GAUR8 - mila leiho zabalik
EREÑOTZUKO IGOIN-AKOLA

Akola baserriko lau anai-arrebak Sagastietako Lepoa trikuharriaren aurrean, 1950ean eta 2023an

1950ean, Ereñotzuko (Hernani) Igoin-Akolako estazio megalitikoan indusketan aritu ziren Aranzadikoak. Sagastietako Lepoa trikuharrian argazkia egin zieten bertan dagoen Akola baserriko haurrei, 3-7 urte bitarteko lau anai-arrebei. 73 urte pasatuta, argazkia errepikatu du GAUR8k.

Goian, 1950ean ateratako argazkia. Horren azpian, 2023an egindakoa. (Jesus ELOSEGI IRAZUSTA-Aranzadi Zientzia Elkartea | IKORKOTX)

Lau haur ikusi nituen dotore-dotore jantzita. Lau haur eskutik helduta zuri-beltzeko argazki zahar batean. Lau haur dotore-dotore jantzita, eskutik helduta, zuri-beltzeko argazki batean, baina… trikuharri baten aurrean?

Ikusi nuen lehen egunetik gelditu zitzaidan irudia memorian iltzatuta, eta galdera zaparrada handi bat eragin zidan, duela gutxi arte iraun duen galdera jasa. Izan ere, argazkia Ereñotzuko (Hernani) Igoin-Akola estazio megalitikoan zegoen aterata. Sagastietako Lepoa izeneko trikuharriaren aurrean, hain zuzen ere. Gauza asko, ordea, lekuz kanpo ikusten nituen. Zuri-beltzeko argazki zahar bat, auskalo noizkoa, auskalo nork ateratakoa, dotore jantzitako lau umeri, non eta trikuharri baten aurrean? Egun, eta garai hartan gehiago, eremu urbanotik aldenduta dagoen mendi magal batean? Zergatik? Zertarako? Eta azkenik… nortzuk ziren argazkikoak?

Hala, irudi zaharraren oroitzapena behin eta berriz azaleratu zait Sagastietako Lepoa izeneko trikuharria bisitatu dudan bakoitzean. Eta galderak airean izan dira, duela gutxi, dokumentu zaharren artean nenbilela, beste argazki batekin topo egin nuen arte.

Akola baserriko lau haurra, haien aita eta indusketan aritutako bi ereñotzuar. Jesus ELOSEGI | Aranzadi Zientzia Elkartea

Sotana beltzez jantzitako gizona

Bigarren argazki horretan ere zuri-beltza zen protagonista, eta argazkia trikuharri beraren aurrean zegoen aterata, zalantzarik gabe. Oraingoan, ordea, umerik ez: bost gizon ziren azaltzen zirenak. Bata, apaiza. Erdian, sotana eta txapela beltza jantzita. Aldamenean, alkandora zuridun gizon bat, zutik hau ere; eta aldeetara beste hiru, bata alde batera begira, gorputza trikuharriaren kontra duela, eta beste bi makurtuta. Haurren eta apaizaren argazkiek izango ote zuten loturarik?

Eta hala, sotana beltzak eta trikuharriak Jose Migel Barandiaranengan pentsatzera eraman ninduen. Eta aurkitu nuen, Aranzadiko paper zaharren artean, idatzi bat, zeinetan aipatzen zen Barandiaran bera Igoin-Akola estazio megalitikoan izan zela 1928ko irailaren 12an, bere iloba Francisco de Auzmendik lagunduta eta aholkatuta, “harri pilaketak” ikusi zituelako. Eta itxuraz, ilobaren esanak egia bihurtu ziren, hainbat megalito aurkitu eta katalogatu baitzituzten. Idatzi horietan, ordea, ez zen jende gehiagoren presentziarik aipatzen eta zuri-beltzean zegoen argazkiko apaizak, egia esan, ez zuen Barandiaranen trazarik… alegia, argazkikoa ez zen Barandiaran. Galderak, beraz, airean jarraitzen zuen. Noizkoak ote ziren argazkiak? Nortzuk ziren gizon horiek? Nor apaiza? Eta nortzuk haurrak?

