GAUR8 - mila leiho zabalik

Titia


Besta batean, pinak min egiten zidalako ohartu nintzen ezkerreko bularra hazten hasia zitzaidala. Oraindik senti dezaket titiburu ttiki horren taupada, orratzak zulatutako kamisetapean. Baita, handik urte batzuetara, haurdunaldiaren seinale izan nuen guritasun hori ere, pontxo goxoaren barnean laztanka ibili nuen sentikortasun sekretua, odol analisien emaitzaren zain eman nuen paseo gozagarri hartan. Eskuak titiei itsatsita, obra baten ondotik igarotzen, irribarrez.

Hala dut orain umea, titiburu bat ahoan, bertzea eskuan, tinko eta samur, bere planetan, ni bezala, zutabe hau idazten ari naizela. Azkenak nahiko pertsonalak joan zirenez, orekatze aldera distantzia gehiago hartzea zen asmoa, zerbait “intelektualagoa” sortzea. Esnea atera zait, ordea.

Gelditzeko eta egoteko aukera izaten ari da nire titia. Imajinatu ere egiten ez nuen konexioa. Eszitazioa. Beroa. Indarra. Ahalmena. Gosea. Zabaltzea (zentzu ugaritan). Bizimodua eta lan egiteko era bera moldatzea. Josteta. Nekea ere bai. Bipolartasuna areagotzea. Are errazago sumintzea. Loti izateari uztea. Lo intermitentea. Lo arina. Lo eta erne aldi berean zauden egoera berezi hori. Gogo gehiago izatea, gogo guttiago izatea. Izerdia. Sena. Oinarria. Sakona. Azala. Barnea. Zentroa. Arnasa. Poza. Inspirazioa. Harridura. Eman eta jaso, jaso eta eman etengabe bat. Tarteka zakarra eta zimikolaria. Tarteka ezin leunagoa. Inoiz ausikilaria. Hozkia. Lasterketa-auto, traktore, suhiltzaile kamioi eta orotariko ibilgailuen errepidea (oraintxe pi-pi ari da masadera). Hortz, hagin eta katarroentzako botika. Lasaigarria. Suspergarria. Etxea. Gabona. Egunona. Musua. Zenbat eta gehiago edan, txorrota handitzen duen iturria. Tenperatura eta osagaiak egokitzen doana. Elikagairik onena. Momentu honetan agorrezina... Hori dena!

«Utzi titiak betetzen», erran dit, masailak gorrituta. •