Juantxo EGAÑA

DILIGENTZIA-AUTO BAT IRUÑETIK IRTETEN, 1900. URTEAN

(ANSELMO GOÑI NAGORE. IRUÑEKO UDAL ARTXIBOA.)

1900. urtean gaude, mende aldaketa betean. Argazkian, diligentzia-auto bat ikus daiteke, Irunberrira eta Zangotzara bidean, Iruñetik irteten. Irudi berezia da, beste garai bateko arratsalde eguzkitsu batean egina. Bidaiariak autoaren barruan zein goiko aldean doaz, ekipajearen ondoan. Kotxea pasatzea ia ikuskizun bat da, txakur bat zaldien ondoan korrika dabilela. Bertan dauden oinezko gutxi horiek bidaiariei begira daude, eta argazkiaren hondoan, berriz, inude bat ikus daiteke, bere haur-kotxetxoarekin paseatzen. Argazki honen egilea Anselmo Goñi Nagore da, jakitun izan gabe duela 100 urte baino gehiago garai hartako bidaiak nolakoak ziren erakusteko testigantza paregabea utzi digun argazki-zalea. Anselmo Goñi medikua eta Iruñeko Udal Ongintzako burua izan zen, eta haren irudi gehienek Nafarroako hiriburuko hiri-paisaiara hurbiltzen gaituzte.