06 ENE. 2024 Nolatan ez dituzte erakundeek euskarazko lehen grabazioak gorde eta plazaratu? Euskarazko lehendabiziko grabazioak 1900. urtekoak dira, Parisen egin ziren. Espioitza eta geopolitikarekin lotutako istorioak dituzte gibelean, inork gutxik dakizkienak. Xabier Erkiziak kontatu dizkigu, baita aditu ezin diren grabazio horiek paratu ere. Entzun nahi? Xabier Erkiziak «Zaratak ez du izenik» erakusketaren itxiera baliatu zuen, Euskararen Egunean euskarazko lehen grabazioak zabaltzeko. (Asier GOGORTZA) Maider Iantzi Izena jasotzen duenean, hots orok zarata izateari uzten diola irakurri zion Michel Serres pentsalariari. Hortik hartu zuen Xabier Erkiziak “Zaratak ez du izenik” bere erakusketarako izenburua. Ekitaldiaren bukaera baliatu du artistak duela 123 urteko lehen euskarazko grabazioak plazaratzeko, erakunde publiko batek ere gorde eta argitaratu ez dituenak. Belarrientzako zine bat muntatu du Berako Labiaga Ikastolan, azken 20 urteetan egindako hainbat entzunaldirekin. Zaratez betetako bizi puskak dira. Gure ahanztura zenbait seinalatzeko saiakerak. Nor garen eta nondik aditzen dugun ulertzeko erak. Aldarrikatzen duenez, aditzeko beharrak irauten du, oraindik «belarriberak» gara. Timorreko erranera zahar batek dioen bezala, «gizakiok, bizirik gaudenean, historia egiten dugu, baina hiltzerakoan lurrak belarriak tapatzen dizkigu». Zarata, entzuteko aukera gisa hartzen du Erkiziak eta euskarazko aurreneko grabazioak aditzean ere hori iristen zaio berari: zarata. Hilabete batzuez egon da Beran ikertzailearen “atzeraditzekoa”, eta justu Euskararen Egunean itxi du, abenduaren 3an. Jende aunitz bildu da ikastolako areto nagusian, tartean guraso eta haurrak. Fonografo batekin agertu da lesakarra, euskarazko lehen grabazioak egin zirenean, 1900. urtean, nola grabatzen zen erakusteko. Biraderarekin funtzionatzen zuen, eta zilindroa argizariarekin egiten zen. Garbitu gabeko zarata bat dute, komunikatzaileari interesatzen zaiona. Non daude? Soinua ez da objektu bat, hori du berezia. Baina gai da barnean sartu eta ez ateratzeko, zauri bat bezala. Egun osoan bueltaka izaten ditugun kantuekin gertatzen zaigu, adibidez. Non daude euskarazko lehen grabazioak? «Nik grabazio hauen inguruko ikerketa egin nuenean DonostiakoKoldo Mitxelena Kulturunean kopia bat utzi nuen, baina ez soilik 1900. urteko grabazioenak, topatu nituen guztienak baizik: 1900, 1914, 1952... Halere, Euskal Herrian ez dira behin ere argitaratu. Beraz, gaur adituko duguna guztiz pirata da», abisatu du Erkiziak. Oroitu duenez, 1900. urtean mundua obsesionaturik zegoen bertze herriak ezagutzearekin. Lehenengo kamerak eta filmak sortu ziren. Léon Azoulay Parisko Antropologia elkarteko kideak zarataren aldeko testu bat idatzi zuen, aldarrikatuz mundua ezagutzeko zarata falta zela. Munduko soinuen museoa sortzen saiatu zen, eta bertze hizkuntzen artean euskarazko hotsak ere grabatu zituen, Parisen. XX. mende hasierako fonografo bat (GETTY) Azoulay nor den ez daki oraindik soinu artistak. Badaki gaztelaniazko lehen grabazioa baino zaharragoa dela euskarazkoa. Orain jarriko ditu Erkiziak, a ze emozioa! Irrintzi bat da euskarazko lehen grabazioa. Ez da irrintzirik onena, egia erran. Kantu batzuk ere badira, “Donostiako hiru damatxo” eta “Zezenak dira”. «Grabazioen bila gatoz» Orokorrean, 1914ean egin ziren Euskal Herrian sekula egindako lehenbiziko grabaketak, Erkiziak dakiela, edo entzun duela behintzat. Lehen Mundu Gerraren bezperatan, lehen mundutik etorri ziren soinuak grabatzera. Istorio bitxi bat kontatu du artistak, bene-benetakoa baina ezezaguna. 