30 DIC. 2023 Entrevista Idurre ESKISABEL LARRAÑAGA EUSKALGINTZAREN kONTSEILUKO IDAZKARI NAGUSIA «Akordio soziopolitiko berri bat lortzea izango da, dudarik gabe, gure lan lerro nagusia» Idurre Eskisabelek lehen urtea bete du Kontseiluko idazkari nagusi bezala. Urte betea izan da, baita interesgarria eta ederra ere. Lantaldea ere berritu da eta espero du ekarpen batzuk egin izana. (Iñigo URIZ FOKU) Maider Iantzi Andoaingo Martin Ugaldeko bulegora egin diogu bisita Idurre Eskisabeli. Bilera izan dute eta, amaitutakoan, eguraldi ona probestuz, kanpoko mahaietan jarri gara. Oldarraldiaren urtea izan da, nahiz eta euskararen aurkako oldarraldia Euskal Herri osoan aspaldikoa den. Horrek hizkuntz politikak egiteko tresnak murrizten ditu, baina, Kontseiluko idazkari nagusiaren arabera, eragin txarrena da aitzinera begirakoak lantzen ari ordez iraganeko tresnatzat jotzen dituzten horien alde ari direla. Azaroaren 4an manifestazio handi bat egin zen Bilbon, “Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat” leloarekin. «Eskertzeko eta indartzeko momentu bat izan zen euskaldun eta euskaltzale guztiontzat eta, hortik harago, hizkuntza aniztasunean, errespetuan eta elkarbizitzan sinesten dugun guztiontzat», adierazi du. «Ardura handi bat ere eransten digu. Eskuekin ukitu ahal izan genuen, begiekin ikusi ahal izan genuen euskararen biziberritzearen aldeko adostasun sozial handi bat dagoela. Eta horrek gauzatze politikoaren garaian jartzen gaitu». Dudarik gabe, 2024an, akordio soziopolitiko berri bat lortzea izanen da Kontseiluaren lan lerro nagusia. Erabaki xeheetaraino Uztailean, Espainiako Konstituzio Auzitegiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Udal Legearen 6.2 artikulua, udalei euskaraz funtzionatzeko bide babestua ematen diena, partzialki baliogabetu zuen. Eta horren haritik, urrian, EAEko Auzitegi Nagusiak Udal Legea garatzen zuen dekretuaren kontrako epaia eman zuen. «Uztaileko epaiak, baliogabetze partziala zen heinean, uzten zituen akaso zirrikitu batzuk interpretaziorako. Aldiz, urrikoa oso erabaki xeheetaraino etortzen da. Esate baterako, udal batek euskara funtzionamendu arrunteko hizkuntza izatea erabakitzea gaitzesten du; beraz, geratzen den aukera bakarra da erabilera arrunteko hizkuntza gaztelania izatea. Oso erabaki larriak dira, eta jendartea ere ohartu da horretaz». Argazki indartsu bat Argazki indartsu bat ikusi genuen uztailean: Kontseiluak adostasun bat lortu zuen Konstituzionalaren ebazpen horri erantzuteko. «Azken urteetan ez da ohikoa izan EAJko eta EH Bilduko hautetsiak batera ikustea, are gutxiago protesta giro batean. Sinbolikoki ere indar handia izan zuen, aginte makilak eta uztaiak eskuan zituztela agertu baitziren. Independente batzuk ere baziren». Hor, oinarri bat jarri zen azaroaren 4ko mobilizaziorako. EAJ eta EH Bilduz gain, Sumar batu zen. Gehiengo sindikala ere bai. Eta Eskisabelek pentsatu nahi du 70.000 lagunetik gorako jendetza horren artean atxikimendua eman ez zuten alderdi batzuetako lagunak ere bazirela. Orain zer? Erreakzioan indarrak batzea errazagoa da proposamenean edo ekintzan baino. «Manifestazioan, Kontseiluaren asmoetan ez zegoen bakarrik oldarraldiari aurre egitea, baizik eta adieraztea hortik harago ere etorkizunera begira euskaldunon, euskaltzaleon eta hizkuntz aniztasunaren alde dagoen jende guztiak erronka handiak ditugula. Horiei erantzuteko, hizkuntza politiketan jauzi bat eman behar da. Adostasunetan sakondu eta zabaldu egin behar da». Hurrengo urratsak bi geruzatan ikusten dituzte. Batetik, Batuz Aldatu dinamikarekin jarraituko dute. Badute talde eragile bat oinarrizko adostasun sozialari bi zutabetan eusten diona: ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabiltzeko eremu erosoak sortzea. Horri proposamen politiko gisa zer forma eman, hori da orain ariketa. Bertzetik, oldarraldiari aurre egiteko indar politikoekin eta sindikalekin egin duten lanketak ere eskatzen du segida bat. «Bai egon zirenekin; momentu eta arazo zehatz horren gainean bat egitea posible egin zuten arrazoiak aurrera begira nola luzatu eta sendotu ditzakegun ikusteko. Eta bai egon ez zirenekin; galdetu zergatik ez ziren egon, jaso, eta geurearen berri eman». Obligazio parte bat Argi dute eremu politiko zabal batek ezagutzaren unibertsalizazioaren oinarri hori bere egitea eta eduki politikoz janztea sekulako aurrerabidea izanen litzatekeela, erran nahiko lukeelako inork ez diola trabarik jarriko hurrengo belaunaldiak euskaraz jabetzeko prozesuari, ezta euskal herritar etorri berriak euskaraz jabetzeko prozesuari ere. «Are gehiago, konpromiso zibiko bat egongo litzateke, norberak ezin badu ondorengoek euskaraz jabetzeko baldintza bete dezaten. Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioak esan nahi duelako obligazio parte bat ere badagoela. Obligazioak ez dira beti txarrak». Horrek badu bertze aldea: baliabideak eman behar dituzte instituzioek. Korapiloa Azken urtea hizkuntz auziari buruzko ikuspegiak esplizitatzen hasteko unea ere izan da, Idurre Eskisabelen arabera. «Inor ez dago euskararen normalizazioaren kontra. Indar politiko guztiek Korrikan parte hartuko dute: ‘Ze ederra, ze pena galduko balitz...’. Baina hori aletzen hasten garenean topatzen gara arazoekin, bakoitzak zeri esaten dion normalizazioa. Batzuentzat badirudi euskal hiztunok administrazioarekin harremana dugunean, asko borrokatuz, erantzuna euskaraz izatea dela normalizazioa, baina hori baino sakonagoa da». Bere arabera, euskaraz ardazten garenok gure bizitzako edozein atal euskaraz aurrera eraman ahal izatetik, euskaraz bizitzeko aukera izatetik pasatzen da normalizazioa. «Oraindik orain, berdin du Euskal Herriaren zein eremutan, arnasgunerik arnasguneenean ere, iristen da beti une bat zeinetan %100ean funtzionalitate hori ez den betetzen». «Ezagutzaren unibertsalizazioa obligazio batetik pasatzen da, gaztelaniarekiko ditugun obligazioen pare. Aldiz, beste batzuek ustezko askatasun eremu batean eta aukera librean uzten dute. Bi ikuspegi horien talkan dago korapiloa. Gatazkak askatzeko lehen urratsa identifikatzea da», gehitu du Eskisabelek. EAEko Hezkuntza Legea adibide bat da. Hainbeste hamarkadaren ondoren legea berritzeko aukera zabaldu zenean, buru-belarri heldu zion Kontseiluak, hezkuntza sistema tresna garrantzitsu bat izan zedin euskararen normalizaziorako. Lanketa luzea egin dute pedagogian adituekin, irakasleekin eta hezkuntza komunitateko eragile nagusiekin, eta proposamen zehatz bat ere adostu dute denen artean hizkuntzaren ikuspegitik lege horrek jaso beharko lukeenaren inguruan. Euskarazko ikasteredua Planteamendu hori euskarazko ikasteredua orokortzetik pasatzen da; euskara da ardatza, baina ez dio uko egiten beste hizkuntzak egoteari, noski, tokian toki errealitate eta baldintza soziolinguistikoetara egokituta, beti gutxien duenari gehiago emanez. «Horrekin aritu gara ia bukaeraraino, baina azken unean noranzko hori hartu ordez justu kontrakoa hartu du lege proiektuak, eta ekarri du azken erredakzioan ez bakarrik Kontseiluaren planteamenduan baizik eta eskoletako errealitatean jada gaindituta dauden hizkuntz ereduak berriz legean esplizituki jasoak egongo direla». PSEk eman duen azalpenak lehengo korapilora eramaten gaitu: «Gurasoen erabakitze eskubidea aipatzen dute. Euskaraz ez jabetzeko eskubidea. Hori matematiken edo zientzien arloan pentsaezina litzateke. Baina curriculum akademikoaz harago, konpromiso zibikoa dago, herri honen komunitate zabal bati bizkar ematen jarriko genituzke belaunaldi berriak ere». EAEko Hezkuntza Legea, hortaz, aukera galdu bat izanen da Kontseiluarentzat. «Ez bakarrik azken momentuko zuzenketa horregatik, aurretik ere bagenituen hainbat lausotasun atzemanak, ekainean 33 zuzenketa aurkeztu genizkion legeari, eta ez ditugu jasota ikusi. EAJk geroko garapen dekretuetan jartzen du begia eta itxaropena, baina, aldi berean, PSEk oso garbi dio zertarako egin dituen zuzenketak, zein noranzkotan eraman nahi izan duen lege hau eta non kokatu duen bere oldarraldia». «Sería un gran avance que un amplio ámbito político asumiera esta base de la universalización del conocimiento y se vistiera de contenido político, ya que habría un compromiso cívico en euskera»