23 SET. 2023 Sargori dago Xabier MIKEL ERREKONDO Bero, bero sargoria dago. Klima larrialdia gainean daukagu, ez agian, ez mende erdi barru, gaur baizik, orain. Dagoeneko. Larrialdia zenbaterainokoa izaten utziko dugu, baina? Geldiezina al da dagoeneko? Nora goaz eguzki erre eta laino itxi artean, bero sargori eta euri jasa dantza erogarrian? Izaera sendokoak, egoskorrak omen gara euskaldunak. Ez nau harritu horrek orain artean, zeren eta nago baduela zer ikusia biharamunetik goizera sarritan ematen diren eguraldi aldaketa muturrekoek. Eguzkipe goritik ihintzak jotako goiz hotzetan esnatzera ohitu garenean, edo eguzkirik gabeko egun beltz itxiek, edo euri-zaparrada amaigabeek, tximista gezi suzkoek eta trumoi burrunba kolpeek jositako gortina sare itogarrien morroi hilabetez makurrarazi gaituztenean, “Euskadi Mordor” betean. Klima larrialdia geldiezina da, hemen daukagu, eta ezer ez da berdin… Euskadi ez da berdin. Vivaldik egun ez luke “Lau urtaroak” obratzarra sortuko. Gora “Euskadi Tropikala!”. Garai batean sinetsaraziko zigutenaren kontra, espiritu gaiztoek ez gaituzte egoera larri honetara ekarri, gizaki gaiztoek baizik. Abilezia naturala baitu gizakiak kalte egiteko garaian, ezina eta gabezia totalekoa, nola sakoneko konponbiderik adostu behar duenean. Izaera sendoa dugu euskaldunok, bai, eta zalantza dut ia inguruaren egoera muturrekoak umorea aldaraziko ote digun, bihurtuko ote gaituen guztiz pragmatiko. Izan ere, klima larrialdiak dakartzan kalteen eta etorkizun beltzaren aurrean, nik argi dut, egin beza euria, gogotik ere, hobe tropikala basamortu mortua baino, aukeran hobe ura eguzkia baino. Muturreko latzak datoz eta nahitaez beharko dugu izan pragmatiko klima arazo erraldoiari buelta emateko edo sikiera jada ekidinezinak diren kalteei kontrolpean eusteko. Ba ote dugu, inurritxo txikiok, nahiko indarrik behar beste neurri erradikal harrarazteko? •