Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Entrevista
Maitane ORMAZABAL eta Telmo LAZKANO
«Nerabeen garrasia. osasun mentala aldaketa garaian» liburuaren egileak

«Nerabezaroa berez krisi garaia da eta orain, pantailekin, krisi hori areagotu egin da»

Ormazabal psikoterapeuta da eta haur eta nerabeen errealitatea sakon aztertu du. Lazkano, sare sozialetan eta pantailetan aditua. Bien artean egungo nerabeen garrasia identifikatzen saiatu dira, inori errua botatzeko baino, egoera ezagutu eta etorkizun osasuntsuagoa marrazteko.

(Argazkiak: Andoni CANELLADA | FOKU)

Haurrek eta nerabeek pantailekin duten harremanak kezka handia sortzen du. Erabilera goiztiarrak eta okerrak zer-nolako ondorioak dituen ikusten ari gara, osasun mentalak okerrera egin du eta gurasoak eta hezitzaileak kezkatuta daude. Testuinguru horretan osatu dute Telmo Lazkanok eta Maitane Ormazabalek “Nerabeen garrasia. Osasun mentala aldaketa garaian” liburua.

Nerabeen garrasia aipatu duzue liburuan. Zer ari dira oihukatzen eta jendarteak entzuten ote ditu?

[Maitane Ormazabal]: Gaur egungo nerabeek denbora daramate garrasika. Eskerrak orain mugimendu bat sortu den eta pantailek eragiten duten eraginari begira hasi garen. Izan ere, sufrimendua urteetan zehar egon da eta orain gorakada nabari bat gertatu da. Antsietatea eta depresioa bezalako hitzak askotan entzuten ditugu eta ‘antsietatea’ hitzaren azpian dagoena sufrimendua da. Zein erraz esaten dugun “gure gaur egungo gazteek antsietatea dute” eta, aldiz, zein zaila egiten zaigun esatea “gure gaur egungo gazteak sufritzen ari dira”. Sufrimendua hitzak beste pisu bat dauka. Datuek esaten dute egoera larria dela eta gazte asko beren burua erasotzen ari direla. Egoera horretan pieza asko daude eta mugikorra da horietako bat. Liburuan hiru faktoretan jarri dugu fokua.

Ados. Zein dira hiru faktore horiek?

[M.O.]: Garrasi edo sufrimendu hori zer den ulertzeko, testuingurua garrantzitsua da. Gaur egun haurrak eta gazteak burbuila emozional batean sartu ditugu, horrek dakarren guztiarekin. Helduok ditugun beldurretatik babestu ditugu, ez dugu nahi haiek sufritzea, sufrimendu guztia ekidin diegu eta orain ez dakite sufrimendu horri nola aurre egin. Sufrimendua ezin da ekidin, gizakian dago. Orduan, zer egin dute haurrek eta gazteek? Pantailaren aurrean kokatu dute beren burua eta hor, ustezko erreminta emozional horretan, gauzak bilatzen ari dira. Eta horrek sufrimendua areagotu egiten du.

Burbuila emozionalaz gain, bakardade sentimendu ikaragarria daukate. Ez dira entzunak sentitzen, inoiz baino kasu gutxiago egiten zaie. Askotan helduok txikikeriatzat hartzen ditugu haien arazoak. Gainera, argumentu sinplistetara joateko ohitura dugu; alferra da, ez du ezer egin nahi, pertsona txarra da, gaizki egin du... eta ez gara konturatzen horren guztiaren atzean askoz handiagoa den zerbait dagoela. Nerabeen garrasia hori da, uler dezagun haien konplexutasuna. Nerabezaroa berez krisi garaia da eta orain, pantailekin, krisi hori areagotu egin da.

