Iñaki SANZ-AZKUE
Entrevista
JaviER Castro Montoya
errotarri-harrobi bilatzailea

«Aztertzen nuen eremu bakoitza errotarri-harginen historian ikertu gabeko kapitulu berri bat zen»

Javier Castro Montoya (Donostia, 1953). Kimika lizentziatua den arren, laborategian bezainbeste ordu igaro ditu mendian; gehienetan mendi-bideetatik kanpo: basopean, belardietan, iratze eta ote artean, harkaiztietan edota bere ezagutzak, esperientziak eta senak bideratzen duen tokietan barrena ibili da. Beti helburu berarekin: errotarri bila.

Nafarroako Garaioa herrian, Arpeikuko harrobian topatutako errotarria.
Nafarroako Garaioa herrian, Arpeikuko harrobian topatutako errotarria. (Javi CASTRO)

Hamabost urte daramatza bere pasioari bizia ematen eta bere biziari pasioa txertatzen.

Hego Euskal Herriko errotarri-harrobiak bilatzeari ekin zion erretiroa hartu aurretik, 2007an, eta jada ia 500 ditu aurkituak. Zenbaki borobil horrekin, urrian amaituko du ikerketa-lerroa. Kimikari ofizioaz erretiratu zen eta etnografia afizioaz hartuko du erretiroa orain. «Honaino iritsi naiz», esan du, eta utzi du trukean ondare eder bat. Ahanzturaren sasietan ezkutaturik zegoen ofizioa, errotarri-harginarenari, gizartera azaleratuz.

Kimika lizentziatu bat errotarriak bilatzen mendian? Zer dela eta?

1983an Aranzadiko bazkide egin nintzenetik ikerketan aritu naiz, batez ere landa-lana eginez. Lehenik, artzain-saroiekin hasi nintzen. Ondoren, beste zenbait elementu etnografikori heldu nion, Fermin Leizaolaren eskutik, eta gero etorri ziren errotarri-harrobiei buruzko ikerketak. Izan ere, azken gai hau ez zuen ia inork aztertu aurretik.

Zergatik errotarriak? Zerk erakarri zintuen mundu horretatik ikerketan hasteko?

Gai teknikoa da, historialarientzat nahiko ezezaguna. Bizi osoan zehar gai teknikoei buruzko ikerketa egin izan dut. Mendian, bertako errekurtsoak aprobetxatu ahal izateko ofizioetako bat baino ez da errotarri-harginena, baina hori ikertzeak bazuen erronka bat: desagertua dagoen ofizioa da. Aztertzen nuen eremu bakoitza ikertu gabeko historia horren kapitulu berri bat zen, eta bazen, era berean, betiko leku ezagunak bisitatzeko errutinatik aterako ninduen aitzakia on bat. Gugandik oso gertu paraje naturalak diruditen eremu asko daude, baina ondo begiratuta, konturatuko gara eremu horiek industria aurreko aktibitate bizi baten emaitza baino ez direla.

Zer dela eta hasi zinen errotarri-harrobiak bilatzeko proiektuarekin?

Lagun errioxar batzuek proposamen bat egin zioten Aranzadiko Etnografia Sailari 2000. urtearen inguruan. Urtero Errioxako bailara bat bisitatzeko ideia zuten eta horietako haran batzuetan, besteak beste, errotarri-harrobi batzuk erakutsi zizkiguten. Hala, 2006. urtean, halako errotarri-harrobirik ezagutzen ote nuen galdetu zidaten eta nik hainbat puntu eman nizkien. Lehenbizikoa eman niena, gogoan dut, Belateko portuan zegoen. Ondoren, haien lanari segida emateko gonbita egin zidaten, eta hala hasi nintzen, haien laguntzapean, 2010. urtera arte.

Eta 15 urteko lanaren ostean… 500 errotarri-harrobi aurkitzera iritsi zara!

Hasi nintzenean ez nuen pentsatzen horrenbeste errotarri-harrobi izango zenik Euskal Herrian. Hogei bat izatea espero nuen nik. Izan ere, aurretik, beste ikertzaile batzuek hamar bat zituzten aipatuak, eta nik horren bikoitza aurkitzea arrakastatzat hartzen nuen. 2016ko ekainerako, ordea, 100 errotarri-harrobi nituen. Orduan bakarrik ibiltzen nintzen mendian, ia laguntzailerik gabe. Lan handia egin nuen eta gaur egun pozik esan dezaket ehundik gora kolaboratzaile izan ditudala proiektuan.

