16 SET. 2023 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Taberoren desira da benetan bihotz onekoa Iñaki Altuna Zer diferentzia dago PPk, Vox lagun, balizko “amnistia” legearen kontra egin izanaren eta Urkullu, PSE eta enparauak Urdaibaiko arraunlari batek kartzelak husteko desira publikoki agertzeagatik espantuka plazaratu izanaren artean? Asko, esango du zenbaitek. Eta enegarren aldiz zer den preso politiko izatea eta zer ez den ezbaian katramilatu gara. Aipatu du dagoeneko bakarren batek Mandela, eta akaso norbaitek ekarriko du gogora Bobby Sands, aho horietatik behin baino gehiagotan entzun badugu ere indarkeria erabili izanak preso politikoaren izaera ezerezten duela. Eta gobernuek esaten dutenari jaramonik egin beharko bagenio, ez da preso politikorik munduan; izan ere, gobernu orok bere lurraldean halakorik ez dela sutsuki adierazten duelako, gaizkileak eta terroristak baino ez. Larria da enegarren aldiz horrela aritzea. Larria da, alde batetik, hauteskunde giroari lotutako polemikak ere badirelako, dela Espainiako Kongresurako hauteskundeak errepikatu behar badira, dela EAEko hurrengo urteko hauteskundeei begira jeltzaleak deseroso daudelako. Larriagoa da, beste alde batetik, aldiro sortzen diren ika-mika hauetan aipatu alderdi guztiek bat egiten dutelako eztabaida marko jakin bat, marko ideologiko-kultural zehatz bat indartzeko eta egonkortzeko orduan. Adibideak erabilita ulergarriagoa izan daiteke: azken urteotan euskal presoen egoera hobetzeko neurriak hartu direnean, neurri horiek onuragarriak direla esan beharrean, Aznarrek 90eko hamarkadan preso kopuru bat hurbildu zuela erantzun ohi du batek baino gehiagok. Nonbait, euskal presoen eskubideak errespetatzea bekatua da eta, aldiz, betiko kartzela politika ankerra da harrotzeko modukoa. Arraunlariak desira positibo bat azaldu zuen: presoen gaiari behin betiko konponbidea ematea. Ez baita batere logikoa, hainbeste urteren ondoren eta hain baldintza gogorrak pasatu eta gero, kalerako bidea oraindik trabaz beterik egotea. Zer da, bada, ona? Hirugarren gradua eskuratzeko euskal preso politikoek inork baino traba gehiago edukitzea? Gaixorik egonda ere kartzelan mantendu izana? Isolamendu urteak bidegabe eta zentzurik gabe luzatu izana? Hori bada indartu nahi duten marko ideologiko-kulturala, beste behin ere Espainiako eskuinak hartuko die aurre eta jarriko du Sanchezen Gobernua estutasunetan. Beste pedagogia publiko bat behar dute Espainian beren burua ezkerrekotzat jotzen duten indarrek. Puigdemonten bozen beharrak behartuta bada ere, Kataluniarekin animatu direla dirudi, han errepresioak eragindako kalteei aurre egiteko lege baten aukera onuragarritzat jotzen hasi dira-eta. Euskal presoen gaian oraindik ikuspuntua «kartzelan ustel daitezela» bada, politikoki erreakzionarioen aurrean ez dutela zer eginik izango jakin behar dute. Egokitasun politikoa gorabehera, moralki zenbaiten hitzak Iñaki Goikoetxea arraunlariarenak baino askoz ere deitoragarriagoak izan direla ozenki esan beharra dago. Izan ere, Taberoren adierazpenak ez dira batere deitoragarriak izan, 2023. urtean kartzelak lehenbailehen hustea nahi izatea etorkizunari begiratzeko modurik zuzenena baita. Bihotz onekoa. • Porque no es nada lógico que, después de tantos años y tras unas condiciones tan duras, el camino para despedir a los internos esté todavía lleno de trabas