Arkeologoak indusketa lanetan, 1950ean. Jesus ELOSEGI | Aranzadi Zientzia elkartea

Indusketa berriak gerraostean

1936ko gerraren etorrerak Jose Migel Barandiaranen (eta beste hainbat ikertzaileren) indusketak bertan behera utzi zituen, eta Saran finkatu zen 1953ra arte. Bitartean, 1947an, Aranzadi Zientzia Elkartea sortu zen Donostian, zientzien ikerketa, aplikazioa eta zabalkundea bultzatzeko helburuarekin. Elkarte horren lehen presidentea Tomas de Atauri izan zen, elizgizona eta Barandiaranen ikasle izandakoa. Ataurik, Jesus Elosegirekin eta Manuel Laborderekin batera, ikerketa proiektu ezberdinak jarri zituen martxan, eta “Munibe” aldizkariaren kolaboratzaile izan zen.

1951n, argazkiaren misterioa argitzen lagundu digun artikulua sinatu zuten hirurek. Bertan, Aranzadiko hiru ikertzaileek Igoin-Akola estazio megalitikora egin zituzten irteerak kontatzen dituzte xehetasun handiarekin. Barandiaranen aurreko lanei segida emanez, megalito berrien bila joan ziren, eta ez ziren esku hutsik bueltatu. Hitzez osatuta ez ezik, argazkitan ere ekarri zuten haien ikerketen kronika. Izan ere, Jesus Elosegi, ikertzailea izateaz gain, argazkilari fina ere bazen. Eta hala utzi dizkigu garai haietako espedizioen hainbat bilduma, argazki zoragarriz beteriko sortekin. Eta horien artean, noski, Sagastietako Lepoan ateratakoak daude. Tartean, bost gizonak agertzen direna. Garbi zegoen, beraz: zuri-beltzeko argazkian, trikuharri aurreko gizonetako hiru Atauri, Laborde eta Elosegi ziren. Eta horrela, pixkanaka bada ere, hasi gara argazkiko protagonisten identifikazioari argi pixka bat ematen…

Esplorazioen egunerokoa

Hala izendatzen dute haiek ere idatzi zuten dokumentua: “esplorazioen eguneroko” bat da idatzi zutena, eta lehen eguna 1950eko abuztuaren 8koa da. “Asteartea”, zehazten du. Ondoren, egun gehiago etorriko ziren jarraian. Izan ere, bat baino gehiago izan ziren uda horretan Igoin-Akola estazio megalitikora egindako espedizioak.

Aranzadiko hirukoteak Ereñotzuko Fagollaga auzoan hasi zituen bere indusketarako ikerketak egiteko espedizio guztiak. Xehetasun handiz kontatzen dute bertatik oinez mendian gora hartu behar izaten zuten bidea eta, kontatu ez ezik, marraztu ere egin zuten, eskuz egindako mapa batean, bertako lekuen izendegi eta guzti.

Ikertzaileen arabera, Fagollagako “Aristi-ren alarguna” izan zen haiei jaten eman ziena, baina ereñotzuarrekin izan zuten harremana ez zen horretara mugatu. Izan ere, bertako bizilagunak ziren bi gazterekin hitzartuta zuten aurretik haiekin lanera joateko konpromisoa. «Jose Maria Urdampilleta eta Martin Antzizar ‘Txokolatenea’ eta ‘Iturralde’ baserrikoak, biak ereñotzuarrak, zain genituen (Fagollagan). Aurretik adostu bezala, haien kontura joan ziren indusketetan (gurekin) egin zituzten lanak». Hala, artikuluan dioenaren arabera, astotxo baten laguntzaz, indusketarako material guztia igo zuten mendian gora, ereñotzuarrekin batera megalito berrien bila hasteko.