Hirugarren faktorea honakoa da; haien autoestimua eta identitatea sortzerakoan gero eta gaixotasun gehiago ari dira agertzen. Beti izan da zaila autoestimua sortzea, are gehiago nerabezaroan, baina gaur egun zaildu egin da. Zergatik? Pantailetan idealizazio ikaragarria daukate eta inoiz baino bakardade handiagoa sentitzen dute.

Hiru faktore horien gainean dago nerabeen sufrimendua. Eta sufrimendu horrek lau erpin dauzka: min emozional eta mental handia daukate, zama sentitzen dira, etsipena sentitzen dute eta beren buruaren etsai propioak izaten hasi dira. Imajinatu sufrimendu edo garrasi horren azpian zer dagoen.

Nerabeak pantailei itsatsita ikusi eta errua haiena dela esaten da askotan. Liburuan arkitektura sozialaren garrantzia aipatzen duzue.

[Telmo Lazkano]: Arkitektura sozialak norbanako guztien garapenean dauka pisua, pertsona oro inguruarekin harremanetan garatzen baita, sistemekin. Lehendabizi familiaren sistema dago eta gero datoz besteak, ekonomikoa, soziala... orokorrean sistemen sistema batean bizi gara.

Norbanakoarengan eragin handiena dauka gertuen daukan sistemak, eta normalean hori familia izaten da. Autokritika egin behar dugu, pantailekiko mendekotasunak kausa izaera bat izan ohi duelako. Eta normalean horrela izango da, teknika teknologiko eta psikologiko oso indartsuak baitaude hori egia bihurtzeko, baina horrekin ohartzen garenean eta ezin dugunean erabilera hori hobetu, normalean esan nahi du ondoriozko izaera bat dagoela hor atzean. Zeren ondorio izan daiteke? Gure txikiek zer ikusi dute txiki-txikitatik? Jaten ez zutenean pantaila bat jartzen al zieten aurrean? Nork lasaitu ditu, gurasoen besarkada batek edo pantaila batek? Ondorioz, hortik aurrera zer bilatuko du lasaitzeko? Txupete digitala esaten dugu askotan, baina norentzat da? Txikiarentzat edo gurasoak lasai egoteko? Horri buruz hausnartu beharko genuke. Nerabe bat sareetan arreta eske dabilenean, zergatik ote da? Bospasei ordu ematen ditu sarean, zer ari da hor bilatzen errealitatean ez duena? Badugu zer hausnartu. Helburua ez da errudunak topatzea, baizik eta erantzukizunak nondik datozen ikustea, hori baita etorkizun osasuntsu bat eraikitzeko bidea. Txanponaren bi aldeak hausnartu ditzagun; teknologiaren benetako izaera eta testuinguruaren eragina.

Garunaren garapenaz hitz egiten duzue liburuan oso modu argigarrian. Zergatik gara hain moldagarriak nerabezaroan?

[M.O]: Haurra bere identitatea eta autoestimua garatzen ari denean, atxikimenduaren arabera, bere gertukoekin, bere mikrosistemarekin egiten du. Bere garuna osatzen joango da ingurukoei begira. Baina nerabezaroan nerabea bere identitate propioa sortzera doa, konturatzen da bera ez dela bere gurasoak, ez dela bere laguna... eta hor haustura bat gertatzen da. Helduok asko mugitzen gaituen unea da, beldur asko sortzen zaizkigu eta askotan ez dugu uzten prozesu natural hori ondo joan dadin. Haustura horretan nerabea bere berdinekin identifikatzen da eta hor hasten da bere identitatea birsortzen. Orain gertatzen ari dena zera da; birsortze hori beste garun batekin, beste berdin batekin egin beharrean, mugikorrarekin egiten ari dira.

