GAUR8 - mila leiho zabalik

Euskal artistak «El pez» galerian

(Arturo DELGADO | KUTXATEKA)

”El Pez” galeria Serrano Anguita kaleko 3. zenbakian zegoen, Donostiako Antigua auzoan. Bere bizitza laburrean, 1970etik 1974ra, Fernando Altube Barandiaranen zuzendaritzapean egon zen. Galeria honetan, garai hartako euskal artista garrantzitsuenetako batzuen lanak erakutsi ziren: Carlos Sanz, Jose Luis Zumeta, Santos Iñurrieta, Chillida anaiak (Eduardo eta Gonzalo) eta Amable Ariasenak, besteak beste. Duela 50 urte, 1974an, Jose Luis Zumetaren erakusketa antolatu zuen galeria honek. Inaugurazio eguneko argazkian ezkerretik lehenengo pertsona ezin izan dugu identifikatu, baina besteak hauek dira: Arturo Delgado argazkilaria, bere puru bereizgarria eskuan duela; Antton Elizegi, hau ere argazkilaria; Eduardo Chillida, bere jaiotzaren mendeurrena betetzen den honetan; Asentxio Ondarzabal promotorea, urte haietan artista eta idazle askori lagundu zien euskaltzalea eta Tolosako Laskorain Ikastolaren eta Erein argitaletxearen sortzaileetako bat ere izan zena; Luis Chillida, Eduardoren semea eta Chillida-Pilar Belzunce Fundazioaren egungo zuzendaria; eta, taldea ixten, Jose Luis Zumeta margolaria. Kasu honetan, beste batzuetan bezala, Arturo Delgadok argazkian egon nahi izan zuen, eta mahai bat erabili zuen bere kamera tenporizadorearekin jarri eta irudian agertu ahal izateko.