23 DIC. 2023 { DATORRENA } Lehiakortasuna, kooperazioaren bidetik Iñaki Soto Lehiaketaren ikuskizunera hain ohituta dagoen jendarte batean, sariak eskertzeko moduak badu protokolotik zerbait. Honelakoetan, gauza batzuk ezin dira ahaztu -lankideekin eta familiarekin esker onekoa izatea-; beste batzuk, berriz, arriskutsuak dira -euforia eta gogoeta serioak ez dira beti lagun onak-. Honezkero, pozaren kutsagarri, xelebreak eta are lotsagarriak ere diren ospakizunak ikusi ditugu. Jakina, gustatzen zaigu «gureak» irabaztea, gure kuttunak, eta hunkitu egiten gaitu garaitzean beren bertsiorik onena erakusten dutenean. Ordezkatzen gaituzte. Aste honetan bitan sentitu dut irabazleek euskal jendartearen onena ordezkatzen zutela. Joan den larunbatean "20.000 clases de abejas" filmak Forque Saria irabazi zuen. Pelikula zoragarria da, miresgarria. Transexualitatera hurbiltze bat da, protagonista duen Aitor-Cocó-Lucía haurraren istorioaren bidez. Esti Urresola zuzendariak gogoeta bat egin nahi izan zuen; saria jasotzearen ekintzarekin kontraesankorra izan zitekeen gogoeta, ordea, berak onartu zuenez. Espainiar Estatuan egiten den zinemari buruz, Urresolak adierazi zuen orain anitzagoa dela, «bertan begirada berriak daude, zuzendari gehiago, arrazializatutako pertsona gehiago, hizkuntza gehiago... aniztasun handiagoa dago». Halere, kritika bota zuen: «Uste dut ekitaldi hauen inguruan garaileen eta garaituen narratibak sortzen direla, eta (...) ezin dugu geure burua lehiakide gisa ulertu, lankide gara». Galan falta ziren lanak eta sortzaileak gogoan, «gure lurraldeetatik kanpo historia egiten ari den zinematografia hain aberatsa eta hain garrantzitsua dugunean», sistema agerian geratzen dela salatu zuen Urresolak. Hortik abiatuz, proposamena: «Gure sormenetik ere pixka bat erabili behar da zinema baloratzeko eta ospatzeko modu bat asmatzeko, denentzako lekua izango duena». Ez da erraza, berak ere badaki. Egun berean, oso bestelakoa den baina lehiaketaren kodeak konpartitzen dituen testuinguru sortzailean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, Nerea Ibarzabalek irabazi zuen. Iraitz Mateok GARAn egindako elkarrizketan, lehiari nola aurre egin zion kontatzen zuen Ibarzabalek. Balio kolektiboa duten beste gogoeta pertsonalekin batera, Ibarzabalek honela amaitzen zuen: «Txapelketak eragiten du epai handi bat, zure burua etengabe baloratzen egote bat; eta ez txapelketan bakarrik, urte osoko plazetan ere bai. Nik ez dut bertsolaritza horrela bizi nahi, ez behintzat une oro». Kultura eta sorkuntza kooperatiboago baten aldarrikapen hauek oso positiboak iruditzen zaizkit. Gainera, gure kulturaren tradizio garrantzitsuetan txertatzen dira. Gure genealogiei helduz, adibidez, Joxe Azurmendiren "Gizabere kooperatiboaz" liburuak tradizio hori argitu duten zenbait gogoeta biltzen ditu. Lehia benetako arerioentzat gorde behar da. Batzuetan, proselitismoa heltzen ez den tokietara heldu daiteke kultura. Oldarraldi erreakzionarioaren, autoritarioaren eta berekoiaren aurrean, kooperazioaren balioa hobesten duten ikuspuntu antropologikoek jendartea askatasunaren, justiziaren eta berdintasunaren aldera bultza dezakete. Gainera, kooperazioa lehiatzeko beste forma bat da, sarri eraginkorragoa. Urresola eta Ibarzabal horren adibide dira. • La competencia debe reservarse a los verdaderos areros. Además, la cooperación es otra forma, a menudo más eficiente. Ejemplo de ello son