16 DIC. 2023 GERRA, ZINEMA ETA ZAINTZA The Purple Meridians, emakume zinemagileen topaketak Durangon The Purple Meridians nazioarteko topaketak Durangon izan ziren abenduaren 8an, eta Kurdistango, Palestinako, Italiako, Euskal Herriko eta Kataluniako emakumeak, euren artean Itziar Ituño, mintzatu ziren zinemari, gerrari eta zaintzei buruz. Topaketaren irudi orokorra. Zinemagile batzuk pantaila bidez parte hartu behar izan zuten. (Aitor AIARALDEA) Aitor AIARALDEA Abenduaren 8a egun berezia izan zen Durangon. Landako gunetik ehun metro eskasera egin baitzituzten The Purple Meridians topaketak. Egitasmoaren hirugarren edizioa izan zen eta, aurreko biak Katalunian izan ondoren, Euskal Herriko txanda heldu zen. Ekimenaren helburua izan da emakumezkoek zinema egiterako orduan aurkitzen dituzten zailtasunak partekatzea, baina baita euren arteko elkarlana aukera bat den aztertzea ere, distantziak distantzia. 10.00ak aldera parte-hartzaile gehienak Durangoko Euskaltegian zeuden, bai han bertan fisikoki, zein bideodei bidez. Izan ere, nazioarteko gatazkak eta politika migratzaileak begien bistakoak izan ziren topaketetan, arrazoi anitzengatik. Hasteko, bi zinemagile kurdu ezin izan ziren bertaratu. Bat Turkiak jartzen dizkion mugen ondorioz, eta bestea Schengen segurtasun espazioak ez duelako aitortzen pasaporte siriarra. The Post (Film) Collectiveko beste bi kidek ere pantailaren bestaldetik jarraitu zituzten solasaldiak, errefuxiatuak baitira eta ez baitaukate baimenik euren egungo kokapena uzteko. Edonola ere, pantaila ez zen izan oztopo, lehen hitzartzean, errealitateak zaplazteko izugarria emateko. Ainhoa Olasok aurkezpena egin bezain pronto, Mira Sidawi palestinarrak mahai gainean jarri zuen topaketaren gainean hegan ari zen gaia: Gazako sarraskia. Sidawi Libanon bizi da eta bere filmak, “The Wall” -Irudienean proiektatu zena egun berean-, umorez islatzen ditu Sabra eta Shatilan bizi diren gazte palestinarren ametsak, pelikula labur bat grabatzen saiatzen diren lau lagunen abenturen bidez. Hala ere, filmaren aipamen handirik ez zen egon. Amorruaren eta tristuraren lekuko bizia izan zen Sidawi, eta malkoen artean gogoratu zuen herri palestinarrari eskubide guztiak ukatu zaizkiola kolektiboki -defentsarako eskubidea, lurralderako eskubidea...-, baina baita norbanakoei ere, eta deskribatu zuen zein latza den Libanon errefuxiatu izatea. Hain zuzen, berak lanari esker errefuxiatu kanpalekua uzteko aukera izan zuen, baina jabetza pribatua -etxea, alegia- oraindik kimera da berarentzat. Palestinarraren hitzen ondoren, isiltasuna iritsi zen topaketetara, berunaren pisuarekin, baina parte-hartzaileek laster apurtu zuten isilunea, herri palestinarrari elkartasuna adierazteko. Horren ondoren, zaila izan zen haria berreskuratzea, baina Kristina Beresain kazetariak heldu zion betebeharrari. Goizeko txandak gerra zuen ardatz, eta kazetari euskaldunak, hain zuzen, eskarmentu handia dauka gatazka ahaztuetan buru-belarri sartuta dauden herrietan; besteak beste, Palestinan eta Saharan. Azken gatazka politiko hori “basamortuen basamortu” izendatu zuen, eta gogoratu zuen Gazan zegoela 2005ean, egungo sarraskia nolabait forma hartzen hasi zenean, armada israeldarraren irteerarekin eta lotsaren harresiaren eraikuntzarekin. Rojavatik Sevinaz Evdike Gatazka ahaztuak aipatu eta gero, Sevinaz Evdikeren txanda heldu zen. Evdike Rojavatik konektatu zen topaketara, eta zinemaren garrantzia goraipatu zuen, errealitatea eraldatzeko tresna gisa. Berez, kurdua Zinemaren Komunako sortzaileetako bat da eta proiektu horrek Siriako Ipar Ekialdeko herritarrak zein kanpotik etorritako boluntarioak barnean biltzen ditu. Bere errealitateari dagokionez, zuzendariak deskribatu zuen zein zaila den egun Siriaren mende