GAUR8 - mila leiho zabalik
12. ELKAR SKETCH

Marrazketa maratoizaleek hitzordua daukate Iruñean, urriaren 21ean

Inguruan begiz ikusitakoa eskuz marrazki batean jasotzea da «sketching»-a. Bide horretan, Elkarrek hamabigarrenez antolatu du kaleko marrazketa maratoia. Urriaren 21ean izango da hitzordua Iruñean eta adin guztietako marrazkilariek parte hartu ahal izango dute. Hiria ikusteko eta bizitzeko beste modu bat.

Irudiotan, iazko Elkar Sketch-eko edizioan jasotako unea eta aurtengo kartela. (ELKAR SKETCH)

Urtero udazkenarekin etortzen da marrazketa maratoiak maite dituztenentzat hitzordua; Elkar Sketch. Aurtengo edizioa hamabigarrena izango da eta urriaren 21erako egin dute deialdia. «Aurten ere Iruñea izango da ekitaldi honen eszenatoki, bertan marrazketarekin eta arte ederrekin zerikusia duen ilustrazioarekiko zaletasun handia dagoelako. Horregatik, aurtengoa ere, deialdi arrakastatsua izatea espero dugu», nabarmendu dute antolatzaileek.

Adin guztietako marrazketa zaleek parte hartu ahal izango dute maratoian. Aurretik eman behar da izena, www.elkarsketch.eus helbidean edo Iruñeko Elkar dendetan. Izena emateko azken eguna urriaren 18an izango da eta plazak mugatuak dira.

Marrazketa maratoia urriaren 21ean hasiko da, goizeko 9.30ean, Iruñeko Comedias kaleko Elkar liburu-dendan. Maratoian parte hartzeko materiala banatuko da bertan, 9.30 eta 11.00k bitartean izango da jasotzeko aukera. Parte-hartzaile guztiek material bera izango dute eskura: Moleskine markako koaderno konpultsatu bat, Moleskine arkatz bat, El Bosquecillo tabernan jasotzeko hamaiketakorako txartela eta Iruñeko mapa bat. Hain justu, 12.30ean daukate hitzordua jarria El Bosquecillo tabernan, taldeko argazkia ateratzeko eta hamaiketakoa egiteko.

Arratsaldeko 18.00ak bitarte izango dute parte-hartzaileek agindutako lana egiteko. Banatuko dieten Iruñeko mapa jarraituz, lau gune marraztu beharko dituzte: San Francisco Plaza, El Bosquecillo Parkea, Baluarte eta Pablo Sarasate pasealekua. Maratoiaren oinarrietan zehazten denez, «lehiakide bakoitzak lau leku hauetako bakoitzean marrazki bana egin beharko du gutxienez, baina hauez gain, hiriarekin zerikusia duten nahi adina marrazki aurkeztu ditzakete libretan: barrualdeak, kanpoaldeak, subjektuak, objektuak, eszenak...».

Teknikari dagokionez, Elkarrek lehiakide bakoitzari Moleskine koaderno eta arkatz bana emango die. Derrigorrezkoa izango da marrazkiak koaderno horretan aurkeztea, baina marrazketa teknika librea da, bakoitzak nahi dituen margoak eta materialak erabil ditzake.

Lehiaketa hiru kategoriatan banatuko da: lehena 16 urtetik gorako helduentzat; bigarrena, 10-15 urte bitartekoentzat eta, hirugarrena, 10 urtetik beherako haurrentzat.

Helduen kategorian, saria 100 euroko Elkar opari txartela eta Moleskine saria izango da. Gazteen atalean, 70 euroko Elkar opari txartela eta Moleskine saria. Eta haurretan, 50 euroko Elkar opari txartela eta Moleskine saria.

Parte-hartzaileek Moleskine koadernoan jasotako irudien eskubideak Elkarrenak izango dira. Hala ere, lehiaketa bukatu eta bi hilabetera marrazkilariak bere koadernoa jaso ahal izango du Elkar liburu-denda batean.