Aranzadiko ikertzaileek eta ereñotzuarrek hainbat egunetan zehar egin zuten lana, eta guztira zortzi megalito ezberdin aurkitu eta induskatu zituzten. Zortzi horietako bat zen Sagastietako Lepoa, 1950ean aurkitu zena lehenengo aldiz zientziarako. Zientziarako diogu, izan ere, dokumentuan bertan zehazten baitu, trikuharriaren berri Ereñotzuko bizilagun batek eman ziela. Nork eta Jose Maria Urdampilletak, haiei indusketan laguntzera joandako gazteak.

Astoz igo zituzten Sagastietako Lepora indusketarako beharrezko tresnak. Jesus ELOSEGI | Aranzadi Zientzia Elkartea

1950eko abuztuaren 11

Hiru eguneko lanen eta indusketen ostean, Aranzadiko ikertzaileak eta laguntzaileak berriz ere estazio megalitikora igo ziren. Iratze artean, orduko argazkietan ez da egungo mendiko pisten arrastorik ageri. Pinu landatu berrien eta iratze-leku amaigabeen erditik doa gurdibide estu bat. Horietako batek Sagastietako lepora eramango zituen. Han aurkitu zuten ereñotzuar gazteak esandako trikuharria. Egoera nahiko onean, haien ustez. Aurkitu, marraztu, argazkiak atera, datuak hartu eta induskatu egin zuten. Haien kontakizunak xehetasunez kontatzen du lan guztia eta eman zituzten pausoak. Lanak amaitu gabe, «arratsaldeko zazpiak eta erdietan utzi genuen Sagastietako larrea, bideetan barna joanez eta jada etxekoak zaizkigun paisaiak behatuz», jarri zuten egun horren amaierako hitzetan. Ereñotzuar egin ziren ia ikertzaileak.

Hurrengo egunean, ordea, lanek aurrera jarraitu zuten bost gizonentzat. Lan askoren ostean, ordea, atentzioa ematen du egunerokoan jarritako esaldi batek. Izan ere, momentu batean dena ez induskatzea erabaki baitzuten. Telesforo Aranzadik, Barandiaranek eta Eguren ikertzaileek egin ohi zuten moduan, trikuharriaren zati bat ez ukitzea erabaki zuten: «Egun erabiltzen ditugun lan metodoak zaharkituak eta ez oso egokiak moduan epaituak izango baitira egunen batean». Etorkizuneko arkeologoengan pentsatzen ari ziren eta, haien lanean ez ezik, etorkizunean etorriko ziren metodologia berrietan ere konfiantza zuten.

Egun horretan, arratsaldeko seietan bukatu zituzten lanak. Aurretik, ordea, argazki kamerarekin trikuharriari argazkiak ateratzen aritu zirela aipatzen dute. Elosegiren artxiboan begiratuz gero, alabaina, ez dira soilik trikuharriaren argazkiak ageri. 1950-08-12ko datarekin, paperean inprimatuak agertzen dira zuri-beltzeko hiru argazki eder. Bata, buruan iltzatua nuena, lau haurrak trikuharriaren aurrean direna, eskua elkarri emanda. Bestea, haur berberak beste postura batean agertzen direna, eta azkena, berezia oso: lau ume eta hiru gazte agertzen direna, umeak eta helduetako bat trikuharriaren tapan eserita direla. Zalantzarik gabe, Sagastietako lepoa aurkitu zen egunean egondako bi laguntzaile ereñotzuarrak ziren gazteetako bi. Gauza bakarra falta zen jakiteko, ordea: hirugarren gaztea eta haurrak nortzuk ziren?

Erantzuna ezustean etorri zen

2014ko urtarrila. “Burbunak eta etsayak” proiekturako elkarrizketak egiten ari ginela, Akola baserriko Antonio Santa Kruz eta Joxe Susperregirekin elkartu ginen baserrian bertan. Akola baserria Igoin-Akola estazio megalitikoaren aldamenean dagoen baserria izanda eta, zehazki, Sagastietakoa oso gertu dagoela jakinda, galdera saihestea ezinezkoa izan zen eta trikuharriari buruz galdetu genien.

