06 ENE. 2024 «Wazemank»-eko toma faltsuak Asier AIESTARAN Gabon egun hauetan beste urteko garai batzuetan baino aukera gehiago izan dugu etxean familia osoa sofan eseri eta telebista elkarrekin ikusteko, egun motzek eta eguraldiak horretara bultzatuta. Eta horrelaxe konturatu naiz ETBk euskararen bultzadarako horren garrantzitsua den egoera horri zer erantzun eskasa eskaintzen dion. Familian euskaraz barre pixka bat egitea, ez dugu askoz gehiago eskatzen. Marrazki bizidunak euskaraz 24 orduz ditugu etengabe ETB3n, eta errepikapenak ere etengabe emititzen diren arren, egia da hori pentsaezina zela gu haurrak ginen garaian. Baina seme zaharrena zazpi urtera bidean doala kontuan izanda, marrazkien mundutik apur bat irten nahi dugunean hasten dira benetako komeriak. Bai, ikusten dugu “Go!azen” ostiraletan eta ez daukagu saltzeko, baina hori 10 egun dira urteak dituen 365 egunetatik. Eta “Irabazi arte”-rekin ere pozik luzatzen dugu ostiral gauetako plana. Baina hortik aurrera hankamotz geratzen gara, hori da nire irudipena. ETBren azken berrikuntza “Primeran” streaming plataforma da, baina sentsazioa daukat euskal telebista publikoa Netflix izatera jolasten ari dela, kontuan izan gabe “euskal” eta “publikoa” kontzeptuak ezin direla urrunago egon Netflixek eta enparauek sustatzen duten komunikazio eredutik. Bien bitartean, eta Mihiluzeren haurrentzako saio bereziak hasteko zain gauden bitartean, “Wazemank”-en atal zaharrak jarri ditugu YouTuben. Barre pixka bat egin dugu behintzat toma faltsuei begira. Ez da gutxi! •