11 NOV. 2023 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Aldebakartasuna ez da aldarrikapen bat Iñaki Altuna Pedro Sanchez berriro presidente izendatzeko akordioa itxi da. Gobernua egingo du berriro. Inork gutxik esango zuen horrelakorik joan den maiatzeko hauteskundeetan, PSOEk jaso zuen jipoia ikusita. Sanchezek, ordea, mugimendu azkarra egin zuen, Espainiako hauteskunde orokorrak deituz, eta horrek aitaren batean eskuinaren -ultraeskuina barne- planak hankaz gora jarri zituen. Joan den ostegunean iragarri zen PSOEk Puigdemontekin lortutako hitzarmena, amnistiaren legea ardatz. Dena egina dagoela dirudi, ostegunean oraindik EAJren baiezkoa falta bazen ere. Alderdi gehienek erabili izan ohi duten negoziazio estrategia klasikoak jendea gogaitzen ez ote duen hausnartzen hasi beharko luke hainbatek. Izan ere, oso agerikoa izaten ari da azkenaldian norberaren protagonismoa eta interesak gailentzen direla, batez ere datorren zikloan bai Euskal Autonomia Erkidegoan -hilabete gutxi barru- bai Katalunian hauteskunde autonomikoak izango direlako. Batzuen espektatibek eta besteen beldurrek gehiegitxo nahasten dute eguneroko joko politikoa. Epe laburreko politikaren eta mugimendu taktikoen dantza da askotan ikusgarriena, baina azken hilabeteotan gertatutakoak hausnarketa sakonagoa eskaini beharko luke, aurrera begirako ibilbideak marrazte aldera. Atentzioa eman beharko lukete, esate baterako, aldebakartasunari buruz inbestidurako negoziazio prozesuaren hasieran esan zirenek, batez ere alderdi katalanen ordezkarien aldetik. Aldebakartasuna estrategia indartsua izan zen Katalunian. Estatuaren itxikeriaren kontra, herri prozesu bat egituratu eta independentziaren atariraino eraman zuten. Une jakin batean, ordea, hurrengo urratsa ez egitea erabaki zuten, lurraldearen zein erakundeen kontrola bere esku hartzeko eta prozesu konstituziogile bat abiarazteko unean, hain zuzen. Bistan da urrats hori ez zutela eman Espainiako Estatuaren erreakzioak eragin zezakeen ondorioengatik. Zuzena edo okerra, erabakia zilegi izan zen. Seguru asko, prozesua horraino eraman eta gero, bigarren astinaldi bati ekiteko aukera sortuko zutela pentsatu zuten, baina ez zen horrela izan. Bildutako indarrak, oraingoz bederen, harea hatzen artean bezala aienatu dira. Horregatik izan zen deigarria oraingo negoziazioen hasieran aldebakartasunari ez zitzaiola uko egingo hain ozen esatea. Aldebakartasunari 2017an egin baitzitzaion uko, hurrengo urrats hura egin ez zenean, eta orain, bistan denez, aldebiko negoziazio prozesu bat abiatzen ari dira. Beraz, aldebakartasuna aldarrikapen bilakatu dute, eta horrek, luzera begira, nahasmena ere sor dezake. Aldebakartasuna aldarrikatu baino gehiago, behar den unean praktikatu beharreko ibilmoldea baita, eta horretarako, funtsean, bi gauza behar dira: indarrak metatu/egituratu eta bide orri partekatu bat zirriborratu. Gainera, aldebakartasunak, orain arteko esperientziak erakutsi digunez, herriaren gehiengo batek bestelako bideak kamutsak direla ondorioztatzen duenean hartu izan ohi du indarra. Herri aldarrikapenei eta gogoari erantzun behar die. Aldebakartasuna ez da aldarrikapen bat, estrategia bat baizik; ia beti aldebikotasunarekin dialektikoki lotu beharrekoa, gainera. • La unilateralidad no es una reivindicación, sino una estrategia, que hay que relacionar dialécticamente con la bilateralidad casi siempre.