Hala, Antoniok aipatu zigun sarri igotzen zirela eremu horretara gerra garaian Errenteria aldetik lehergailuak nola botatzen zituzten ikustera, eta iñostor artean gordetzen zirela dena behatzen zuten bitartean. Tartean, ordea, ezin argazkia burutik kendu, eta halako batean gaia atera zen: eta zuek ezagutzen al duzue argazki bat, trikuharriaren aurrean lau ume elegante-elegante jantzita azaltzen direna?

Eta hala erantzun zuen Joxek, irribarre txiki bat eginez: «Argazki horretan agertzen den mutil txiki hori ni naiz eta hiru neskatoak nire arrebak».

Aranzadi kideak eta laguntzen aritu ziren ereñotzuarrrak. Jesus ELOSEGI | Aranzadi Zientzia Elkartea

73 urte eta gero

1919ko uztailean, Barandiaran Portuzargañako estazioan induskatzen ari zela, aeroplano bat igaro zela esaten da egunerokoan. Garai hartan oso arraroa zen aeroplano bat entzutea eta horrek atentzioa eman omen zien ikertzaileei, lanak gelditzeraino ia. 1950ean, erdi-brometan, gizartearen abiadurak dituen aldaketak neurtzeko jolas moduan, Aranzadiko ikertzaileek goizean lanean hasi zirenetik arratsaldera arte Ereñotzu gainetik pasatako hegazkin kopurua kontatu zuten. Eta hala, zehazki 14 izan zirela aipatzen dute haien dokumentuan.

1950eko indusketa horietan Aranzadiko ikertzaileek herritarrekin elkarlanean egin zuten lan, egun oraindik egiten duten moduan, eta bertako folklorearen bilketak ere egin zituzten, aipatzen duten moduan, indusketen ostean Fagollagako ostatuan herritarrekin elkartzen zirenean (ahal denean, oraindik ere egiten duten moduan).

Igoin-Akolako estazio megalitikoaren lanetan ere ereñotzuarrek protagonismo aktiboa izan zuten. Dokumentuak dioenaren arabera, bertako amonek esan omen zioten Joxe Mariri (hala deitzen diote momentu batetik aurrera Jose Maria Urdampilletari) Malmazar inguruan ere badirela hilobiak. Baina hor bakarrik ez, Mandoegi (Goizueta) ingurua seinalatuz ere adierazi omen zien han ere bazirela. Dokumentuetan eskerrak ematen dizkiete herritarrei, eta bereziki Joxe Mariri. Izan ere, megalito berriak izan zitezkeenen arrasto asko eman zizkien. Aste batzuk geroago, esaterako, Agina mendian ere bazirela jakinarazi zien ikertzaileei: «Postura ontako arri-pilla, arri aundia gañian dula», jartzen du hitzez hitz.

Herritar-ikertzaile elkarlan horren ondorioz, Sagastietako trikuharriko indusketan zortzi suharri azaldu ziren (eta hala azaltzen dira eskuz marraztuta), baita lepoko zahar baten aleak eta arrastoak izango zirenak ere, burdinazko iltze eta hiru bala zaharren artean, besteak beste.

Sagastietako Lepoa aurkitu zenetik ere pasa dira dagoeneko 73 urte, eta ez alferrik. Irudian agertzen diren haurrak helduak dira dagoeneko. Egun hartan oso txikiak ziren arren, oraindik ere memorian txertatuta dute haiek ere argazkia, baita bertan egon izana ere. Agian, ordea, ez dute jakingo, eta lerro hauek irakurtzean ezagutuko dute, Akolako “etxekoandreak” (hala jartzen du), haien amak, alegia, eman ziela pistarik ikertzaileei: Akola-Iturrieta inguruan ere “arripillak” zirela esan zien.

Antonio Santa Kruzek gogoan zuen sotana beltzarekin Akola baserritik gora apaiza pasatzen ikusi izana, baina egun hartan haur ziren horiek, Joxek eta arrebek, apenas gogoratuko dute bertan gertatu zena. Hortik, ikerketen berri modu idatzian ematearen ohitura ederra. Dokumentatzeko premia. Kasu hartan egin zuten moduan.