[T.L.]: Garunaren garapena nerabezaroan sutsuki ari da kanpo estimuluak bilatzen, pentsatzen du dagoeneko inguruko garun horiek -gurasoenak adibidez- dagoeneko ezagutzen dituela eta kanpora begiratu behar du garapena emateko. Nerabezaroan aparatu emozionalaren egoera ondorengoa da: sentitzen dugun informazio oro sistema linbikoaren bitartez prozesatzen dugu. Bertan aurkitzen ditugu accumbensa -plazer bilatzailea- eta amigdala -arriskuak prebenitu nahi dituena-, eta bi horiei laguntzen, hipokanpoa. Hipokanpoa Google bilatzailearen antzekoa da, gure esperientzietan barrena ibiltzen da ahalik eta erabaki onena hartzen laguntzeko.

Adibide bat jarriko dut. Taberna batean gaude ligatzeko asmoz eta pertsona erakargarri bat ikusi dugu. Accumbensak garbi esango du, “hurbildu zaitez, gozatzeko aukera duzu”. Amigdalak, aldiz, esango du, “kontuz, gogoratu azken aldiz horrela hurbildu zinenean zer gertatu zen”. Bitartean, hipokanpoa esperientzia horien bilaketan egongo da, informazioa bildu nahian, ea aurreko esperientzien antzik duen, berdin begiratu digun... hori guztia balantzan jarriko du cortex singulatuak, erabaki onena zein ote den hausnartu nahian. Baina sinfonia neuronal horretan azken erabakia hartuko duena cortex prefrontala izango da, bera baita instantzia guztien berri daukana.

Noiz esaten da erabaki helduak hartzen ditugula? Bada, sinfonia neuronal horretan instantziek hitz egin behar dutenean hitz egiten dutenean eta isildu behar dutenean isildu egiten direnean. Aintzat hartu behar dugu garunaren garapena atzetik aurrera ematen dela eta atzeko partean instintu primitiboenak dauzkagula. Nerabezaroan accumbensak agintzen du, bera dago garatuena. Aldiz, amigdala, hikopanpoa eta batez ere cortex prefrontala garatzeko daude. Ondorioz, gure nerabeak ez dira gai beren ekintzen epe ertain eta luzeko ondorioak aurreikusteko, ezta inpultsibitatea modu naturalean kontrolatzeko ere. Ondorioz, mugikorraren erabilera egoki bat egitea oso zaila da. Garunaren garapen hori emateko beste garun baten beharra du eta haren ispilu bezala jokatuko du. Kasu honetan garun artifizial bat izaten ari da. Hortik datoz gaur egun gertatzen diren dinamika asko.

Liburuan nerabeak autonomiarantz egin beharreko bidea nabarmentzen duzue eta gurasoek bidaide izateko modu desberdinak biltzen dituzue, animaliekin parekatuz. Adibide argigarriak dira.

[M.O.]: Esan beharra daukagu ez dagoela ideal bat. Errealak izan behar dugu. Egia da guraso batek liburu hau irakurtzen duenean errua sentitzen duela eta gaizki sentitzen dela, eta hori ez da helburua. Helburua da konturatzea zer ari den gertatzen, non gauden eta zer aldatu dezakegun.

Animalien konparaziora etorrita, bi zatitan banatzen dugu ariketa; konduktualki eta emozionalki. Konduktualki, kanguruak izan gaitezke. Bere txikia barruan eta babesean eramaten du, eta gaur egun joera hori asko ikusten da, lehen aipatu dugun burbuila emozionala adibide honetan dago. Kontrol handia daukagu eta irudituko zaigu beti egongo dela norbait gure txikia babestuko duena. Eta mundu honetan gauza ziurrik ez dago.

Bestea errinozeroa da, gogorragoa, dena autoritatearen bidez egiten duena. Autoritatea behar dute, mugak behar dituzte, baina neurrian, emozionaltasuna mugatu gabe. Eta bestea izurdea da, atzean edo alboan. Ez dago une oro begira, utzi egiten dio bere txikiari aurretik joaten, baina ondoan dago. Eta gaur egun nerabe askok sentitzen dute ez dagoela inor ondoan. Epaitua sentituko da, gehiegi babestua edo lagundua. Hiruretan, izurdea da osasuntsuena.

