07 OCT. 2023 { DATORRENA } Espekulatzaileen interes-tasa altuen aldeko apustua Isidro Esnaola Aste honetan, arreta guztia AEBetako Altxorraren bonuetan jarri da. Azken asteetan bere errendimendua etengabe hazi da. Oraindik ez da iritsi duela hamarkada bateko zorraren krisian Europako herrialdeen bonuek lortu zuten mailara, baina badator. Aste honetan, hamar urterako bonuen errendimenduak 20 puntu egin du gora, %4,6tik %4,8ra, eta igoera horrek beste herrialde batzuetako zor publikoaren errendimendua gorantz bultzatzen du. Alemaniako bund-a, adibidez, %3ra hurbiltzen ari da, eta duela urtebete bere errendimendua negatiboa zen. Ezer onik iragartzen ez duen gorakada da. Hasteko, errendimendua igotzen bada, jaulkitzaileak, hau da, Estatuak, interes gehiago ordaindu beharko ditu finantzaketa lortzeko. Horrek baliabide gutxiago utziko ditu beste gastu batzuetarako, non gizarte-politikek, gainera, gero eta handiagoa den gastu militarrarekin lehiatu beharko duten. Bigarrenik, zor publikoaren errendimendua igotzen bada, beste aktibo espekulatibo batzuetan inbertitutako dirua, burtsan adibidez, bonuen merkatura bideratuko da. Izan ere, AEBetako Standard & Poor's 500 indizeak %7,5 egin du behera uztaileko maximotik, bi hilabete eskasean. Horrela, bonuen errendimendu altuak, finantzaketa publikoa zailtzeaz gain, enpresen finantzaketa ere baldintzatzen du, eta adierazle txarrenak dituztenek askoz gehiago ordaindu beharko dute baliabideak erakartzeko. Finantzaketa garestitzeak, sarri, inbertsio-planak atzeratuko ditu; izan ere, energia berriztagarriko inbertsioak geldiarazten ari dira dagoeneko. Hirugarrenik, mundu osoko dirua AEBetara bideratuko da, aurrezkiak dituztenek beren dirua bonuetan inbertitu nahiko dute, zeinak laster %5eko interesa gaindituko duten. AEBetarako aurrezki-fluxu horrek murriztu eta garestitu egingo ditu Hegoalde globalaren ekonomia finantzaketa-aukerak. Bestalde, bonu estatubatuarretan inbertitzeko, dolarrak erosi behar dira, eta zenbat eta eskari handiagoa, orduan eta dolarren kotizazio handiagoa. Azken urtean billete berdearen balioa handitu egin da munduko ia moneta guztien aldean. Interes tasen igoeraren beste ondorioetako bat da hori. Zergatik gertatzen da errendimenduaren igoera hori orain? Ez dirudi zorra duten eragile nagusiak, Txina kasu, beren bonuak masiboki saltzen ari direlako denik. Badirudi espekulatzaileak konturatu direla inflazioa ez dela jaisten, atzeraldia ez dela iristen eta petrolioa gero eta garestiago dagoela. Beraz, interes-tasa altuek luze joko dutela eta bonuen errendimenduak igotzen jarraituko duela. Edo Rabobankeko estrategiaburu Richard McGuirek azaldu duen bezala, «mundu guztia atzeraldi bat eskatzen aritu da, baina ez du iritsi nahi». Argiago ezin da esan: munduko finantzak krisi bat eskatzen, beren etekinak salbatzeko! Jende xumearen eta espekulatzaileen interesak ezin dira elkarrengandik urrunago egon. Ekonomia errealaren krisia denbora kontua da, gerrak eragozten ez badu. Desdolarizazioaren garaian, dolarra inoiz baino indartsuago dago. Baina gero eta etekin handiagoa ordainduz lortu du, eta hori bere ahultasunaren adierazgarri da. Zisnearen kantua ote da? • Como explica el jefe de estrategia de Ankan, Richard McGu... ¡Las finanzas pidiendo una crisis para salvar sus beneficios!