dauden hiri kurduetan bizitzea, drone turkiarrek etengabe bonbardatzen baitituzte autoak eta ibilgailuak, komunitateko lider politikoak, militarrak eta kulturalak erailtzeko. «Arraroa da ezin zarelako ohitu, baina are arrotzagoa da ohitzen zarenean», aipatu zuen Evdikek. Nabarmendu beharra dago militar turkiarren jomugan egon daitekeen herritar bat Nariman Evdike bera dela, hau da, Sevinazen ahizpa. Autoadministrazioaren Jazira Kantoiko Kultura Ministroa da Nariman, eta Euskal Herria bisitatu zuen duela bi urte, Kobane eta Durangoren senidetasun akordioaren testuinguruan. Lara Vilanovaren hitzartzea. Bere ustez, kurduen borroka munduko iraultza demokratiko eta feminista garrantzitsuena da. (Aitor AIARALDEA) Rojava alde batera utzi gabe, Lara Vilanova izan zen hurrengoa bere ekarpena egiten. Katalana argazkigintza zuzendaria da eta, adibidez, “Sinjar” eta “The return: Life after ISIS” proiektuetan parte hartu du. Azken dokumental horretan Alba Sotorrarekin aritu zen elkarlanean Estatu Islamikoko Mendebaldeko emakumeen patua azaltzen; kurduen errefuxiatu kanpalekuetan harrapatuta, gizarte siriarrak ez baititu euren artean nahi eta euren jatorrizko gobernuek ez baitute herriratzeko gogorik ere. Vilanovak azaldu zuen herri kurduaren borrokara hurbildu zela, bere ustez, munduan gertatzen ari den iraultza demokratiko eta feminista garrantzitsuena delako. Aldi berean, Ekialde Hurbilean lan egin izanak begiak ireki zizkion eta aldarrikatu zuen edozein ekintza politikotan ezinbestekoa dela geopolitika bera aintzat hartzea, Palestinan, Kurdistanen edo munduko beste txoko batean gertatzen diren gatazkek harremana baitute. Itziar Ituñok ere tartea hartu zuen zenbait esperientzia partekatzeko, eta Palestinari elkartasuna adierazi ostean -eta hurrengo egunean Gernikan egon zen ekitaldian parte hartzeko deia zabalduta-, aitortu zuen lotura handia sentitu zuela parte-hartzaile guztiekin. Halaber, azaldu zuen zineman ere, boterearen edo diskurtso hegemonikoaren kontrako jarrera duen edonork boikot kanpainak pairatzeko arriskua duela, berari gertatu zitzaion moduan. Politika migratzaileak Gerraren beste fronte ezkutua da politika migratzailea eta mugak ixteko joera. Hain zuzen, hori izan zen The Post (Film) Collectiveren abiapuntua. Bere kideak oso bestelako ikuspuntuetatik mintzatu ziren. Greziakoa zenak argitu zuen bere hasierako asmoa itsasoari buruzko dokumentala egitea zela, baina Lesbosera heltzean konturatu zen ozeanoaren erraietatik hildakoen gorpuak heltzen zirela hondartzetara. Hori ikusita, hausnartzen hasi zen zer-nolako ekarpena egin ahal zuen zorigaiztoko bidaia horietako protagonistek eurek zinemaren bidez azaltzeko euren bizipenak eta traumak, haien ahotsa ordezkatu gabe. The Post (Film) Collective agertu zen horrela, eta Siria zein Buryatiako kideek ere parte hartu zuten eztabaidan, euren kasuan telematikoki, biak ala biak errefuxiatuak baitira, oso bestelako ibilbideak izanik ere. Siria, bistakoa denez, 12 urteko gerran itota dago. Buryatia, aldiz, Errusiar Federazioko errepublika da, Siberian, eta bertako herritarrak salatu zuenez, errusiarrek kolonizatua dago: «Ezin da egon hain herrialde handirik kolonizaziorik gabe, eta jadanik Buryatiako jatorrizko etnia gutxiengoa da». The Post (Film) Collectivek, bide batez, deskribatu zuen nola egiten duen lan zinema jaialdiekin: «Ez gaude jaialdietan kolorea emateko edo ezer zuritzeko. Gure helburua da errefuxiatuen traumak eta minak erakustea, eta horregatik, oso klausula zurrunak sinarazten dizkiegu antolatzaileei». Zaintza erdigunean Arratsaldeko eztabaidaren hitzaurrea Irudienean egin zen eguerdian, non Mary Jirmanus Sabaren “A labor theory of artistic value” film laburra ikusteko aukera eman zuten. Pelikula abiapuntua izan zen