06 ENE. 2024 IKUSMIRA Miraria lurreratze-pistaren infernuan (JIJI PRESS | AFP) Mikel Zubimendi Kataklismoek eta zorigaitzek usu bisitatzen dute Japonia. Naturaren indarrek latz kolpatu izan dute: lurrikarek, luiziek, tsunamiek... Baita gizakiak sortutako indar suntsitzaileenek ere: leherketa atomikoak Hiroshiman eta Nagasakin, Fukushimakoa bezala eztanda egiten duten zentral nuklearrak... Urteberrian, baina, miraria gertatu da Hanedako aireportuan. 379 pertsona zeramatzan Boeing hegazkinak lurreratzean talka egin zuen enegarren lurrikararen biktimei laguntzeko aireratzera zioan kostazainen hegazkin txikiarekin. Hegazkinaren gasak eta erregaia barreiatuta, suzko infernua sortu zen, munduratu diren irudi beldurgarriek erakutsi bezala. Baina tripulazioaren profesionaltasunak, edo agian Jainkoen eskuak, larrialdiko atetik salto egiteko denbora eman zien, denak salbatuz. Abiazioaren adituak zeharo harrituta daude txiriparekin, mirarien existentzian ia sinestun konbertitzear. Aspaldi esan zuen Matsuo Basho japoniar poeta handiak, XVII. mendeko haikuan: «Bizitzaren gorabeherak / tristeak, azkenean bihurtzeko / banbu kimu».