Juantxo EGAÑA

Carlos Broquier argazkilariaren familia, Funesen

(CARLOS BROQUIER GAUTIER. ROSA MARIN VAQUERO FUNTSA.)

Pablo Broquier argazkilaria, Okzitaniako Lorgues herrian jaioa, Paristik Bilbora etorri zen 1891n. Apur bat lehenago bere lagun Lazaro Regil Olabe argazkilaria hil zen, erretratugile handia eta Bizkaiko hiriburuan argazki-estudio bat zuzentzen zuena, eta estudio horren ardura Pablok hartu zuen. Broquierrek argazkilari erretratugile gisa jardun zuen, erreportajeak ere eginez. 1915etik aurrera, Irunen kokatu zuen bere estudioa, eta urte batzuk geroago Arnedo eta Tarazonara joan zen. Azken herri horretan hil zen 1931n, eta ordurako Carlos eta Elena Broquier bere seme-alabek gidatzen zuten estudioa. 1940an Tarazona utzi zuten, eta biak Nafarroan kokatu ziren: Carlos Funesen eta Elena Tuteran. Carlosen jarduera oso garrantzitsua izan zen Funes inguruan, eskualdeko herrietan barrena ibiltzen baitzen argazkilari ibiltari gisa, batez ere erreportaje sozialak eginez. Bere argazkietako batzuk tokiko prentsan argitaratu ziren. Bere etxean estudioko argazkiak ere egin zituen. Artikulua ilustratzen duen irudia joan den mendeko 50eko eta 60ko hamarkadetan Carlos Broquierrek (1905-1980) Funesi ateratako hainbat argazki panoramikoetako bat da. Irudiaren behealdean, bere emaztea agertzen da, Dolores Marculet, jatorri katalana zuen familiarekin batera.