Juantxo EGAÑA

«Cristianas», Manuel Torcidak egindako lanaren erakusgarri

(MANUEL TORCIDA. CASA LUX. BILDUMA PARTIKULARRA.)

Irudi honek “Cristianas” izena du, eta 1912ko abenduan egin zuen Manuel Torcidak. Bilboko “Casa Lux” estudioak 1912 eta 1914 bitartean argitaratutako "Coleccion de fotografias vascas" bildumakoa da. Guztira, 11 karpeta argitaratu ziren, argazkiak deskripzio-testuekin. Kasu honetan, Francisco Iturribarria Bilboko abadeak idatzi zuen testua. Iturribarriak honela deskribatzen ditu bi emakume horiek: «...jarrera apal eta jasoan, monje-beloa gogorarazten duen mantilla beltzarekin... begirada kamerara zuzentzen dute emakume horiek, lasaitasun garbia galdu gabe jakin-min eta alarma apur bat dutela, euskal baserriko alabak dira...». “Coleccion de fotografias vascas" honetan Carmelo Echegaray, Pedro Guimon, Juan Carlos Guerra eta Alfonso Martinez de Ercillaren testuak ere jaso ziren, besteak beste. Manuel Torcida kimikari eta farmazialariak Lumiere anaiei zor zien argazkigintzarako zaletasuna, haiekin izan zituen harreman komertzialengatik. Bere estudioa, "Casa Lux", Bilboko Gran Via kaleko 8. zenbakian zegoen. Hainbat komunikabidetan lan egin zuen, eta Bilbon argitaratutako arratsaldeko "La Tarde" egunkarian eta Donostiako "Novedades" aldizkari grafikoan argitaratu zituen bere lanak. Bere argazkiak Frantziako eta Belgikako hainbat lehiaketatan sarituak izan ziren. Bere seme Luisek argazki-negozioarekin jarraitu zuen.