GAUR8 - mila leiho zabalik

Distopia errealitatea da jada


Eguraldiaz hitz egiten dugunean, maiz igogailuko hizketaldietan bizilagunarekin edo ezezagun horrekin zertaz hitz egin ez dakigunean erabiltzen dugun errekurtsoa da. Nik ez dudanez igogailurik eta normalean edozertaz edozeinekin hitz egiteko arazorik ere ez, eguraldiaz hitz batzuk egin nahi nituzke gaurkoan.

Urri erdialdean gaude eta 30 gradu inguruko tenperaturak ditugu azken egunetan, asteetan. Inguruko oro, eta jendea orokorrean, pozik nabaritzen dut. Ni neu ere halaxe nagoela ezin ukatu. Nahiago dugu udako giroa negukoa baino, ezta? «Elurra gustuko dut, baina eguraldi hau ederra da», «probestu beharko dugu uda luzatze hau». Horrelakoak entzuten ditut kalean egunotan. Ados, baina uda aspaldi pasa da!! Eta San Martin egunerako hilabete falta da udaratxoa bizitzeko. Eskuetatik alde egin digu honek lagunak, eta ni benetan kezkatzen hasita nago. Kuadrillako batek bere amaren gereziondoa aurten bigarren aldiz loratzen ari dela esan zidan, udaberrian eta orain.

Aldatzen ari da orain arte ezagutzen genituen urtaroen ordena. Irudipena dut azken urteotan ez ditugula lau urtaro gure herrian, gutxinaka bi izatera igarotzen ari garela. Eta badakit ez garela aldaketa hauek pairatzen ari garen bakarrak, beste leku batzuetan are bortitzagoak direla eta ez direla gurean bezain gustukoak.

Honek gainera jada ez du atzera bueltarik, orain urte batzuk alarma gorri denak piztu zirenean ate joka genuen klima aldaketa barruraino dugu sartua. Euskal Herri tropikala jada ez da distopia bat, abestiak dioen bezala, errealitatea da. •