GAUR8 - mila leiho zabalik
{ KOADERNOA }

Henry Kissinger, «nerabe judu hura», eta Israel


Presaka diharduela dirudi Israelgo Armadak, bonba asko eta egun gutxi balitu bezala. Nonbait ere, 16.000tik gora hildako neurrizko erantzuna dela uste dute AEBek, eta hortik gora, biktima zibilak «minimizatu» egin beharra dagoela esan diote.

Erruduna Hamas omen da; Israelen, Gazan eta Zisjordanian hildakoen erruduna. Eta zergatik ez Israel denen errudun?, galdetu du NBEko idazkari nagusiaren lehengusu lotsagabe batek. Israelen -eta AEBen eta Europaren- kontakizunaren arabera, mundua Hamasen erasoarekin batera hasi zen biraka. Baina ez al dira lehenagokoak jainko (sionistentzat) onbera bezain gupidagabe eta mendekari horren tribuak?

Interesgarriagoa da “zuk gehiago”-ka hastea, ordea, ezer konpontzen ez badu ere, arazoa ulertzea eragozten baitu, eta gainera, kontrako baina antzeko erreakzioa eragin baitezake, eta egia gehiago lausotu.

Hamasen sartu-irtenak eragindako 1.400 hildako israeldarrek zenbat hildako palestinar justifikatzen dituzte?, lotsagabeak berriro.

Denak, denak baitira Hamas, Israelgo ultraortodoxoek diotenez, eta Avigdor Lieberman ultraeskuindarra ez ezik, Israelgo presidente Isaac Herzog ere uste horretakoa da: «Nazio oso bat da erantzulea. Zibilak kontziente ez zirelako eta inplikatuta ez zeudelako erretorika hori guztiz faltsua da. Matxinatu zitezkeen, borrokatu zitezkeen erregimen gaizto horren aurka». Egia esateko, 2006an Hamasek irabazi zituen Gazan hauteskundeak, eta gaur egun, seguru asko, sostengu handiagoa izango luke.

Hala ere, argudio horrek Hamasen erasoa justifikatzen du bete-betean, tematu da lotsagabea, Israelen logika horren arabera, israeldar guztiak baitira azken asteetako genozidioaren errudun, Israelgo Gobernuak haien boto gehienak biltzen baititu.

Herzogek, halaber, Henry Kissinger zendu berria gogoratu zuen: AEBetako Estatu idazkari ohi hura «naziengandik ihes egin zuen nerabe judu bat izan zen, eta munduko politikari bere esku-buruekin forma eman zion erraldoi bihurtu zen».

Baina «erraldoi» hura ez zen judu gisa nabarmendu, hain justu. Bere herrialdea -AEBak, eta ez Israel- «defendatzeko» bake itunak eta sarraskirik zitalenak eragiteko gauza zen. Bai, naziengandik ihesi AEBetara joan zen familia judu bateko semea izan zen, eta Israel gogoan izan zuen... Hango Gobernua enbarazu bat besterik ez zela pentsatzen baitzuen, AEBen nazioarteko jokabide politikorako oztopo bat, alegia. 1973an, Yom Kippurreko gerraren amaiera negoziatu zuen, baina bere kezka ez zen alde bateko edo besteko hondamendia saihestea, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen blokeoa altxatzea baizik.

Juduei dagokienez, oro har, ez ziren inoiz Kissingerren lehentasun izan, aitzitik baizik. Hara zer esan zuen Sobietar Batasunak herrialde arabiarren haserrea saihesteko juduen emigrazioa oztopatzen zuen garaian: «Sobietar Batasuneko juduen emigrazioa ez da gure kanpo politikaren helburu bat, eta juduak SESBeko gas-ganberetan uzten badituzte, ez da Estatu Batuen kezka. Agian kezka humanitario bat, baina ez Estatu Batuena».

Hori zen «nerabe judu hura», AEBen -ez estatubatuarren- zerbitzari, onean nahiz txarrean. •