Urtzi URRUTIKOETXEA
AEB-ETAKO AUZITEGI GORENA

Aspaldiko epaile talde eskuindarrenak sakoneko gaien azterketari ekingo dio

AEBetako Auzitegi Gorenak lan-urte berri bati ekin dio. Esku artean dituen kasuak zehaztu eta besteren bati lekua egingo dio epaile taldeak, ia ehun urtean egon den eskuindarrenak, Donald Trumpen agintaldian egindako izendapenen ondorio. Aurreikuspenak ilunak dira; neurri erreakzionarioak eta oinarrizko eskubideen kamustea.

Behean, Auzitegi Gorena, Washingtonen. Bertan hartzen diren erabakiek eragin zuzena daukate AEBetako herritarrengan.
Behean, Auzitegi Gorena, Washingtonen. Bertan hartzen diren erabakiek eragin zuzena daukate AEBetako herritarrengan. (Mandel NGAN | AFP)

AEBetako Auzitegi Gorenak lan-urte berri bati ekin dio, esku artean dituzten kasuak zehaztuz eta besteren bati lekua eginez. Ia ehun urtean egon den epaile-talderik eskuindarrenak osatzen du Gorena gaur egun, Donald Trumpen agintaldian egindako izendapenen ondorio. Haien eskutik iritsi da, esate baterako, abortu-eskubidearen babes konstituzionala galtzea, eta baita beste hainbat neurri erreakzionario ere. Hori aski ez, eta zenbait epaile eskuindar polemika-iturri izan dira, gero epaitu behar zituzten kasuetan zerikusia zuten milioidunek oso opari garestiak egiteagatik, besteak beste.

Auzitegi Gorenaren lan-urtea urritik uztailera bitartekoa da. Lehen asteotan hamahiru kasu dituzte mahai gainean, eta beste 20 ere badituzte karpetan. Gerta liteke kasu horietakoren bat kanpoan geratzea, edo auzi berriren bat sartzea; otsailerako finkatu ohi da landu beharreko gaien zerrenda. Baina une honetan bertan esku artean dituzten auziak aski esanguratsuak dira herrialdeak bizi duen polarizazio-egoera ulertzeko, baita oinarrizko eskubideetako batzuek zer nolako arriskua daukaten agerian uzteko ere.

Goreneko epaileek berrikusi dituzten auzietako batzuek zerikusia dute herrialdeko etengabeko eztabaidekin, hala nola armak izateko eskubidea, gobernuaren boterea, arrazismoa eta adierazpen askatasuna. Instituzioa bera jende askoren jomugan dago, inoizko sinesgarritasun txikienarekin, herritarren %41aren babesa baino ez baitauka, inkesten arabera. Joe Biden AEBetako presidenteak berak urte judiziala amaitzean salatu zuenez, «historia hurbileko beste edozein auzitegik baino gehiago egin du oinarrizko eskubideak eta oinarrizko erabakiak deuseztatzeko».

Azken lan-saioetako prozedurek are gehiago sakondu dute iritzi negatibo hori. Izan ere, botere izugarria daukan erakundea da, eta bertan dauden kideak bizi osorako daude, beren borondatez erretiroa hartu ezean. Duela ehun urte, AEBetako Kongresuak lege berezia onartu zuen, Gorenaren lan-karga murrizteko: bertaraino iristen ziren helegite guztiak onartu beharrean, Auzitegiak berak erabaki zezan zein kasu onartzen zituen. «Bere horretan, erabateko mugimendua izan zen. Epaileei ia erabateko diskrezioa ematen zitzaien espedienteen aurrean, eta horrek Gorena aldatzen eta indartzen lagundu zuen», esan du “New York Times”-eko Adam Liptakek.

Baina ia ehun urteren ostean, Auzitegiko epaileak urrats bat haratago joan dira: iristen zaizkien kasuetatik zein onartu eta zein ez hautatzeaz gain, auzi horietako zein galderari erantzun nahi dioten ere erabakitzen hasi dira berriki. «Auzitegi Gorenak kasuak ebazten dituela diogu, baina hori ez da zuzena. Galdera zehatzak aukeratzen ditu erantzuteko, sarritan alderdiek proposatutakoen artean aukeratuz edo bere kabuz idatziz». Eta horrek, botere judiziala asko hurbiltzen du legegilera, politika zehatzei buruz erantzuten baitute.