Emozionalki, berriz, adibiderik egokiena San Bernardo zakurra izatea da. Sendoa, lasaia, baina ondoan egoten da eta babesa ematen du. Nola gaude helduak? Oso mugituta. Eta gazteek sostengua behar dute, norbaitek mugak jartzea nondik nora joan jakiteko. Gaur egun gu oso mugituta gaude, dena da lanbroa.

Beste bi animaliak ostruka eta medusa dira. Ostrukak ez du ezer ikusi nahi, ez du konturatu nahi, autoengainatu egiten da. Medusa, aldiz, gardenegia da. Bere bizitzan pasatzen den karga emozional guztia bere txikiei transmititzen die, eta hori ere ez da. Helduak bere burua sostengatu behar du. Erakutsi bai, baina ez jarri karga guztia.

Beraz, konduktualki izurdea eta emozionalki San Bernardoa izatea da egokiena, edo horietara joatea behintzat. Ez da erraza, baina poliki-poliki joan gaitezke animalia hauen antza hartzen.

Guraso izateko modua aldatu da. Liburuan aipatzen duzue guraso perfektua izateko obsesio bat. Badago krisi bat horretan ere, ezta?

[T.L.]: Nik uste dut erakusleiho batean bizi garela. Gure ekintza guztiak guztien begien aurrean jartzen ditugu eta horrek ikaragarri baldintzatzen gaitu.

Bestetik, liburuan ere aipatzen da beste fenomeno bat. Errealitatearekiko sortu dugun pertzepzioa ez da oso zilegia. Gizarte oso anker batean bizi garela uste dugu, oso arriskutsua dena, eta hezitzaile bezala berezkoak ditugun beldurrak are handiagoak bihurtu ditugu. Eta beldur hori ekintzetara pasatzeko tresnarik eraginkorrena eskura utzi digute: teknologia. “Oso herri zail eta arriskutsu batean bizi naiz eta eskura daukat smartwatch bat nire haurra non dabilen jakin ahal izateko; bada, erabili egingo dut”. Hori da gertatzen dena. Gero eta presio handiagoa dago guraso on bat izateko eta horrek eragina dauka.

[M.O.]: Kontrola galdu dugu. Beldurraren eta kontrolaren gizartean bizi gara, eta gure nerabeak horren ondorio dira. Guraso bezala oso epaituak sentitzen gara, idealizazio handia gertatu da eta oso espektatiba altuak ditugu. Gure seme-alabak artelan bat bezala irudikatzen ditugu eta ahalik gehien kontrolatu nahi ditugu -erlojuak, mugikorrak...-, guk nahi dugun bide horretatik ez daitezen urrundu. Gure nerabeak diren hori izango dira eta gu, guraso bezala, garen hori izango gara. Goazen denon artean hau guztia hobeto egitera, baina kontrolaren eta beldurraren bidez min handia egin dezakegu.

Liburuan sare sozialen limurtze teknikak xehe deskribatzen dituzue. Casinoetako tekniken antza daukate eta helburua da erabiltzailea ahalik eta denbora gehiena egotea pantailari lotuta.