Dokumentuek, ordea, ez dute haurren sentimenduez hitz egiten, ezta bizipenez eta oroitzapenez ere. Hargatik, agian, edo besterik gabe, memoriak astintzeko asmoz, Sagastietako Lepoa trikuharriko haurrak elkartu ditu GAUR8k berriro. 73 urte eta gero. Iragana gaurkotasunera ekartzeko eta elkarrizketa goxoan ordukoak kontatzeko; eta bide batez, zergatik ez, misterio guztiak itxi eta argazkietan azaltzen den hirugarren gizona nor den galdetzeko asmoz.

Dena amaitu aurretik, ordea, baimenduko diguzue esatea elkarrizketatu genituen egunean, 2023ko urrian, ez bat, ez hamalau, 192 inguru izan zirela goizeko 9etatik arratsaldeko 18.00etara Ereñotzu gainetik igarotako hegazkinak. Barandiaranek entzungo baligu…

Argazkia errepikatzeko arratsalde pasa, 73 urtera

Joxe, Mari Karmen, Inaxi eta Kandi Susperregi, duela 73 urte ateratako argazkiari begira. IKORKOTX

Amagoia MUJIKA TELLERIA

Mari Karmen iritsi da lehena, oinez, eskuan makila hartuta. Atzetik datoz beste hiru anai-arrebak; Kandi, Inaxi eta Joxe. Abizenez Susperregi dira, eta lau anai-arrebak Akola baserrian jaio ziren. Lau seme-alaba lau urtean, denak segidan-segidan. «Gure aitak mutila nahi zuen eta eskerrak Joxe jaio zen laugarrenean, bestela auskalo zenbat izango ginen», kontatu du barrez Mari Karmenek. Kandi da zaharrena, 80 urte ditu; Inaxi bigarrena, 79 urterekin; Mari Karmenek oraintxe bete ditu 78, eta Joxek, 76 urte ditu.

Okurrentzia iruditu zaie hitzordua. «Nolatan okurritu zaizue?». 1950. urtean Sagastietako Lepoan dagoen trikuharrian argazkia atera zieten lau anai-arrebei, lauak dotore jantzita. Kandik zazpi urte zituen eta bera gogoratzen da argien egun harekin. Inaxik sei urte, bost urte egiteko Mari Karmenek, eta hiru, Joxek. Anai-arrebetan txikiena ez da akordatzen egun hartako gauzekin, nahiz eta argazkia betidanik izan duen etxean. Egun horretako beste argazki batean, Aranzadiko arkeologoak, Ereñotzutik laguntzera igotako auzotarrak, lau haurrak eta haurren aita ageri dira, Nicolas Susperregi. Eta Joxe txikia aitaren magalean eserita.

«Ikusi hemen gure aita. Hil artean beti txapela gaizki jarrita ibiltzen zuen, eta beti esaten genion ‘aita, jarri txapela ondo’. Ikusi, argazki honetan ere begira nola daukan txapela atzeraka...». Irribarrez gogoratzen du aita.

73 urte beranduago berriz elkartu ditugu jentilen harriaren aurrean. «Guk etxean ‘jentilen sepultura’ esaten genion trikuharriari. Etxean azaldu ziguten garai bateko gure arbasoen hilobia zela», esan du Kandik. Bitartean Inaxi trikuharrira gerturatu da eta barruko aldean begiratu du, «hau errautsez beteta dago». Bistan da herritar askok botatzen dituela senide maiteen errautsak bertan, nahiz eta ez izan legezkoa.