Azkenaldiko epai ezagunena da horren adibide: Dobbs. 2022ko ebazpen hark Roe indargabetu zuen, hau da, herritarren pribatutasun-eskubidea oinarri hartuta 1973tik indarrean egon zen abortuari buruzko babes konstituzionala. Baina Auzitegi Gorenak kasua ontzat eman zuenean, mahai gainean jarri ziren galderetako bakarrari heldu zioten, hain justu ere ia 50 urtez indarrean egon zen eskubide orokorra desegiteko balio zuenari. «Nahiz eta auzitegiak bazituen auzia ebazteko bide alternatibo batzuk, halako eztabaida eta zalapartarik sortu gabe, epaileek berariaz kendu zituzten alternatiba horiek beren irakurketatik», gogorarazi zuen Benjamin B. Johnson Zuzenbide Irakasleak berriki.

Azkenaldiko beste kasu polemiko bat, webgune batzuk diseinatzen zituen pertsona bati buruzkoa izan zen. Ezkontzera zihoan bikote homosexual bati diseinua ukatu zion, bere sinesmen kristauen aurka zihoala argudiatuta. Coloradoko legeak debekatu egiten du sexu-orientazioan oinarritutako bazterketa, baina, horren aurrean, diseinatzailearen adierazpen-askatasuna zegoela argudiatzen zuten haren aldekoek. Coloradoko legeak eta diseinatzaileak bere erlijioa adierazteko zuen eskubideak talka egiten zutela izan zen Gorenari egindako galdera bat, baina epaileek hori baztertu eta adierazpen-askatasunari buruzkoa baino ez zuten onartu.

Aurrekari horien ostean, berriz ere cherry-picking edo interesatzen zaizkien gaiak ez ezik, gai horietako galderak ere nahieran hautatu izana leporatzen diete Auzitegi Goreneko epaileei lan-urte berri honetan. Eta litekeena da horrek ondorioak izatea mahai gainean dituzten gaiei buruz. Besteak beste, sektore kontserbadoreen zein eskuineko libertarioen bultzadari bide ematea, Gobernuaren esku-hartzea mugatuz eta herritarren babeserako eratutako agentziak indargabetuz edo haien lana mugatuz. Hauek dira gai horietako batzuk:

Haurdunaldia eteten den kasuen erdian baino gehiagotan Mifepristone botika erabiltzen da. Gorenak erabilera hori trabatu dezake. GETTY IMAGES

Abortua eta pilulak

Oraindik epaileen auzibide onartuen artean ez dagoen auzibide batek dauka arretarik handiena. 2022an abortuari buruz erabakitakoaren ondorioz, gaur egun haurdunaldiak eteten diren kasuen erdietan baino gehiagotan erabiltzen den pilula bat eskuragarri den ala ez ebatziko duten aukeratu behar dute. Mifepristona botikari buruzko auzia eskuetan hartzea erabakiz gero, Auzitegi Gorenaren onarpenak berak erabateko arreta piztuko du, azken ebazpena baino dezente lehenago.

Aurtengo apirilean Donald Trump presidente ohiak izendatutako Texasko epaile ultra bat aborturako pilula legez kanpo uzten saiatu zenetik, argi samar geratu zen gaia Washingtoneraino iritsiko zela. Erabateko nahasmen eta tentsio uneak izan ziren, eta argi geratu zen AEBetako kristau integristen programan ez direla konformatzen 2022an Dobbs-ekin lortutakoarekin, babes konstituzionala kenduz eta estatuen erdiek abortua debekatu edo nabarmen murriztuz. Agendan are oztopo gehiago dauzkate sektore horiek, udaberrian Mifepristonaren erabakien inguruan egondako nahasmenak agerian utzi zuen legez: Texasko debekua, AEBetako helegitea, auzitegiek debekua kentzea baina Mifepristonari buruzko neurriak zorroztea (besteak beste, posta bidezko bidalketa galaraziz, hau da, gehien behar duten emakumeei -abortua debekatuta dagoen estatuetan, hirietatik eta kliniketatik urrun bizi direnei- bereziki eraginez). Azkenean, Gorenak ordura arte bezala utzi zuen gaia, azken erabaki bat iritsi artean.