bigarren saiorako eta, Ainhoa Olasok aitortu zuen moduan, Euskal Herrian egondako greba feministaren ondoren, irrikan zegoen zaintzari buruzkoak entzuteko. Dena den, sentimendu horrek berehala egin zuen topo errealitatearen gordintasunarekin, Mary Jirmanus Sabaren senarra palestinarra baita, eta etxean egoera nola bizitzen ari zen islatu baitzuen, bere bikotearen lagunak eta senideak hiltzen ari ziren une horietan. Esperientzia horiek giroa hoztu ordez, nahikotxo berotu zuten, eta beste zinemagileek euren elkartasuna adierazita, sortutako loturak zinema eta zaintzaren harremanean sakontzeko parada eskaini zuen. Jenio artistikoa Hain zuzen, Mary Jirmanus Sabaren film laburraren muina probokatzailea bezain argia da, eta eztabaida fokuratzen du zaintzen eta amatasunaren zaman. Emakume batek bere seme-alaben ardura hartu behar badu, inoiz ez du izango denborarik bere gaitasun artistikoa garatzeko. Hori historian zehar gertatu bada, jenio artistikoaren mitoa -gizonezkoa eta zuria- kolonizazioaren emaitza gisa agertzen da. Ingalaterrako industrializazioa ezin bazen gertatu Kingston eta bestelako kolonietan egindako arpilatze barik, gizonezkoen artelanak ezingo lirateke existitu amek edo bikoteek egindako zaintza lanik gabe. Kristina Beresain eta Itziar Ituño, Durangoko topaketaren une batean. (Aitor AIARALDEA) Adierazpenak -umorez egindakoak, gainera- bere zinemagile kideen miresmena piztu zuen eta bakoitzak bere bizipenak azaleratu zituen. Esaterako, Ahu Ozturk kurduak oroitu zuen nola bere ekoizleak behin behartu zuen nazioarteko zinema jaialdi batera joatera, seme-alabak gaixorik zeuden bitartean. «Errudun sentimendua eragin zidan hori egin behar izateak», onartu zuen. Claudia Tosi italiarrak antzeko eskarmentua zuen: «Nik nire ama zaindu behar izan nuen hainbat urtez. Ez zuen gaixotasun larririk, baina ezin nuen bakarrik utzi. Bitartean, nire lagun guztiak leku batetik bestera joaten ziren eta ez zuten ulertzen nik ez egitea. Eta gehiago esango dut. Seme-alabak zaintzeko bidaiatzeari eta bizitzeari uko egiten diozunean, jendeak ulertzen du, gutxi gorabehera, baina gizaki nagusi bat zaintzeko egiten duzunean, inork ez du ulertzen!» aitortu zuen, barreak eraginda. Tosik zaintzen defentsa sutsua egin zuen: «Hasieran izorratzen zara beste leku batean egon nahi duzulako, baina onartzen duzunean, nolabaiteko dimentsioa ematen dio zure bizitzari». Zinemagile desgaituak zer? Durangora bertaratzeko baimena lortu ez bazuen ere, Lisa Calan zuzendari eta ekintzaile kurduak ere bere alea jarri zuen The Purple Meridians topaketetan. Diyarbakirreko sortzaileak 2015ean galdu zituen hankak. Zehazki, HDP koalizio kurdu ezkertiarraren ekitaldi batean Estatu Islamikoak lehergailua jarri zuen, eta erasoan jasandako zauriek bizitza erabat aldatu diote. Bere iritziz, munduak ikuspegia aldatu behar du: «Pertsona desgaituok zerbait ez bagenu bezala ikusten gaituzte, baina guk eskubide berak ditugu. Uste dut mugimendu feministak berak ere ez duela gai hau nahikoa lantzen». Zailtasunak zailtasun, Calanek mezua bidali zuen, grabaketa baten erdian zegoelako. Nazioarteko gatazkak oso begien bistakoak izan ziren: bi zinemagile kurdu ezin izan ziren bertaratu eta The Post (Film) Collectiveko bi kide ere ez, errefuxiatuak direlako Ainhoa Olasok aurkezpena egin bezain pronto, Mira Sidawi palestinarrak mahai gainean jarri zuen hasieratik topaketaren gainean hegan ari zen gaia: Gazako sarraskia Sevinaz Evdike Rojavatik konektatu zen, eta errealitatea eraldatzeko zinemak duen garrantzia goraipatu zuen; are gehiago Turkiak etengabe zigortzen duen lurraldean Mary Jirmanus Sabaren «A labor theory of artistic value» film laburrak aukera ederra eskaini zuen zaintzaren inguruko gogoeta kolektiboa egin eta plazaratzeko