego Amerikako kostaldean baino ezin zen aurkitu karramarro urdina. Babestuta dago han: ezin da edonola harrapatu, soilik 14 zentimetrotik gorako luzera izanez gero. Behin hartuta, entsaladetan erabil daiteke, adibidez, osagai gisa. Ikerketa batzuen arabera, itsasontziz heldu da Amerikatik Europara, Mediterraneo aldera. Poliki-poliki lasta uretan (itsasontzi handietan pisua orekatzeko erabiltzen direnak) sartu ziren eta hor barruan ezkutuan mugitu ziren kontinente batetik bestera. Europako itsasoetan, ur beroa aurkitu dute eta gustua hartu ere bai, bikain egokitu dira-eta tenperatura horietara. Gogoan hartu behar da aurtengo udan 28,7 gradu neurtu direla Mediterraneoan, inoizko tenperaturarik altuena. Gauzak horrela, emeak ikaragarrizko abiadan erditzen ari dira; bakoitzak zortzi milioi arrautza sor ditzake. Karramarro “normalak”, aldiz, 900.000 inguru, hamar aldiz gutxiago. Eta beste arazo bat: Atlantikoan ez bezala, Mediterraneoan ez dago karramarro urdinaren aurka borrokatzeko predatzaile askorik. Adriatiko aldeko paduretan are errazagoa du karramarro urdinak bere ugalketa prozesua: hango urak ez dira sakonak, kanal asko daudelako, eta ondorioz arrisku gutxiago krustazeo honentzat. Bidea libre. Hondamena Zoritxarrez, Adriatikoko kostaldean -esaterako, Veneziako aintziraren inguruetan- txirla eta muskuilu asko hazten dituzte, Italiako %40 inguru. Hazi baino gehiago landatu egiten dituzte: aspaldiko ohitura da eta negozio handia ere bada, biak batera, batez ere Po ibaiaren ibilbidea bukatzen den lekuan, Veneziatik hegoalderantz. Po ibaiaren delta sekulako maisulana da, ingurune gisa: natura bere horretan mantentzen ahalegindu dira, ez dago ez autobiderik ez trenbiderik, bizikleta piloa ikus daitezke, turismoa ez da batere masiboa... Arraina bertan sakratua da: aingira, batez ere. Gehi txirlak eta muskuiluak: hainbat hamarkadatan, herri txiki batzuetan, familia guztien ogibidea izan da hori; oso lanbide jasangarria, gainera. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, lanik ez zenean, biztanle askorentzat aukera bakarra izan zen delta landatu eta bere fruituak hartzea. Goro, Codigoro, Rosolina, Porto Tolle edo Porto Viro (azken hiru horiek Polesine lurraldean, Italiako lekurik pobreenetakoan, nahiz eta Iparraldean egon) txirlaren hiriburu bilakatu dira, baina momentu honetan dena hankaz gora jarri zaie. Inork ez du berriro landatu nahi, karramarro urdinaren beldur. Krustazeo berria bertan dago, eta lasai-lasai agertzen da, dena jaten du eta sareak apurtzen ditu. Hala ere, harrapatzea ez da erraza. Kalteak izugarriak dira: 100 milioi euro aipatu dira aurtengo udan, baina gehiago ere izan litezke. Veneto eskualdeko lehendakari Luca Zaiak abuztuaren hasieran larrialdia aitortu zuen, ofizialki. Eman zituen datuak negargarriak ziren eta Giorgia Meloniren Gobernuak 2,9 milioi euro bideratzen erantzun zion, karramarro urdinaren aurkako «borrokarako». Bai, baina nola borrokatzen da inbasio hori? Lehenik, bideragarria da edo iragarritako inbertsioa partxe bat baino ez da? Sare sozial eta egunkarietan «zuen kabuz egin ezazue» proposamena nagusitu da. Eta akuilu gisa, helburu honekin: sukalderako arrantzatu, «oso goxoa baita». Eta egia da, bai. Jatetxeetan “risotto al granchio blu” edota karramarro urdina barnean hartzen duten entsaladak eskaintzen dituzte menuetan. Horrekin batera, salneurriak ere gora egin du, nabarmen: Veneziako Rialto zubiko arrain merkatuan -burtsa bezalakoa da-, karramarro urdinaren kiloa 3,50 eurotik 15 eurora igo da urtebetean. “Risotto”-etarako (Italiako “paella”) oso egokiak dira. Klima aldaketaren ondorio dena menuak aldarazten ari da dagoeneko. Bidean, ez dezagun ahaztu, ekosistema bat hankaz gora jarrita. Karramarro urdina, itxuraz atsegina eta zaporez goxoa, baina bertako langile eta familientzat apur bat iluna eta garratza. Ikerketa batzuen arabera, itsasontziz heldu da Amerikatik Europara, Mediterraneo aldera. Poliki-poliki lasta uretan sartu ziren eta hor barruan mugitu ziren kontinentez Krustazeo honek ez du gatiburik nahi: txirlak eta muskuiluak bere elikagairik gogokoenak dira, baina zapaburuak ere ez ditu baztertzen. Oso erasokorra da eta sareak ere kaltetzen ditu