30 DIC. 2023 HEZKUNTZA LEGEA EAJk eta PSEk euren neurriko Hezkuntza Legea onartu dute: mugatua eta herri-anbiziorik gabea Hiru urtetan egindako lana, isila, serioa eta konfiantzan oinarritua, egun batetik bestera hankaz gora jarri eta Hezkuntza Legea bere gobernuaren beharretara eta gobernukideen neurrira murriztu du lehendakariak. Horiek hala, hezkuntza komunitateak eskatzen zuen Legea hezkuntzarekin inolako harremanik ez duten faktoreek erabaki dute azkenean. Iñigo Urkullu eta Jokin Bildarratz elkarri eskua ematen, EHUko errektore Eva Ferreira aurrean dutela. (Aritz LOIOLA | FOKU) Iker Bizkarguenaga Ze pena, ze tristura, ze atsekabea, ze desilusioa, ze haserrea. Sentitzen dut. Asko. Sinets iezadazu. Ulertezina zait». Honako hitz hauek EAJko ordezkari batek EH Bilduko Ikoitz Arreseri bidali zizkion whatsapp bidez, parlamentari abertzaleak azaroaren bukaera aldean Hezkuntza Batzordean adierazi zuenez. Ordurako jakina zen hiru urtez egosten ibilitako Hezkuntza Lege berriak ez zuela ia inor asebeteko eta ez ziela herri honen beharrei erantzungo. Ez behintzat egin zezakeen modurik egokienean. Egia esan, legearen eztabaida prozesuan murgilduta ibili diren eragileen artean atsekabea nagusi izan da urtearen azken hiruhilekoan, kameren zein mikrofonoen aurrean esan beharrekoez harago, denek dakitelako porrot baten gauzatzea izan zela abenduaren 21eko Osoko Bilkura. Izan ere, zaila da lege berri bat egiteko honako hau baino abiapuntu hoberik izatea, eta zaila, oso, hasierako testuinguru apropos horren kudeaketa kaskarragorik egitea. 2022ko apirilean, Parlamentuko ordezkarien %91ren babesa jaso zuen legea marrazteko mihisea izan behar zuen Hezkuntza Akordioak. Gauza historikoa izan zen. Ordurako, gainera, hezkuntza-sektoreko eragileekin harreman jariakorra zuten bai Exekutiboak bai Ganberako alderdiek, eta zenbait hamarkadetarako baliagarria izango zen lege berria erdiesteko aukera parez pare irekita zegoela ematen zuen. Usteak, erdi ustel. Azkenean, EAJren eta PSEren babesa bakarrik jaso zuen legeak. Eta jeltzaleena, nola halakoa, Arresek jasotako mezu horrek eta Hezkuntza Saileko zenbait ordezkarik egindako adierazpenek agerian uzten dutenez. Ezinbestean irentsi beharreko botika garratza izan da alderdi horretako kide askorentzat legea dagoen moduan onartzea, batez ere urte hauetan eztabaidaren muinean aritu direnentzat. Legeak, edonola ere, aski boto jaso zituen Parlamentuaren galbahea pasatzeko, baina babes eskasa, aurrean duen erronkari heltzeko. Ereduak eta finantzazioa Hezkuntza komunitatetik Lege berriari eskatzen zitzaiona honako hau zen: segregazioa eta diglosia bezalako egiturazko arazoei aurre egitea; Euskal Herria aintzat hartzen duen Euskal Curriculuma egiturazko bilakatzea eta hezkuntza eredu berri baterako trantsizioa abian jartzea, ituntze unibertsalari mugak jarriz eta sare publiko bakar deszentralizaturako bidea irekiz; jauzia ematea euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduetatik euskaldunduko duen murgiltze eredura; eta saltoa ematea, baita ere, bi saretan oinarritutako hezkuntza sistema dualetik sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizatu berrira, eskola publikoa erdigunean jarriko duena. Onartutako dokumentua, ordea, ez da helburu horiek gauzatzeko tresna izango. Ez da tresna egokia dokumentua ondu zutenek beste helburu batzuk zituztelako, hezkuntzarekin baino botere-jokoarekin harremana zutenak. Dena den, testuari berari begiratuta, haustura eragin duten bi elementu nagusi aipa daitezke: hizkuntza ereduak eta ikastetxeen finantzazioa. Gai honi dagokionean, Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren parte diren eskolek, eta, beraz, finantzaketa publikoa jasoko dutenek, bete beharreko baldintzak lausotzea adostu dute EAJk eta PSEk, kontzertazio unibertsalari atea irekiz. Itunpeko ikastetxeek eskubideak bai, baina obligaziorik ez dute izango; alegia, legeak ez du