Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
{ KOADERNOA }

Zer diren gauzak (eta nola kontatzen diren)

Tropa israeldarrek 450 jomuga terroristari eraso diete gaueko beste bonbardaketa batean”. “Hamasen arabera, Gazako hildakoak 10.000 baino gehiago dira”. Espainiako telebista publikoak emandako albisteak dira. Eskuineko, alegia, facha omen zen aurkezle batek bere albistegia amaitzerakoan esaten zuen: «Así han sido las cosas y así se las hemos contado». Telebista publiko horrek -eta ez horrek bakarrik- ez dute halakorik esango, baina antzera kontatzen dituzte gauzak. Ez dakit nola kontatzen dituzten pribatuek, ez naiz sintonizatzera ausartu.

“Gau bakar batean, 450 jomuga terrorista”. Datu objektiboa. Duela astebete pasa, denera 11.000 «jomuga terroristari» eraso omen zien Israelek. Iturria, antza, inbertitzaile nagusien ustea. Orduan Gazako hildakoak 8.000 pasa ziren, betiere “Hamasen arabera”, edo susmopeko (alboko kalte) NBEren arabera. 400etik gora hildako, 50 errefuxiatu-eremu batean.

Baina zer egin lezake Israelek? Negoziatu? Egin ez duenik ezin egin -eta egin duenean, zerbait gaizki atera zaio berarekin negoziatu duenari-. Kontrakoa ondo samar egin du, ordea: ahalegin guztiak negoziazioa bideraezina izan zedin, atzera bueltarik ez duen egoeraren bila. Ez du egin eta ez du egingo, ez duelako behar, «mundu librearen» sostengua duen artean.

Hamas, Netanyahu eta Israelgo enbaxadoreek esan digutenez, Isis edo Estatu Islamikoaren parekoa da. Esan nahi dute astakeriarik handiena egiteko kapaz dela. Eta esan dute mundu librearentzako mehatxua dela. Horregatik, Gaza alderik alde suntsitu beharra dago. Eta hori ondo dago Europako inbertitzaileen ustez, baina bere arriskua ere badu.

Ursula Von de Leyenek beste 25 milioi iragarri berri ditu Gazako biztanleentzat, haien gaineko bonbardaketak bultzatzen dituen aldi berean. Laster Gazako errefuxiatuak Europan hartzeko erabakia iragarriko ote du? Ukrainarrak baino askoz gutxiago dira.

Iaz Gaur8 honetako erreportaje batean irakurri nuen Ukrainako errefuxiatu bat Gazan bizi zela. Kieveko infernutik aterata, kontatu zuen oso harrera ona egin ziotela eta nahiko lasai bizi zela Zerrendan... Hara, egia, ezin dira Gazatik atera. Gazte ukrainarra bai, suerte pixka batez, baldin oraindik bizirik badago. Tira, horrela hobeto, ezta, Ursula? Imajinatu 400.000 edo milioi erdi palestinar Europan zehar eta Israel, Joek eta zuk emandako «defentsa eskubidearekin», haien atzetik, milaka jomuga terroristaren bila. Eraso nuklearraren aukera hobeto pentsatu beharko luke, bere segurtasuna bermatze aldera.

Duela lau aste pasa, bost bat egun ziren Israelen bonbardaketak hasi zirela, «beldur» nintzen nire zutabea larunbatean argitaratzerako nolabaiteko su-eten baterako akordioa lortuko ote zen. Nire arrazoimenaren kontra, logika guztien kontra, topikoen kontra, lukurreriaren kontra eta gogoaren alde. Hauxe idatzi nuen: «Nahiago nuke, lerro hauek argitaratzerako, Israelen mendeku gosea baretuko balitz, edo baretuko balute», eta larunbaterako espero zen lurreko inbasioa sartu-irten batera mugatu zen. Baina bonbek beren orroari eutsi zioten, bizitasun berdinarekin edo handiagoarekin, batek daki. Biziak barra-barra itzaltzeko bizitasunarekin. •