[T.L.]: Teknika psikologiko eta teknologiko horiek denak xehe-xehe azaltzen dira liburuan. Zerbait erosteko orduan, mesfidantza pixka bat izaten dugu eta saiatzen gara ziurtatzen ea material egokia duen, garantia duen... hori gertatzen da nolabait ordaindu egin behar dugulako. Baina zer gertatzen da mesfidantza horrekin produktua dohain eskaintzen digutenean? Desagertu egiten da eta fidatu egiten gara. Sortzen eta mantentzen izugarri garestiak diren aplikazioak zergatik eskaintzen zaizkigu doan gutako orori une orotan? Eta zerbait dohainik eskainiz nola bihurtu dira munduko aberatsenak enpresa teknologiko hauek guztiak? Galdera zera da: dirutan ordaindu ez badugu, nola ordaindu dugu? Produktua ordaintzen ez duzun unetik zu bihurtzen zara produktu. Eredu honi arretaren ekonomia esaten zaio. Gero eta denbora gehiago pantailaren aurrean, guri buruzko informazio gehiago eskuratzen dute eta guregan manipulazio ahalmen handiagoa dute. Hori da saltzen dutena. Gure arreta finitua da eta eredu ekonomiko horretan enpresa asko dabiltza lehian. Horregatik, teknika psikologiko puntakoenak erabiliz gure arreta ahalik eta gehien eskuratzen saiatzen dira eta albo-ondorioek ez dute axola.

Depresioa, antsietatea, elikadura nahasmenduak. Lehen ere baziren nerabeen artean, baina datuek diote asko areagotu direla.

[M.O.]: Asko. Garai bakoitzak bere arazoak ditu, bere minak, beharrak... Orain arte ‘umeen gauzak’ balira bezala hartu dira. Orain geratu eta erreparatu behar dugu hau guztia benetan gertatzen ari dela, datu eta zifra bakoitzaren atzean pertsona bat dagoela, sufritzen ari dena. Laguntza eskatzen ari den lehen belaunaldia dira eta ikaragarrizko urratsa da. Gertatzen ari den guztiak balio badu behingoz osasun mentalari eta emozionalari behar duen tokia emateko, ona izango da. Gazte asko abandonatuta sentitzen dela esaten dugunean ez gara esaten ari kalean utzi dituztenik. Akaso seme-alaba abandonatzea da AEBetara bidaltzea ikastera, beretzat onena delakoan. Akaso berak behar duen bakarra gurasoen ondoan egotea da. Helduak sagarrak eskaintzen ditu eta nerabeak madariak eskatzen ditu, biek intentzio onenarekin. Horregatik hasi dira garrasika. Gaitz hauek guztiak lehen ere baziren, baina ez ziren azaltzen. Orain gaitz horien inguruan hizketan hasi gara eta hori ona da. Baina adinean asko ari dira jaisten, hori da errealitatea. Osasun mentaleko arazoek gora egin dute eta adinean asko jaitsi dira. 7-8 urteko haurren autolesioez ari gara; elikadura nahasmenduak ere asko jaitsi dira adinean.

[T.L.]: Mundu mailan eta batez ere mendebaldeko herrialdeetan gertatzen ari diren patologiak dira. Datuak oso latzak dira. AEBetan adibidez 15-19 urte bitarteko nesken artean beren burua zauritu dutenen kopurua %62 handitu da sare sozialen etorreraz geroztik. Eta 10-14 urte bitartekoen artean %189 handitu da, eta Covid aurreko datuak dira. Era berean, %70 egin du gora 15-19 urte bitartean beren buruaz beste egin duten pertsonen kopuruak, eta %151, 10-14 urte bitartekoen artean.

Mugikorraren faktorea puzzle oso konplexu baten pieza bat da, baina ez kausa bakarra. Bestelako pieza horiek azaltzen saiatu gara liburuan.

Datu latzak entzunda, ireki diezaiogun leihoa esperantzari. Nerabeek garrasi egin dute, jendartea entzuten hasi da. Eta orain, zer?

[M.O.]: Entzute aktibo handi bat behar dute nerabeek, ondoan behar gaituzte inoiz baino gehiago. Gurasoen artean eta eskoletan sortu diren mugimendu horiek ikusita, uste dut konturatu garela teknologia horiek guztiek gu urrundu gaituztela eta mugikorra gerturatu, eta horri buelta eman behar zaio. Mugikorra urrundu eta gu gerturatu beraiengana. Nerabeekin lan egiten dugunok badakigu desiratzen daudela hitz egiteko, gauza asko egiteko, baina askotan ez dakite nola egin. Eta hor sartzen gara gu. Gaitasun eta konpetentzia digitalak eta emozionalak behar dituzte. Eta horretarako gaude gu, horretarako behar gaituzte.