neurririk jasotzen Euskal Hezkuntza Zerbitzuko parte izateko baldintzak betetzen ez dituzten kasuetarako. Bestetik, hizkuntza ereduak mantentzearen alde azken unean sartutako zuzenketa, PSEk hala eskatuta, atzerapauso nabarmena da euskalduntze prozesuan, eta hala salatu dute euskalgintzako talde eta antolakundeek -Kontseilua buru-, hezkuntza arloko gehiengo sindikalak eta sektoreko eragileek. Hezkuntza Legeari buruzko eztabaida hasi zenean, inork gutxik espero zuen halakorik, gauza jakina baita egungo ereduen sistemak ez duela ikasleen euskalduntzea bermatzea lortu, zer esanik ez A eta B ereduetan matrikulatutako ikasleak. LAB-ek Hezkuntza Legearen aurka egindako elkarretaratzea (Jagoba MANTEROLA / FOKU) Legearen aurreproiektuari egindako ekarpenetan, “Euskaraz hezi, berdintasunean hazi” adierazpena sinatu zuten eragileek euskarazko «eredu orokor eta inklusiboa» eskatu zuten, eta izen batekin edo bestearekin legea euskara ardatz izango zuen eredu baterantz joango zela ematen zuen, betiere ikastetxe bakoitzaren hizkuntza proiektua hobetsiz. Horren ordez, PSEk ordezkatu nahi izan dituen sektore euskarafoboei men egin zaie, gurasoek ikas-hizkuntza aukeratzeko eskubidea dutela argudiatuta eta legeak berak ezarritako helburuak, B2 maila eskuratzea, bigarren edo hirugarren maila batean jarrita. Hezkuntzaz kanpoko erabakia Oztopo nagusia, dena den, jarrerari lotutakoa izan da. Giro mikatzarekin sartu ginen udazkenean, aurreko hilabete/urteetan bizitakoarekin antzik ez zuen. Ikasturtea hasterako, haizearen norabidea aldatu zela ikusi zen, eta lehendakariak gauzak argi samar utzi zituen legea onartzeko EAJren eta PSEren botoak nahiko eta sobera zirela esan zuenean. Errespetu falta handia ia hiru urtez mintzakide izandakoekiko, eta zehazki prozesua hasi zenetik Hezkuntza Sailarekin harreman estua izan duen EH Bildurekiko. Aurrekaria hau izanda, urriaren hasieran, zuzenketak aurkezteko epea bukatzear zela, Lakuako Gobernuko bi kideek elkarrekin beraienak aurkeztu zituztenean, hurrengo asteetan gertatuko zena iragarri zuten. Eta oso adierazgarria izan zen, alde horretatik, hizkuntza ereduen zuzenketari buruz hasieran bi interpretazio kontrajarri egin zituztela PSEko parlamentariek eta Hezkuntza Saileko ordezkariek, Jokin Bildarratz sailburua barne, eta azkenean gailendu zen irakurketa Eneko Anduezaren alderdiarena izan zela. Anduezak berak Bildarratzi trufa egin zion, zuzenketa horren xedea gaizki ulertu zuela esan zuenean -hots, Hezkuntza sailburuak ez omen zekiela Hezkuntza Legearen edukia-, eta Iñigo Urkullu, bere sailburua eta alderdikidea babestu ordez, PSEren idazkari nagusiarekin lerratu zen, zalantza izpirik gabe. Hurrengo asteetan, egun horietan esandakoaren gainean ziaboga egin eta desadostasunaren errua EH Bilduri egozteko egin zituen saiakerak ezer konpondu ez, eta Bildarratzen irudiari kalte baino ez zion egin. Berak ondo daki zer gertatu den eta norena den ardura. Horiek hala, hezkuntza komunitateak eskatzen zuen Legea hezkuntzarekin inolako harremanik ez duten faktoreek erabaki dute azkenean; lehendakariaren botere goseak PSE bere ondoan eta pozik behar zuen, beste ezer baino gehiago. Paradoxikoki, Urkulluk ez du botere gose hori kenduko, bere alderdiak hauteskundeen bezperan ostikoa eman diolako. Eta litekeena da horren ondorioz Hezkuntza Legean parte hartu duen alderdikideren batek irribarre egitea, mendeku gisa. Baina hori ez da kontsolamendua beste lege bat behar eta merezi zuen hezkuntza komunitatearentzat eta hezkuntza sistemari eusteko egunero lanean dabiltzanentzat. Ikasturtea hasterako, haizearen norabidea aldatu zela ikusi zen. Lehendakariak gauzak argi samar utzi zituen legea onartzeko EAJren eta PSEren botoak nahikoa zirela esan zuenean Hezkuntzarekin inolako harremanik ez duten faktoreek erabaki dute azkenean legea; PSE ondoan eta pozik behar zuen lehendakariaren botere goseak, beste ezer baino gehiago