Gorenak kasua onartzen baldin badu, litekeena da ebazpen hori lan-urtearen amaieran iristea, ekain inguruan. Hau da, 2024ko hauteskunde presidentzialak baino hilabete batzuk lehenago. Iaz, demokraten porrota eta errepublikanoen garaipen handia iragartzen zuten inkestek, eta ez zen halakorik gertatu. Adituen iritziz, abortu-eskubideari buruzko Gorenaren erabakiak nabarmen eragin zuen demokraten aldeko botoa aktibatzeko.

Opioideen krisia

AEBetako Gobernuaren Justizia Sailak OxyContin botika egiten duen Purdue Pharma ekoizlearen bankarrota akordioa blokeatu nahi du. Opiazeoen krisiarekin diharduen botika-egileak milaka auzibide-salaketa jaso ditu. Bankarrota prozedura geldiarazi egin zuen Auzitegi Gorenak abuztuan, azken ebazpen bat argitaratu artean.

Auziaren sakonean dagoena ezaguna da: Sackler familia Purdue Pharma farmaziaren bidez aberastu zen, OxyContin opioidea luze-zabal preskribituz eta salduz, eta botika horrek daukan izaera adiktiboa ezkutatuz. Bidean, herrialdeak bizi duen epidemiarik larrienetakoa sortu zuten, ehunka mila lagun hil baititu. Auzitegietatik 2007an iritsi zitzaion enpresari lehen zigorra, baina apustua are gehiago igo zuten: salmentak areagotzera jo zuten, eta era berean, konpainia diruz hustera, familiako kideen patriketara bideratuz. 2019rako dozenaka auzibide zituzten irekita, baina enpresaren mozkinak poltsikoratuta, bankarrota deitu zuten. Hala, 6.000 dolarreko kalte-ordainak adostu zituzten, baldin eta trukean, etorkizunean opioideei buruzko beste auzibiderik ez izatekotan. Baina Justizia sailak dio bankarrota-akordioak ezin duela etorkizuneko auzibideei eta erantzukizunei buruzko hitzarmenik jaso. Zehazki, AEBetako fiskal nagusiak dio, adostutako plana betetzen bada, «bide-orri bat» utziko duela «enpresa zein norbanako aberatsentzat, bankarrotaren sistema desitxuratu eta erantzukizun masiborik ez izateko».

Armak eramateko eskubidea

Konstituzioaren bigarren emendakina (herritarrek armak eramateko eskubidea babesten duena) aztertuko dute azaroaren 7an. “US vs Rahimi” kasuak auzitan jartzen du konstituzionala ote den armak eramateko debeku federala indarkeria matxistagatik urruntze agindua dutenentzat.

2020an dauka jatorria kasuak: Texasen, Zackey Rahimi izeneko gizonezkoa salatu zuen neska-lagun ohiak, eta urruntze-agindua ezarri zioten; debekatuta zeukan emakumearengana eta haren haurrarengana hurbiltzea eta armak edukitzea. Bestelako delitu batean lanean ari ziren agenteek Rahimiren etxera sartu eta miaketa egin zutenean, baina, errifle bat eta pistola bat aurkitu zizkioten. Hala, legez kanpo armak izateagatik zigortu zuten, gizabanakoei su-armak edukitzea debekatzen dien legearen arabera; «debekua dute baldin eta lagun min bat jazartzea edo mehatxatzea galarazten dien agindu judizial baten mende badaude». Gizonak helegitea jarri zuen, baita irabazi ere.

Gaiak mahai gainean jarriko du 2022an Gorenak ezarritako aurrekaria. Orduko hartan, etxetik kanpo armak eramateko eskubidea are gehiago malgutu zuen Auzitegiak. Bidenen administrazioak argudiatu zuenez, «gobernuek aspalditik kendu dizkiete armak beste batzuk arriskuan jartzen dituztenei». Rahimiren abokatuek argudiatu dute, baina, iazko helegite auzitegiak hartutako erabakia -armak debekatzea ez zela zilegi, alegia- Auzitegi Gorenak 2022an ezarritakoa aplikatzea baino ez dela.

