ERLAUNTZ-ETXEAK, GALZORIAN SIRIAN

Mila urteko historia duten adobezko etxe kupuladunak desagertzen ari dira

Siriako iparraldean izandako exodoak hutsik utzi ditu mila urteko historia duten adobezko etxe kupuladunak. Erortzen ari dira eta ez dago inor konpontzeko. Igeltsero tradizionalak eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako ezagutzak ere galtzeko arriskuan daude. Libanon, ondare hori gordetzen saiatzen ari dira.

Erlauntz-etxeak  Umm Amuda al-Kabira herrian, Alepoko eskualdeko ekialdean.
Erlauntz-etxeak Umm Amuda al-Kabira herrian, Alepoko eskualdeko ekialdean. (AFP)

Siria iparraldean kupula dotoreak dituzten adobezko etxe tradizionalak desagertzen ari dira, bertako biztanleak exodora bultzatu dituen gerraren biktima direlarik.

«Gure herriak 3.000 eta 3.500 biztanle artean eta 200 adobezko etxe inguru zituen. Baina gerra eta terrorismoa zirela eta, biztanleek alde egin zuten», dio Mahmoud al-Mheilejek, bere herriko kolore okreko etxe abandonatuen aurrean.

Oum Amouda Kabira antzinako habitat tradizional hori duen Alepo probintziako herri bakarrenetakoa da. Eskualdea borroka askoren lekuko izan da 2012an gerra hasi zenetik, eta jihadistek kontrolatzen zuten armada erregularrak kontrola hartu aurretik.

Gerrak milioi erdi hildako utzi ditu, eta milioika siriar inguruko herrialdeetan errefuxiatuta edo beren herrialdean bertan desplazatuta daude.

«Gaur ez gara gutako 200 baino gehiago itzuli», gehitzen du eguzkiak erretako berrogeita hamar urteko aurpegia duen gizon honek. Etxe hutsetan barrena ibiltzen da, bere eta bere maiteen etxeetan barrena, pitzatzen ari diren hormak eta ia erortzen ari diren sabaiak erakutsiz.

Irakasle hau ohiko etxebizitzetatik oso gertu dagoen hormigoizko etxe batean bizi da orain, lastoarekin nahasitako lur gordinarekin eraikitako tradiziozko etxe horietatik hurbil. Material apurkor horrek mantentze erregularra jaso behar du «gutxienez bi urtean behin, haizearen eta euriaren ondorioz», iraun dezan. «Etxeak desagertzen ari dira, begira zein egoera txarrean dauden», deitoratu du bederatzi seme-alabaren aitak.

Ondoko Haqla herrian, Jamal Al Ali, estera baten gainean eserita, bere familia ugariarekin gosaltzen ari da hormigoizko etxe baten aurrean. Berak ere gogoz kontra utzi zuen bere kupuladun etxea. «Hemen jaio ginen eta hemen bizi izan gara beti (...) Buztinezko etxe hauek mila aldiz hobeak dira», azaltzen du, «neguan ona da eta udan freskoa».

«Baina ez dago ur eta elektrizitate gehiagorik. Buztinezko etxeak erortzen ari dira eta ez dago inor haiek konponduko dituenik».

Antzinako ezagutza

Gerrak eragindako exodoaren ondorioz, eskualdeak bere igeltsero tradizionalak eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako ezagutzak galdu zituen.

Issa Khodr, Libanon babesteko gerratik ihes egin zuen 58 urteko funtzionarioa, mota honetako etxeak nola eraiki dakien pertsona bakarrenetakoa da.

«Nik neuk ikasi nuen ofizio hau 14 urterekin, gure herrietan, norbaitek buztinezko etxe bat eraiki nahi zuen bakoitzean, beste biztanle guztiek laguntzen ziotelako», kontatzen dio AFPri Bekaako lautadatik, Siriako mugatik.

