GAUR8 - mila leiho zabalik
{ KOADERNOA }

Erasoa itsaso eta poltsikotik


Laster batean esango digute zenbait produkturen prezioak are eta gehiago garestituko direla, Itsaso Gorritik barrena pasatu ezinean hornidura faltan daudelako. Eta saiatuko dira mendebaldeko herritarrok Yemen eta inguruko gobernu eta taldeek, Palestinarekin elkartasuna adierazteko, Israelekin zerikusia duten ontziei egindako erasoak terroristatzat har ditzagun.

Beti bezala, ilargia seinalatzerakoan atzamarrari bakarrik so egitea izango da helburua, testuingurua ulertarazteko saiakerarik egin gabe. Izan ere, gertaera isolatuak, eta horregatik, salagarriak, sinetsarazten saiatuko dira.

Nola, bestela, askotariko irudi gordinak ikusten ditugun garai hauetan Palestinan gauzatzen dabiltzan genozidioa bere horretan ikusi, onartu eta egiten utzi? Lehen erakusten zigutena bakarrik ikusi ahal genuelako egoten ginen geldi. Orain, baina, hain nabaria eta basatia da egiten ari direna, non ezinezkoa den estaltzea. Eta, hala ere, gobernuek ez dute txintik esaten.

Halako agintariek Ukrainako gerrarekiko bultzatu zuten elkartasun uholde hori ezerezean dago orain, hain zuzen ere, bandoa beste bat delako. Eta kasu horretan hain propaganda itzela egin badute ere, dagoeneko ia inori ez zaio inporta Zelensky eroak gidatutako herrialdearen oraina eta etorkizuna.

Zorionez -ezer zoriontzeko bada-, Palestina hamarkada luzeetan bizitzen ari den sufrikario latzaz ia guztiok ohartu gara, gordinkeria gehiagora joan baita muga guztiak gaindituz; eta mendebaldeko jende asko hasi da iratzartzen eta mobilizatzen. Horren hurbileko adibide bi: duela egun gutxi ezer politikoa inoiz jantzi ez duen ezagun bat Israelen kontrako pin-a jantzita konbikzio osoz ikusi izana; edo Alemanian -bai, gainera Alemanian!- aspaldi bizi den musika preskiptore batek sareetan zabaldutakoa: «Ez dut inoiz bizitzan inongo banderarik jartzeko burutaziorik izan, baina tematuta nago Palestinakoa balkoian jartzeko».

Eta uste dut hori dela jende askok bizi duen pentsamolde aldaketa Palestinarekin eta geoestrategia deritzoten beste gauza askorekin. Hain nabaria da AEBek luzaroan gidatutako adarjotze, engainua eta sarraskia! Askotan esan ohi da piztia batek azken uneetan ematen dituela kolpe handienak. Halako zerbait gertatu ahal da AEBekin, jakinik luzaroan izan duen hegemonia galduz doala. Horren adibide argia da, esaterako, Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak martxan jarritako BRICS, hazten dabiltzan herrialdeen ekonomia batura.

Bada, Palestinan gertatzen ari den sarraskia behingoz gelditzeko modu bakarra da Israeli boikot aktiboa egitea. Atzera egin dezan, modu bakarra da. Hain zuzen ere, estatu horren ekonomia sostengatzen duten markak ez erostea. Carrefour da Israelgo kapitala duen merkataritza-guneetako bat, gurean ere badagoena; eta, oro har, Israelgo estatua babesten duten nazioarteko markatako batzuk hauek dira: Coca-Cola, McDonald’s, Kit Kat, Timberland, Garnier laborategiak, Sanex, Revlon, IBM, Nestle, Starbucks, Danone, Hugo Boss, Pepsi, Schweppes, Tommy Hilfiger, Calvin Klein, L’Oreal, Eden ura, Epilady depilatzekoak…

Duela gutxi arte Israelgo enpresek saldutako produktuen barra kodea 729 zen, baina orain gutxi beste bat jarri dute boikota saihesteko asmoz -honek benetako mina egiten dienaren seinale-: 871. Era berean, ‘No thanks’ izeneko aplikazioa sortu berri da, edozein produktu eskaneatuta Israelekin loturarik duen edo ez ohartarazten duena. •