Askotan entzun izan duzu jendea galdezka: «Zer egiten du errotarri batek mendian? Nork igo du honaino?»

Errotarriak mendian egiten ziren; ez ditu inork igo hara. Mendia bera zen tailerra, horiek fabrikatzen ziren lekua. Izan ere, bertan zegoen lehengaia. Harrobi bereziak dira. Aurkitzeko zailak. Nik, normalean, errotara eraman ez diren errotarri zatiak bilatzen ditut eta katalogatu. Puskaturiko errotarri horiek mendian gelditu dira harginari puskatu zitzaizkiolako egiten ari zenean, edota batzuetan, errotara bidean apurtu dira. Beste batzuetan, errotarri zatien ordez, errotarriak ateratzeko harrietan egindako markak aurkitzen dira, ikusteko oso zailak direnak.

Mendira errotarri bila joan aurretik, ordea, ikusten ez den, baina garrantzi handikoa den lana dago: dokumentu historikoak aztertzea, mapa toponimikoak… Zertan datza lan hori?

Mendira, miaketa lanak egitera ezer prestatu gabe joanez gero, ez da ia ezer aurkitzen. Mendia oso handia da. Ez dago metodologia jakinik errotarri-harrobiak non diren jakiteko, beraz, nik nirea egin dut; nirea propioa. Datu asko kontsultatu, gurutzatu, eta analisiko ordu asko sartu ostean, mapa eta ortofoto zaharrak erabiliz, artxiboetako dokumentu historikoekin, mapa geologikoekin, Lidarrarekin, bailaren eta gailur-lerroen analisi berezia eginez eta bide zaharren azterketa kontuan hartuta sortu dut neure metodologia. Arian-arian, denborarekin hobetzen joan naizen metodologia da, emaitza onak eman dizkidana. Metodologia horrekin miatu ditudan eremuen %65ean lortu dut harrobiren bat aurkitzea. Horiek guztiak, noski, ordainezinak diren orduak sartuta. Hargatik, egin dudan lanaren %95 altruista izan da. 30 errotarri-harrobi edo izango ziren diruz lagunduta aurkiturikoak.

Castro, Hondarribiko artxibo zaharrean dokumentuak arakatzen. Yoseba ALONSO

Zergatik zen horren garrantzitsua errotarri-harginaren ofizioa? Zergatik horren garrantzitsuak errotarriak?

Errotek pisu handia izan zuten garai bateko gizartean eta ezinbestekoak ziren eguneroko bizitzarako. Eta errotako pieza garrantzitsuena errotarria zen. Mendian arroka egokia bilatu eta landu egiten zen, behar zuen tamainan eta forman errotara eramateko. Errotan ehotzen ziren zerealak, artoa edo beste edozein material. Esaterako, animalientzako pentsua ere eho beharra zegoen. Errotarririk gabe ez zegoen errotarik, eta geldirik zegoen errota hondamendia zen, eta azkar konpondu beharreko arazoa, era berean. Irinik gabe ez zegoen ogirik, eta ogia ezinbesteko jakia zen. Hortik errotarrien garrantzia. Errota errotarri-harginaren menpeko bezeroa zen eta errotarri bakoitzak dirutza balio zuen. Izan ere, errotarri bakoitza egiteko pare bat asteko lana zuen harginak eta edozein arroka ez zen egokia horretarako. Udalerri batzuek ulertu dute zer garrantzia zuten eta jada diseinatu dituzte errotarri-harrobiak bisitatzeko ibilbideak. Usurbil eta Zigoitia dira horren adibide.

Zein izan da lan honek eman dizun pozik handiena?

Zalantzarik gabe, paraje ezezagunak ezagutzea eta lagundu didaten 100 kolaboratzaile baino gehiagorekin izan dudan harremana eta adiskidetasuna. Jende askok parte hartu duen proiektuaren arduraduna izan naiz. Landa-ikerketa tiraka eraman beharreko karga handiko gurdi baten modukoa da eta taldeko kide guztiek jakin behar dute zein den bakoitzaren funtzioa. Bakarrik ezingo nuen gurdi hori aurrera eraman.

Espero ez zenuen eta aurkitu izanak harrotzen zaituen aurkikuntzarik izango duzu, ezta?

