16 DIC. 2023 { DATORRENA } Sar hitza Oier IMAZ ALIAS Ez naiz lehena, nire aurretikoa da dena, baina historia hau nirekin hasten da» (Jon Benito, 2010. Ez naiz lehena. Atal honetan atzerritik datorrenari begira izan dugu Gorka Elejabarrieta azken 15 urteetan. Hilabetero behin, 150 artikulu orotara. Beti fin, zuzen eta argi. Euskal Herritik nazioartera begira; eredu bila, bidelagun bila, babesleku bila. Eta, alderantziz ere, nazioartetik Euskal Herrira; nor gara gu besteen begietan? Agendetan? Etorkizuneko proiektuetan? Bere azken zutabean zioen moduan, «azken 15 urteetako nazioarteko politikaren kronika eta nire ibilbide pertsonalaren narrazioa dira». Zentzu horretan, gaurdanik hemen irakurriko duzuena ez da izango segida bat. Atzerritik datorrenari begiratuko diot, baina nire ibilbide pertsonal eta profesionaletik. Nire aurretikoa da dena. Atzerritik datorrenari begiratuko diot. Batetik, berariaz begiratuko diot atzerrian datorrenari. Finean, gu ere atzerrian gertatzen denaren parte baikara, parte txikia bagara ere. Bestetik, begiratuko diot atzerritik guri datorkigunari. Aro global eta digitalak atzerriaren eta herriaren arteko mugak asko lausotu baititu. Aldiz, bietan saiatuko naiz, aktualitatetik urruntzen eta sakoneko hari-muturrei heltzen. Arrazoia ez da aktualitatea azalekoa kontsideratzen dudanik. Zailtasunak dauzkat egungo erritmoarekin batera mugitzeko. Eta ez daukat, Gorkak bazuen bezala, lehen bistada batean garrantzitsua dena eta ez dena bereizteko gaitasun hori. Nik denbora pixka bat behar dut. Baina istorio hau nirekin hasten da. Eta atzerritik datorrenari nire intereseko gaietatik begiratuko diot. Besteak beste, hobe delako dakizunaz hitz egin. Batetik, lankidetza. Herritarren artean, eragileen artean, sindikatu eta enpresa, alderdien artean… Ezinbestekoa da lankidetza etorkizunak egun pausatzen dizkigun erronkei aurre egiteko, entzuten dugu han eta hemen. Eredu desberdinak ere badaude: kooperatiboa, komunitarioa, asoziatiboa, publiko-pribatua, eraldatzailea... Nirea epikarik eta mistikarik gabeko begirada da. Zerk egiten du lankidetza iraunkor? Noren artean? Ekarpenik egiten al du? Egiten badu, zein da? Ez badu egiten, zer bestelako aukera daude? Zein testuingurutan? Bestetik, humanitateak. Konbentzituta nago hipermodernitatean nabigatzeko beharrezkoak ditugula ideiak, kontzeptuak, teoriak… funtsean, gure bizitzak ardazten dituzten galderak, oinarrizkoak, ez direlako horrenbeste aldatu. Ezta erantzunak ere. Adibidez, Immanuel Kantek zioen, Bake Betierekoaz pentsatuz, 1791. urtean, egoera naturala zaiola gizakiari gerra. Gerraren kontra errepublikaren tresnak defendatzen zituen testu hartan. Horietako bat zen errepublikan herritarrek dutela gerrara joateko erabakia hartzen. Gakoa da norberak erabaki behar duela gerrara joatea. Ez da, aldiz, berdin, baldin eta agintariak erabaki badezake herritarrak gerrara bidaltzea. Labur, Kantek iradokitzen zuena zen gerrak ekiditeko bide bat badela gerra deklaratzen duten agintariak frontera bidaltzea. Amaitzeko, batzuetan bada ere, aktualitate gordina: «Egoera azkar ari da okertzen, potentzialki atzeraezinak izango diren ondorioekin palestinarrentzat eta, oro har, bakearentzat eta segurtasunarentzat eskualdean. Amaiera hori kosta ahala kosta saihestu behar da. Nazioartearen erantzukizuna da bere eragin gaitasun guztia baliatzea egoera baretu eta krisi honi amaiera emateko. Segurtasun Kontseiluko kideei eskatzen diet presio egin dezatela hondamendi humanitario bat saihesteko. Berriro eskatzen dizut su-eten humanitarioa aldarrikatzeko. Presazkoa da» (Antonio Guterres, 2023/12/06). • Nirea epikarik eta mistikarik gabeko begirada da. Zerk egiten du lankidetza iraunkor? Noren artean? Ekarpenik egiten al du? Egiten badu, zein da? Ez badu egiten, zer bestelako aukera daude? Zein testuingurutan?