«Gaur egun, gerraren ondorioz, etxeak desagertzen ari dira, baita gure lanpostuak ere», dio. Bekaan biltzen dira errefuxiatu siriar gehienak, eta Libanoko gobernuz kanpoko erakunde batek, Arcencielek, bere zerbitzuak erabili zituen etxe tradizional horiek birsortzeko.

Mahmud Al-Mheilij, etxe kupuladun erori baten ondoan. (AFP)

Ezagutza teknikoa duten igeltseroen ahozko istorioetan oinarriturik, erakundeak prototipo bat eraiki du Tannayler herrian, Bekaa eskualdean. Igeltsero siriar eta libanoarrak parte hartzen ari dira, modu horretan ere formakuntza jasoz.

«Herriko arkitektura ekologikoa da, material bakarrarekin eraikia: lur gordineko adreilua, nahi den bezala birzikla daitekeena, isolatzailea eta usainak iragazten dituena», azaltzen dio Fadlallah Dagher arkitekto libanoarrak AFPri.

«Suposatzen da teknika hau Neolitoan sortu zela, duela 8.000 urte inguru, eta Siria eta Anatoliaren ipar-ekialdera zabaldu zela», gehitzen du.

Izan ere, askoz esparru zabalagoan ezagutu dira. Homs ekialdetik Alepo hegoalderaino hedatzen ziren, Raqqatik Kobane eskualderaino eta Harran eskualde turkiarreraino. Siriako basamortutik gertu ere, Shaykh Hilal bezalako herriek, Salamiyya ekialdean, ganga-formako etxeak dituzte.

Nekazariek eta bertara iritsi ziren nomada finkatuek zabaldu zituzten, baina duela ia berrogeita hamar urtetik hona, biztanleak eskualdeak uzten ari dira. Etxeak hutsik eta mantentze-lanik gabe, hondakin bihurtu dira kasu askotan, eta orain, eraikuntzari buruzko ezagutza ere desagertzeko arriskuan dago.

Kohdrek azpimarratzen duenez, «etxe horiek aldamiorik gabe eraikitzen dira, Siria iparraldean ez baitago zuhaitz askorik eta, beraz, eraikuntzarako egur gutxi». Egurrik gabeko sabaia egiteko, kupula izaten da modu egokiena.

Arkitektoaren esanetan, tailerraren helburua siriar errefuxiatuei teknika hori erakustea da, «suntsitutako herrialdera itzultzen direnean, baliabiderik gabe, euren etxeak eraiki ahal izateko».

Erlauntz-etxeak ere deitzen diete arabiar eraikuntza tradizional hauei. Kupula konikoaren azpian, tenperatura freskoa izaten da barrualdean, 20° eta 30° C artekoa, kanpoaldean 50° C-tik gora izan daitekeen bitartean.

Neguan, berriz, beroa gordetzen dute, eta, uri-garaian, forma konikoak fatxadak azkar drainatzen laguntzen du, eta ondorioz, lokatzaren higadura txikiagoa jasotzen du. Kupula bakoitzak gela bakarra dauka, eta barrutik oso ilunak dira; ez dute leihorik izaten, eta, izanez gero, tamaina txikikoak izan ohi dira.

Familia bat hobeto zaindutako etxe baten aurrean. (AFP)

Biltegirako zein egoitzarako erabiltzen dira eta isolatuta edo ondoko etxeekin konektatuta egon daitezke, konpartimentu elkartuen sare bat sortuz. Hortik, erlauntz-etxea izena. Kupulagatik, “alqubbat” izena ere jasotzen dute (hitz arabiar horretatik gaztelaniazko alkoba hitza dator).

Turkian, Kamerunen eta Italian ere antzeko eraikuntzak aurki daitezke. Turkiako Harran herriko kondaira baten arabera, errege batek etxeen gaineko zergak inposatu zituenean sortu zituzten biztanleek. Erraz eraiki eta suntsitu daitezkeelako.

Horrela, zerga biltzaileak zetozenean, berehala desagerrarazi zitzaketen, joaten zirenean berriro eraikitzeko. Gaur egun, desegiteko erraztasun hori bere zigorra eta desagertzeko arriskua ere bada.