16 DIC. 2023 21 urte! Xabier Mikel ERREKONDO 21 urte joan dira bikoteak eta seme-alabek kotxe istripua izan zutenetik. Konstituzio egun madarikatu hartan, hain zuzen! Bi astera, lau eta zazpi urteko haur biak onik irten ziren ospitaletik. Zurrunbilo ero haren guztiaren emaitza bikoteak burmuina betiko kaltetu izana da. Bera izan da kaltetu zuzenena, bizirik bai baina bizi nahi zuen bizitza bizitzerik gabe. Halere, zoriontsu sentitzearen eta frustratzearen arteko borrokan gehienetan irabazle ateratzen ikasi du. Gogoan dut iruñear lagun batek egun ilun haietan esana, «orain hik eutsi behar diok, hi ezin haiz erori, bestela bat ez lauok eroriko zarete». Betiko iltzatu zitzaidan argi hura energia iturri izan dut geroztik. Ene buruari egiten dizkiodan galderek erantzun argia eta berehalakoa izaten dute. Zer nahi dut? Bizitza zukutu; minutu bakoitza bizi; maitatzea eta maitatua izatea; finean, sentitzea… Nola? Neroni zainduta, etxekoak hobe ditut zainduko-eta, ongi sentitzen banaiz. Dema horretan asko lasaitzen nau Aurretiazko Borondateen Dokumentua (ABD) egin izanak. Iruñeako ospitalean izan nuen haren berri 2003an. Adibidez, niretzat hil ala bizikoa da jasotzea “…eutanasia aktiboko teknikak aplikatzea nahiko nituzke, minik gabekoak eta azkarrak”. Arrazoiak sobera daude mundu guztiak berea egin dezan. Bizitzaren abiada biziak eta egunerokoak automata bilakatzen gaitu, zentzuak itzaltzen dizkigu, usaintzen ez, ikusten ez, entzuten ez, sentitzen ez dugun gurpil zoroan doazen makinak bagina bezala. Orain 21 urte gertatuak begiak ireki zizkidan eta eguneroko gurpil zoroa hausten lagundu. Bada, kolpe latzik jaso beharrik gabe, heldu tinko zure bizitzaren lemari; “…bizitzak ez dit ematen” egoera apurtu, hasi zerorri zaintzen eta abiatu bizitzari eskatzen diozunaren bila. •