Bai. Errotarriez gain, aurkitu izan ditut harrobietan bertako harginek egindako beste harlandu batzuk. Hilobien tapakiak, galtzada-harriak, hilarriak, geztera-harriak, aska txikiak, harlauzak, ateburuak eta beste harlandu mota batzuk. Baita menhirra izan daitekeena ere. Ziurtatu ahal izan dut trikuharri batzuk ez zirela altxor-bilatzaileek puskatuak izan, baizik eta harginek erabiliak izan zirela harriekin errotarriak egiteko. Bi indusketa arkeologiko ere egin ditugu 2021. eta 2022. urteetan eta harginen tresnak ere aurkitu genituen.

Zure lana, ordea, ez da soilik errotarri-harrobiak bilatzera mugatu. Artxibategi historikoak asko kontsultatzen dituzu eta horrek ere eman ditu emaitza politak…

Mendiko lana ikerketa honen oinarrietako bat baino ez da. Beste oinarri garrantzitsu bat dokumentuen analisia da. 30 urte daramatzat artxiboetako dokumentu zaharrak miatzen eta datu-base handia dut egina jada. Milaka dokumentu irakurri ditut, eta nire estatistiken arabera, testuinguru bati loturiko datu esanguratsu bat lortzeko, 10.000 orri irakurri behar dira; beraz, begien bistakoa da ordu asko sartu beharra dagoela dokumentu zaharren irakurketa lanetan. Zortea baino gehiago, ordu asko sartzea da gakoa eta aurretik eginak dauden lanen erreferentziak jarraitzea.

Egin dituzun lanen artean Jaizkibelgo errotarrien aurkikuntza ezaguna dago, GAUR8n argitaratu duguna. Zer ekarpen egin dizu lan horrek? Zein fasetan zaudete orain?

Jaizkibelgoa mendi eremua askotan miatzearen, dokumentu zahar asko irakurtzearen eta sekula amore ez ematearen fruitua izan da. 1802an “Real Academia de la Historia”-k idatzitako berri baten atzetik nenbilen 2010etik. Hark zioenaren arabera, Jaizkibel eremu ona zen eraikuntzak, harlauzak eta errotarriak egiteko harriak ateratzeko. Garrantzi gutxi ematen zitzaion aipu horri, baina nik behin baino gehiagotan bisitatu nuen Jaizkibelgo kosta errotarri bila, baina ez nuen ezer aurkitzen. Zortea izan nuen, izan ere, diziplina anitzeko ikertzaile taldea osatu genuen bertan, eta hainbat ordu sartuaz eta gure buruari galdera asko egin ostean, Hondarribian horren ezezaguna zen historia azaleratu dugu. Zazpi errotarri-harrobi aurkitu ditugu bertan. Beste batzuk geztera-harrientzako harrobiak dira; asko, harlanduak dituztenak. Artxiboko dokumentu zaharren 200.000 orri analizatu ditugu jada eta oraindik ikerketa lanetan ari gara datu berrien bila. Itxura guztien arabera, Jaizkibelgo hareharrizko errotarriak eta geztera-harriak Ameriketara eramaten ziren XVI. eta XVII. mendeetan. Orain liburu bat ateratzeko asmoa dugu. Harrobi eta ofizio ezezagun horiek garai hartan izan zuten garrantzia ezagutarazi nahi dugu.

Mutrikuko Lonja Zaharrean jarrita dagoen garabi zaharra. Javi CASTRO

Mutrikuko Udalak, Albaolarekin batera, XVIII. mendean Mutrikuko portuan zegoen garabi bat berreskuratu du zuk artxiboan aurkituriko dokumentu batzuei esker.

Mutrikuko Udalak eskatuta, Aranzadiko Etnografia Sailaren bitartez egindako ikerketa baten ondorioa izan da hori, eta horretarako Mutrikuko Udal Artxiboan eta Oñatiko Artxibo Historiko Probintzialean milaka dokumentu irakurri behar izan ditut. Hogei urte baino gehiago daramatzat Mutrikuko dokumentuak aztertzen eta Lonja Zaharreko eraikuntzan dauden zenbait aztarnak eman zidaten pista hariari tiraka hasteko. Lonja Zaharrean garai batean egon zen garabi zaharra eta arraina pisatzeko bi balantza berreskuratzea proposatu nuen. Orain beste inongo portutan ez dagoen pieza bat dute Mutrikun. Ez dago halako beste garabirik. Albaolak lan ona egin du eta eskertzekoa da Udalaren inplikazioa.