1999an itzuli ziren 1914ko soinu horiek Euskal Herrira. Austriako enbaxadoreak grabazioen kopia bat eman zion Jaurlaritzari eta prentsa oharra ere idatzi zuen ardura hori zuen Inaxio Lopez de Aranak, austriarren testua itzuliz. Bertan agertzen zen bazekitela grabazio zaharragoak ere bazirela, 1900ekoak. Lopez de Aranak, jakin-mina zuenez, gutunak asmatu zituen gobernuaren izenean, eta trajea eta maletatxoa hartuta Parisera joan zen. «Grabazioen bila gatoz», erran zuen irmo, eta kasete batean kopia bat eman zioten. «Aditu zuen eta saiatu zen erakunde publiko bati ematen. Eusko Ikaskuntzak erosi zion, baina beldurrez: ez erran inori. CD-ROM gisa aurkeztu zuten, baina etorri bezala galdu zen, gutxi iraun zuen CD-ROMak. Durangoko Azokan ale batzuk jarri zituzten, baina garrantzia kenduz bezala. Sobera inportanteak ziren ez erakusteko. Sobera inportanteak ziren erakusteko». «Inaxiori esker, euskarazko lehen grabazioak aditzen ahal ditugu orain alegalki». Xabier Erkizia, azalpenak ematen (Asier GOGORTZA) Lehen Mundu Gerran desagertu egin ziren 1914ko grabazioak, eta gerra bukatzean Viena eta Berlinen artean banatuta agertu ziren. «Badakigu existitzen direla alemanek galdetu zutelako “baina zer demontre da hau?”. Gaur egun, kontsulta daitezke, baina ez kopia lortu». 1916 eta 1917 artean bi antropologok eta musikologo batek grabatu zituzten euskarazko hotsak, arraza garbi baten froga gisa-edo, gerran preso gelditu zirenen, nagusiki Ipar Euskal Herriko soldaduen, ahotsak jasoz. «Interneten daude, baina pribatuan». Negozioa hasi da Hala bukatu zen lehen grabazioen aroa, eta gramofonoa eta diskoetxeak sortu ziren 1920ko hamarkadan. «Negozio bat zegoela konturatu ziren, jendeak musika aditu nahi zuen dantzatzeko. Orduan, bertze makina bat sortu zuten aditzeko bakarrik, gramofonoa eta honekin batera, guk ezagutzen dugun diskoa. Eta musika eta bertsolariak grabatzen hasi ziren. Kalitatea aldatu zen, jada ez zuten makurtuta egiten fonografoarekin bezala. Donostiako Antiguan egon zen Euskal Herriko lehenbiziko disko fabrika, Columbia etxearena. Itxi zuten eta ez da halako bertzerik egon gurean». Saltzeko helburua zuten eta erakargarri egin nahi zuten. Ordura arte dokumentatzea zen xedea. Horregatik, «mapekin gertatzen den bezala, interesgarriena aditzen ez dena da, grabatu ez zena». Komunista bat, CIA atzetik duela 1951n, Alan Lomax amerikarrak bidaia hasi zuen Europan barrena soinuak grabatzeko, eta 1952an Euskal Herrira etorri zen. Lomax komunista zen eta atzetik zuen CIA. Hortaz, erdi gordeka eta ihesean grabatu zituen hots guztiak. «Lomax hil zenean bi disko atera zituzten. Inportazioz ekar daitezke. Ez da kasualitatea denak testuinguruan jarri eta plazaratu izana, Euskal Herrikoak eta Kataluniakoak izan ezik. 1900. urtetik