Sagastietako Lepoaren azpiko aldean dago Akola baserria, beren jaiotetxea. «Normalean hemen goraino ez ginen igotzen, etxe inguruan ibiltzen ginen jolasean, horko soroan. Teila puskak, egur puskak biltzen genituen eta etxe bat eraikitzen genuen, buztinez. Gure baserriaren iguala, buztinez, teilaz eta egurrez egina. Egur puskekin itxitura egiten genuen. Harrituta geratzen ziren denak guk egindako baserriarekin. Hemen baserritar asko ibiltzen zen, iñistorretan, eta denak gure etxe horri begira geratzen ziren. Oso dotorea egiten genuen». Akordatu dira anai-arrebak. Meta txiki-txikiak ere egiten zizkioten eskuz egindako baserri hari. «Lau anai-arrebak elkarrekin ibiltzen ginen jolasean. Sekulako irudimena geneukan. Animaliak ere egiten genituen, sagarrekin».

Indusketa egunetara bueltatu da elkarrizketa. «Hemen Aranzadikoak ibili ziren, lurra altxa eta hezurrak bilatzen. Gure baserriko astoa ibili zen hemen, eta gure aita, Aranzadikoei laguntzen. Eta haiek hemen zebiltzan bitartean, gu hemen inguruan. Badakizu, nobedadea. Aranzadikoak Ereñotzuko auzotarren laguntzarekin igo ziren hona. Iturraldeko Martin, Joxe Mari Urdanpilleta eta Inazio Eizmendi ibili ziren. Eta gure astoa, bere saskiarekin. Eta gure aita ere hemen inguruan, laguntzen».

Gehiena Kandi gogoratzen da, koskorrena zelako ordurako. Inaxik ere badu oroitzapen bat, «nik beti begiak uzkurtzen nituen eguzkiarekin, eta akordatzen naiz Aranzadiko horietako batek esan zuela, ‘ume honek zerbait dauka begietan’ eta duro bat eman zidan». Gaur ere argazkia egiteko elkartu, eta eguzkiak gogor jotzen du. «Gaur ere begiak uzkurtuta aterako naiz seguru», bota du umorez Inaxik.

Amak argazkirako jantzi zituen, dotore. Horrek esan nahi du amak bazekiela argazkiak ateratzeko asmoa zeukatela Aranzadikoek. «Gure baserriko sukaldea beti zegoen jende guztiarentzat irekia. Guardia zibilak, kableak konpontzera etorritako langileak, iñistorra biltzera etorritakoak... aitak jende guztia eramaten zuen sukalderaino. Akordatzen naiz ama haserretu egiten zela askotan. Gu goitik behera hasten ginen baserria garbitzen, eta akaso oraindik sukaldera iritsi gabe ginela, artean txukundu gabe zegoela, ekartzen zuen aitak bisitan norbait. Eta ama, haserretu, sukaldea jaso gabe zegoelako», gogoratu du Mari Karmenek. Horregatik, pentsatzekoa da Aranzadiko arkeologoak ere Akolako sukaldetik pasa zirela mokadu bat eta trago bat egitera eta, hartara, Akola baserrian bazekitela argazkiak egiteko asmoaren berri. «Gure amak bazekien argazkiak aterako zituztela eta horregatik jantzi gintuen hain dotore», esan du Kandik. Laurak bat etorri dira amak zein dotore janzten zituen gogoratzerakoan. Nola josten zizkien jantziak, nola txukuntzen zien ilea, zein galtzerdi zuriak erabiltzen zituzten...

Akola inguruan eta Sagastietako Lepoan etxean sentitzen dira lau anai-arrebak. «Ikusten al dituzu horko arbola horiek? Horiek aitona Gregoriok eta biok aldatu genituen duela 63 urte. Makina bat haize hartu dute», kontatu du Joxek.

Kandiren iloba etorri da hitzordura, Joseba. Hamabost urte ditu eta sekula ez omen zuen ikusi argazki zahar hori. «Amonak ez dit inoiz erakutsi». Argazkia uste baino sonatuagoa dela jakin du, Sagastietako Lepoa trikuharriaren indusketatik 73 urte pasa diren honetan. «San Telmo museoan omen dago argazkia, hori esan dit batek baino gehiagok», kontatu du Mari Karmenek. «Bada, joan beharko dugu hori ikustera», bota du plana Inaxik. Eta joango dira. Bitartean, Akola baserri inguruko gaztainak bildu dituzte, «hauek dira munduko gaztaina onenak».