23 DIC. 2023 Aldatu da zerbait Maddi AIESTARAN IPARRAGIRRE Prender euskaraz omen da: 1, heldu, oratu. 2, lotu, finkatu. 3, su eman, sutu. Eta lau, eta bost, eta sei... Ez dakit, egia esan, zein adiera darabilen Bad Gyal-ek “La prendo” kantuan; elkarri heltzeaz, elkarrengana lotzeaz eta elkarrekin sutzeaz ari zen Aissa Intxausti. Bertso finalak izan dira orain arte urduritasuna, apustua, sintonia, isiltasuna, txaloak, agurrak, gorputz zurrunak, potoa, txutxu-mutxuak, ofizio aspergarriak, azken puntu potenteak, iskanbila, komunera txangoak, bertso pila bat, epaileen puntuazioa, batzuen poza eta besteen muturra. Eta bertsozaleek begiratu izan diote txapelari, zortziko txikiko lapsusari eta bakarkako ez hain asmatuari. Pasa den larunbatean, Bilboko Miribillan beste zerbait gertatu zen, baina. Bertso final bat izan zen, bai, bere urduritasun, bere apustu, bere sintonia, bere txalo, bere poto, bere ofizio aspergarri, bere puntuazio… Baina gertatu zen zerbait ez dena gertatu orain arte, eta nahi nukeena hemendik aurrera askotan gerta dadin. Briz-briz kolektiboa deitu dio txapeldunak. Ofizio ondorengo bizkarreko kolpetxoak bihurtu ziren besarkada estu. Pozak bihurtu ziren kolektibo. Jendezko olatuek lortu zuten behingoz oholtza gaina bustitzea. Oholtza bihurtu zen harmaila bezain itsaso. Txaloak bihurtu ziren maitasun. “La prendo” bihurtu zen bertso doinu. Hunkidura bihurtu zen oso kolektibo. Ausardia erdigune. Elkar maitatzeari egin zitzaion toki Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean; eta nik, norabait mugitu nahi izatekotan, horrantz egin nahiko nioke putz bertso munduko aire estankatuari. Izan dadila inflexio-puntu bat bertso munduan. Ni sinetsita nago hala izango dela. Eman diogula su, eta segituko dugula suari puzka. Aldatu dela zerbait, egin duela klak, eta segituko dugula aldarazten. Hauxe behar zuen bertso munduak. •