Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Egungo ge(zu)rrak

Gerra bera bezain zaharra da esamoldea: gatazka armatu guzti-guztien lehen biktima egia izan ohi da. Euskal Herriak eskarmentua du horretan, gure arbasoei Gernika «gorriek» bonbardatu zutela sinetsarazi nahi zietenetik. Ez zuten lortu, jakina. Aspaldiko kontua? M11ko sarraskia ETAri bizkarreratu nahi izan zioten duela ez asko. Kale, berriz ere. Baina esaera jada zaharkiturik gelditu da, motz. Gerra eta gezurra sinonimo bilakatu direlako, eta askotan, jaun eta jabe ere bai.

1990. urtean, oraindik Kazetaritza fakultatean ari ginela, «Golkoko gerra» delakoa abiatu zen, hots, Amerikar Estatu Batuek Iraki airez eginiko eraso bortitza. Telebistaz zuzenean ikusiko genukeen lehenengo gerra izango zela aurreratu ziguten, baina gero oso urrutitik eta beti erasotzailearen ikuspuntutik hartutako su-artifizial antzeko batzuk baino ez ziren izan, sarraskia bideojoko bilakatuta, nolabait esateko. Behean zegoen tragedia ez zen gure begietara iritsi. Hala ere, zenbait datu latz behintzat laster ezagutu genituen: pobretutako uranioaren erabilera, esaterako.

Horren arrastoan etorri diren gainerako gatazketan ere, nola edo hala, goiz ala berandu, asko edo gutxi, zenbait gezur biluzteko informazioa heldu zaigu: Jose Couso espainiar kameraria AEBetako tanke batetik ateratako jaurtiketak hil zuela inork ez zuen zalantzan jarri, «suntsitze masiborako armen» tesia goitik behera erortzen ikusi genuen, Abu Ghraib-en espetxeko torturen argazkiak argitara atera ziren...

Aro honetara iritsita, aldiz, ustez informatzeko gaitasuna inoizko handiena delarik, egia nagusitzea guztiz ezinezko egin dute. Sare sozialen zurrunbiloak handitutako kaosa Siriako gerran hasi zen egiaztatzen, orduko gertaerak anabasa batean bildurik jaso genituelako, alde batekoen zein bestekoen aurreiritzietarako baliagarriak. Ukrainako gerran areagotu da nahasmen hori. Eta Gazakoan, goia joko du segur aski.

Nola liteke, jada urtebete pasatuta, Nord Stream gasbidea nork leherrarazi zuen oraindik askorentzat ilunpetan egotea? Eta nola liteke Gazako Al-Ahli ospitaleko sarraskiaren eragiletzari buruzko eztabaida pil-pilean izatea? Ez al du inork akaso, ofizialki ez bada estraofizialki, gertatutakoaren egia esan? Jakina baietz: egia bada, eta kontatuta dago seguru, baina zurrunbilo zaratatsu jasanezinaren erdian aurkitzea ez da batere erraza. Mendian bide zuzena aurkitzeko gertatzen den bezala, aurretik sastrakak kendu behar dira, saihesbide erosoak baztertu... eta adi-adi ibili.

Euskal Herrira berriz etorrita, urtez urte eta hamarkadaz hamarkada bertsio ofizialen aurkako borrokan indartzen joan da gizarte honen sen kritikoa. Egungo atakan, aldiz, zailagoa da jardun hori, gezurra ez baita ondo identifikatutako iturri bakar batetik etortzen (erakunde «etsai» bat, gehienetan), interes ilunagoak eta nahasiagoak dituzten iturri ezberdin askoren bidetik baizik. Eta bigarren arrazoi bategatik ere bai: anabasa honetan, bakoitzak beti aurkitu du bere aurreiritzia sostengatzen duen bertsioren bat, bere usteari eroso eusteko.

Nafarroan egin berri den kazetaritzari buruzko batzar batean, telefono mugikorraren balioaren goraipamena entzun dut, «kazetaritza herritarra» deiturikoa errazten duelako. Eta orduko Golkoko Gerra haren hastapenean bezala, gure burua engainatzen ari garela pentsatu dut. Benetako informazioa irudietatik eta datu hutsetatik haratago doalako: gertaerak beren testuinguruarekin osatuta zabaldu behar dira, tranpak saihesteko. Zintzotasunez eta zorroztasunez, sakontasunez eta soseguz. Ge(zu)rrak irabaziko du bestela. •