hasita etengabe arazoak izan dira euskarazko grabazioak aditzeko», dio. Ezin du ulertu «nolatan ez duten hartu erakunde publikoek ardurarik, ez bakarrik grabazioak gordetzeko, baizik eta plazaratzeko. Zarata hauetako bakoitzaren gibelean bada istorio bat, eta ez da alferrekoa». Zarata, bertzeena beti Zarata, bertzeena da beti. Motor hotsa zarata da, baina zu bazoaz motorrean? Soinua grabatzea zarata ikertzea da lesakarrarentzat, bertzearen tokian jartzea. «Musikariak soinu berriak sortu eta ematen dizkio jendeari. Zarataren kasuan, bertzea aditu behar da. Erronka handiena belarriko mintz fin hori da, zu eta bertzeak banatzen ditu». Zergatik ez du inork ahaleginik egin euskarazko grabazio zaharrak zabaltzeko? «Ez direlako politak». Ikusi nahi duguna begiratzen hasten bagara, aditzeari uzten diogu. Zarata deitzen diogun historia puska hori alde batera uzten dugu, nahiz eta gurea izan. «Aditzen dugun musikaren %90 nahi gabe aditzen dugu, eta horrek badu ondorio bat: nola dakit kanta hau? Nahi gabe eramaten gaitu musika mota bat edo grabatzeko modu bat gustatzera. Eta zaraten espazio arraro hori zaila da kokatzen. Bukaerarik ez duen ikerketa bat da», egin du gogoeta. Idi gurdia, zauririk handiena Xabier Erkiziari zauririk handiena eragin dion soinua idi gurdiarena da, nahiz eta ez zuen aditua ere. Hamar urtez ibili da hots horren gibeletik, eta Brasilgo Trinidadera iritsi zen. Bertan 600 gurdi iristen dira erromerian, urtero, jaialdi batean, harro gainera. Asfaltoa altxatu egiten denez, urtero herri guztia asfaltatzen dute. Idi-gurdia, gerrako biktimen tresnekin, Eibar ebakuatzera behartuta. (MARIN FUNTSA / KUTXA FOTOTEKA) Asfaltoa harrotzen zuelako eta zarata handia sortzen zuelako debekatu egin zituzten idi gurdiak Bilbon, 1834an. 50 urte geroago, egunkari batean azaltzen da baserritar bat Udalera joan zela erranez isuna ordaindu nahi zuela eginen zuen zaratagatik. Hala lortu zuen, erromantiko eta aldarrikatzaile, hirian barrena gurdiarekin paseatzea. Ikertzaileak azaldu duenez, gutxienez 5.000 urte ditu idi gurdiak eta, ondorioz, harek eragiten duen zaratak. Historiako soinu mekanikorik zaharrena da oraindik bizirik dagoena. «Baserritarrentzat idi gurdia zen beren soinua. Afinatzen zituzten eta bata bertzearekin lehian ibiltzen ziren nork soinu ederragoa eta indartsuagoa egin. Musika bat bazen Pitagorasen aitzinekoa. Bertze antolaketa sozial bat ere irakur daiteke orain dela gutti arte gure mendialdean aditu izan den soinu horretan». 2024ko egutegi bat egin du artistak idi gurdien soinuaren bila bizitako abenturekin, baina kilometro asko egin arren, bere galderak erantzunik gabe jarraitzen du: nolatan ez dituzte erakundeek euskarazko lehen grabazioak gorde eta plazaratu? Non daude euskarazko lehen grabazioak? «Nik grabazio hauen inguruko ikerketa egin nuenean Koldo Mitxelena Kulturunean kopia bat utzi nuen. Baina Euskal Herrian ez dira behin ere argitaratu. Gaur adituko duguna guztiz pirata da», abisatu du Erkiziak hitzaldiaren hasieran Orokorrean, 1914ean egin ziren Euskal Herrian sekula egindako lehenbiziko grabaketak. Lehen Mundu Gerraren bezperatan, lehen mundutik etorri ziren soinuak grabatzera.