Hainbat liburu argitaratu dituzu. Horien artean, Gorbeiako errotarri-harrobiei buruzkoa. Errotarri harrobiei dagokienez, zertan da Gorbeia berezia?

Gorbeia geologia aldetik altxorra da. Batetik, arrezife faziesen kareharriak daude eta bestetik, hareharriak. Kareharriak ez dira errotarriak egiteko arroka onak, baina hareharriak bikainak dira. Ehun bat bider joango nintzen Gorbeiara errotarri-harrobi bila. Mila kilometro inguru ditut eginak han oinez, aztertzen. Hamar bat eremu katalogatu nahi nituen, eta 150 errotarri-harrobi aurkitu ditut, errotarrien 600 arrasto baino gehiagorekin. Laguntzarik gabe ezinezkoa izango zen hori guztia. 70 laguntzaile izan ditut eta horietako hiru -Esteban Etxebarria (Zigoitia), Luiso Lopez (Baranbio) eta Iñaki Garcia Uribe (Orozko)- ezinbestekoak izan dira.

Gorbeiakoak bakarrik ez dira ezagunak. Andatzako (Usurbil) errotarri-harrobiak ere bereziak dira. Zergatik ziren horren garrantzitsuak?

Andatzako lehenbiziko harrobia 2010. urtean katalogatu nuen eta orain arte 26 aurkitu ditut. Asier Agirresarobe eta Yoseba Alonso ikertzaileek lagundu didate horretan. Oso errotarri-harrobi zaharrak dira, XIV. mendearen amaieran jada aipatzen direnak. Gipuzkoako harrobi garrantzitsuenak izan ziren garai hartan. Lurralde horretako errota gehienek bertako harriak erosten zituzten. Hemendik gutxira hori guztia kontatuko duen liburua ateratzekotan gara. Eskertzekoa da Usurbilgo Udalaren inplikazioa egin dugun lanean.

Yoseba Alonsorekin ere ibili zara Euskal Herriko hainbat herriren mugak aztertzen. Eta lan horietan ari zinetela XIV. mendeko Orreaga eta Zizurkilen arteko dokumentu zahar baten erdia aurkitu zenuten…

Yoseba aditua da Gipuzkoako udalerrien mugen gaian eta errotarri-harrobien azterketan elkarrekin aritu gara lanean 2019tik hona. Asko lagundu dit. Segituan ikusi zuen gaiak garrantzia zuela eta mendiko lanetan oso ondo moldatzen da. Yoseba izan zen Orreagaren eta Zizurkilen arteko 1389ko dokumentua aurkitu zuena. Orreagako Artxiboan ibili gara hainbat aldiz dokumentuak ikertzen. Harrobien esplotazioen, mugen eta aktibitate aurreindustrial haren inguruan izandako gatazkak jorratu ditugu, batez ere. Datu asko pasatu dizkiogu elkarri eta asko gozatu dugu irteera bakoitzean.

Urrian «Errotarri» proiektua amaituko duzu. Proiektuari akabera emateko ordua iritsi da?

Gelditzen ere jakin egin behar da. Atzera begiratu, egindako guztia berrikusi eta «honaino iritsi naiz» esaten jakitea garrantzitsua da. Dena ondo sailkatua eta antolatua utzi dut etorkizunean norbaitek gaiari heldu nahiko balio.

500 errotarri-harrobi aurkitu dituzu urte hauetan eta errotarrien 2.000 arrasto baino gehiago. Zer egingo duzu datu horiekin guztiekin?

Mendiko lana bukatutzat emango dut eta orain dokumentuak begiratzen jarraituko dut hainbat artxibotan. Nire intentzioa egin dudan lana aldizkari, liburu eta hitzaldietan zabaltzea da. Hala eta guztiz ere, aurkitu ditudan datu guztiak Atlas Meulières proiektu europarraren web orrian daude sartuak.

Zer egingo dute errotarri-harrobiek Javi Castro gabe?

Aurkitu ez ditudan errotarri-harrobiak hor izango dira oraindik, goroldioz estaliak, nork aurkituko zain. Orain familiaz eta lagunez gozatzeko gogoa dut. Paseoak eman eta musiko entzun. Dokumentu zaharrak irakurri eta agian, norbaitek lanarekin jarraitu nahi balu, hari erakutsi erabili izan dudan lan-metodoa. Ez dut uste nire erretiroa asko nabarituko denik, izan ere, kontu hauek jende gutxiri interesatzen zaizkio eta gutxi horiek, gainera, beti berberak izaten dira.