Donald Trumpek herentzian utzi ditu Auzitegi Gorenean inoizko epaile eskuindarrenak. Brendan SMIALOWSKI | AFP

Boto-eskubidea eta arrazismoa

Hego Carolinako legebiltzarrak kongresurako hauteskunde-mapa berria egin zuenean, beltzak nagusi diren barrutien mugak aldarazi zituzten. Helburua: demokratak gailenduko diren barruti bakarrean biltzea gehienak, eta gainerakoak errepublikanoek irabazteko errazago geratzea (gerrymandering deitzen zaio, mapak zure intereserako aldaraztea). Eskubide zibilen erakundeek (NAACP eta ACLU, kasu) gaia auzitara eraman eta irabazi egin zuten, baina estatuak Goreneraino ekartzea lortu du. Gehiengo eskuindarra nagusi izan arren, eta historikoki boto-emaileek abiarazitako auzibideen aurka egin arren gehienetan, joan den ekainean Alabamako salaketa baten alde egin baitzuten, gerrymandering praktikaren aurka. Oraingoa kasu zabalagoa da, eta motibazioak desberdinak, baina ondorioak antzeko praktikak gertatu diren beste dozena bat estatutara zabal litezke, eta baliteke 2024ko hauteskundeetan ere eragina izatea.

Sare sozialak

Sare sozialak eta AEBetako konstituzioaren Lehen Emendakina/Zuzenketa (adierazpen askatasunari dagokiona) lan-urte honetako beste gai garrantzitsu bat izango da. Epaileek onartu egin dute estatu gorriek (errepublikanoek) ezarritako helegitea, sare sozialetako enpresek ez dezaten erabiltzaileak debekatzerik izan. Zehazki, errepublikanoek gobernatzen dituzten Texas eta Florida estatuek konpainia teknologikoen aurka jo zuten, Facebook eta Google bezalakoek erabiltzaileen iritziak blokeatzen zituztela argudiatuta. 2020ko hauteskundeetako emaitzak zalantzan jartzen zituzten, eta, bestelako gai batzuetan konspirazio-ideiak zituzten eskuineko jarraitzaileen adierazpenak zentsuratzen zirela ulertuta, erabiltzaileak blokeatzea debekatzen zuten legeak onartu zituzten bi estatu errepublikanoek. Teknologia-konpainiek, baina, ez zituzten legeok onartu, eta helegitea jarri zuten, arau horiek enpresen adierazpen-askatasuna urratzen zutelakoan. AEBtako Auzitegi Gorenak kasua onartu zuen irail amaieran, eta arretarik handienetakoa piztu duen gaietako bat da.

Kontsumitzaileen babesa

2008ko munduko finantza krisiaren ondoren, gehiegizko maileguak eragozteko sortu zuen Kongresuak Kontsumitzaileen Finantza-Babeserako Bulegoa (CFPB ingelesez), Obamaren agintaldian. Horren ondorioz, hamarkada batean 12 mila milioi dolar berreskuratu dituzte herritarrek zorpetze-erakundeetatik. Baina errepublikano asko agentziaren aurka agertu dira hasieratik, bankuei eta bestelako mailegu-emaileei botere eta zama handiegia eta gehiegizko izapide burokratikoak ematen dizkiela argudiatuta. 2020an agentziaren lana mugatzea lortu zuten epaileen eskutik, baina auzibide gehiago irekitzen jarraitu zuten, Gorenera iritsi eta agentzia erabat hondoratzeko asmoz. Izan ere, 2010ean gehiengoa zeukaten demokratek, eta haiek diseinatutako akordio bati jarraiki, CFPB ez dago Kongresuak onartutako aurrekontuen mende. Aitzitik, bermatuta dauka urtero AEBetako Erreserba Federaletik dirua jasotzea. Goreneko epaileek mahai gainean duten auzibideak finantzaketa-egitura horri aurre egiten dio, eta diru-funtsik gabe utz dezake agentziaren diru-kutxak. Hala balitz, indarrean diren finantza-arauetako batzuk kolokan gera litezke. Ondorioak oso larriak izan litezkeela salatu dute agentziaren aldekoek: berriz ere 2008koa bezalako krisirik gerta ez dadin, eta ohartarazi dute hura gabe ere, finantza-babes gutxiagorekin geratuko dira kontsumitzaileak. Hala, mailegu-emaileen eta zorren kobratzaileen jokabide engainagarri eta abusuzkoen aurrean baliabide gutxiago izango lituzkete kontsumitzaileek. Herritar txiroenei eragingo lieke batez ere, gutxiengo beltz, latino eta baztertutako herritarrak babesgabe utziz.