[T.L.]: Ezezagutzak beldurrarekin jokatzera eramaten gaitu. Covid garaian garbi ikusi zen hori. Aldiz, ezagutzak eta informazioak errespetuz jokatzera eraman gaitzakete. Nerabeekin eta teknologiarekin berdin gertatu da, ikaratu egin gara, baina jada ezagutza barneratzen ari gara eta zentzuz jokatzen hasi behar dugu. Osasun mentalaren eta mugikorraren auzi honetan bost zutabe nagusi marraztu ditugu beldurretik errespetura pasatzeko.

Ados, zein dira bost zutabe horiek?

[T.L.]: Batetik, adina errespetatzea funtsezkoa da. Lehen aipatu dugu garunaren une ebolutiboa, aparatu emozionala nola dagoen, eta garapen horrek denbora behar du. Baina adina atzeratzeak ez du ziurtatzen erabilera egokia izango denik. Heziketa integrala beharrezkoa da, bai teknologiaren erabilera irakatsiko diona eta baita txanponaren beste aldea erakutsiko diona ere; zein teknika, interes eta ondorio dauden.

Horrekin batera, helduok bidelagun eta eredu izan behar dugu, ezin diegu eskatu gu egiteko gai ez garenik. Eta elkartu egin behar gara, familiak, eskolak, erakundeak... horrek sekulako indarra ematen digu. Laugarren zutabea legeria koherente bat bultzatzea da, eta aplikazio seguruagoak ere behar dira. Hemen batzuk galdera kritikoa botatzen dute: autoa sortu zuenari leporatu behar zaizkio auto-istripuak? Bada, seguruenik ez. Baina merkatuak auto seguruagoak eskatu ditu eta gero eta auto seguruagoak ditugu. Demagun merkatu arrazoi bat dela-eta ez direla ari auto seguruak egiten, nahiz eta egiteko modua izan. Orduan, izango lukete erantzukizuna, ezta? Bada, hemen berdin-berdin gertatzen da. Aplikazio seguruagoak egin daitezke, gertatzen dena da merkatu arrazoiengatik eta arretaren ekonomian oinarritzen direlako -beren arteko lehia oso sutsua delako-, ez dituztela pauso horiek ematen. Goazen legeria koherente batekin urrats horiek behartzera. Ari gara Europa mailan, eta AEBetan ere duela gutxi Meta enpresa auzipetu dute 41 estatu federalek nerabeen artean mendekotasuna sortzen ari zelako eta buru gaixotasunak bultzatzen ari zelako.

Ez dakit zein unetan normalizatu dugun logika algoritmiko hauen bitartez Blackout Challenge bezalako erronkak zabaldu izana eta lehen astean zortzi haurren heriotza eragin izana, aplikazioak inolako erantzukizunik izan gabe. Bada garaia erakundeen aldetik honi aurre egiteko.

Eta, azkenik, beste zutabe bat; inteligentzia emozionala garatu behar dugu kanpo garapen horri eusteko.

Liburuan jolas librearen garrantzia aldarrikatu duzue; etxetik egitekorik gabe kalera ateratzea eta kaleko argiak itzali arte ez bueltatzea.

[M.O.]: Bizitzara atera behar dugu. Beste bizitza paralelo bat sortu dugu mugikorraren atzean eta hor ez dago bizitza erreala, kanpoan dago. Baina batzuetan kanpoko horrek nolako beldurra ematen digun. Kanpoko hori bizi behar dugu, gauza zoragarriak daude, baita txarrak ere, bizitzak denetarik duelako. Pantailetatik atera behar dugu, guztiak berriro bizitzari balioa emateko eta bizitza miresteko.