Xabier Mikel ERREKONDO

Udal zaindariak

9m. Parabellum. Hori da zehazki etorkizun hurbilean erkidego osoko udaltzainek gerritik zintzilik eraman beharko duten arma, Jaurlaritza lantzen ari den Lege Dekretua aplikatzen denean.

Jaurlaritzak udalen segurtasun-eskumen apurrak apurtu, bereganatu eta hauek mendeko bilakatu nahi ditu, udaltzainak ertzainduz.

Jaurlaritza garai bateko “Erroma” bailitzan ari da, eta Zesar Julioren itzaletik K.o. III. milurteko Zesar Urkulluk bere “potestas” boterea ezarri nahi du lurralde osoan. Ezustean, baina, harri-txintxar bat agertu zaio zapatan: Lea-Artibai eskualdean hiru herri txikik osatu komunitate txiki batek aurre egitea erabaki du, temati; herritarrak Zesar Urkulluren eskuetan ez dituzte abandonatu nahi.

Zesar Urkulluk Euskal Poliziaren zaku berean nahi ditu Ertzaintza eta Udaltzaingoak, denak erromatar. Ostera, udalerri guztiek onartzen al dute? Ez, bada komunitate txiki bat… herri txikietako herritarren beharretara egokitutako zaindariak nahi dituena, herritarrengandik hurbil, euskaraz bai ala bai, gertutasunez eta garden arituko direnak eta edozein beharretan bitartekaritza egingo dutenak.

Ondarroako, Lekeitioko eta Markina-Xemeingo udalek Jaurlaritzaren polizia “pretoriar” eredu ilunari erresistentzia jartzeko erabaki irmoa hartu dute, mahai luzean bildu eta lan eskaintza publiko bateratua egitea adostu dute, ohore guztiekin sinatu eta argizari gorriz zigilatu.

Etorkizunean posible izango ote da armarik gabeko polizia eredurik? Gaude lasai, negozioa eta irudia jokoan… arduratuko da Jaurlaritza horrela izan ez dadin.

“Erroma”-ko botere ahalguztidunaren oldarraldia geldi ote dezake herri txiki batzuen erromantizismoak? Ai, baleza! Zabal bedi Lea-Artibaiko komunitate txikiaren hazia. •