16 SET. 2023 Parekoa irakurtzen jakin Amagoia Mujika Rubialesek bere burua defendatuko du, hortzez eta haginez, munduko txapeldun bati emandako musua baimendutakoa izan zela frogatzeko. Hori izango omen da bere defentsaren oinarria, ustez Hermosok esandako «vale» hori. Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duenez, nahiko lan dauka Rubialesek. Bi eskuekin burua nola eutsi zion ikusita, zaila dauka egoera dotoretu edo samurtuko duen hitzen bat topatzea. Guri umetan amaren izeba batek horrela eusten zigun burua musuak lapurtzeko. Eta ez, ez ziren baimenduak ezta gustukoak ere. Kexatuko ginen akaso, baina gure txikitasunean segituan ulertzen genuen izeba hark guk baino gehiago agintzen zuela familian eta alferrik esango genuela ezer. Baimenaren eta onespenaren kontuarekin nahastuta dabiltza gizonezko asko, Rubialesen kuadrillakoak denak. «Orain kontratu bat sinatu beharko al da tipa batekin ‘enroilatu’ baino lehen?». Horrelakoak esaten dituztenei orain arte nola jardun duten galdetzeko gogoa sortzen zait. Baimenik gabe? Batzuetan pentsatzen dut emakume gehienei aparteko ikastaro bat eman digutela. Umetan hasi eta koskortu arte, ikastaro trinkoa eta jarraitua, parekoaren beharrak, gogoak, nahiak... identifikatzeko, parekoa irakurtzen jakiteko. Akaso horregatik sumatzen dugu erraz samar parean dagoenak gurekin egon nahi duen edo ez, musu bat gustatuko ote zaion, gorputzak gerturatzeko baimenik ematen ote digun... Beti ez dugu asmatzen, eh! Baina gehienetan. “Ez ez da” eta “bai bai da” nahikoa barneratua daukagu. Horrek ez du esan noizbait norbait gogaitu ez dugunik, agian lehenengoan ez bigarrenean harrapatu dugulako mezua. Baina hor geratu da kontua, zimiko bat bihotzean eta buelta, «ate hori itxia zagon txikita!», esanez geure buruari. Ba hori, gizonezkoei ere eman beharko zaiela ikastaro trinko eta jarraitu hori, umetatik hasi eta koskortu arte, parekoaren beharrak, gogoak eta nahiak irakurtzen ikasteko. Onespena erraz identifikatzeko, alegia. •